Dokumentuaren akzioak
Ibartar, jalgi hadi dantzara
Alurr taldea dantzan hasteko prest da urritik aurrera berriro
Ibarrako Alurr Dantza taldea lanean hasiko da berriro. Urritik aurrera izango dira dantza eskolak, eta, iaz dantza ikasten aritu zirenek ez ezik, ikasle berriek ere aukera dute bertan izena emateko. Kultur etxean egin behar da matrikula, hilaren 25a aurretik.
Alurr Dantza Taldekoek eskolen ordutegiak zehaztuta dituzte dagoeneko. Adinen arabera sailkatu dituzte, baina, norbaitek «arazoak» izatekotan
moldaketak egin litezkeela zehaztu dute. Hala, matrikulazioaren ondoren egingo diren bileretan zehaztuko da «ordutegi horiek mantendu behar diren, edo aldaketarik behar duten». Hilaren 26an bilera egingo dute Alurr Dantza Taldeko lokalean, eta dantza eskoletan izena eman duten
haurren gurasoei bertan zehaztuko zaie haur bakoitzaren ordutegia.
Haurrentzako makina bat talde egin dituzte, eta helduetan bi talde
izango dira: batzuk iaz hasi ziren dantzan, eta horiek oporraldi
aurretik utzitako maila berari helduko diote, baina ikasle berriak, ostera, hutsetik hasiko dira lanean.
Gazteei «berrikuntzak eskaini behar» zaizkiela eta, Edu
Muruamendiarazen laguntza izango dute ibartarrek. Iaz aritu zen
dantzari bergararra Ibarrako gazteei eskolak ematen, eta, aurten, bi talde izango ditu Muruamendiarazek baten lekuan. Alurr dantza taldeko kideek diote iazko taldean pertsona berberek jarraituko dutela, eta beste taldea, eskualdeko dantzariekin pentsatuta sortu nahi izan
dutela. Hamahiru urtetik aurrerakoek izango dute aukera talde berrian izena emateko.
Mutilen beharra
Gizonezko dantzariak urriak direla, eta, ildo horretatik, «mutilen beharra» dagoela azaldu dute Alurr Dantza Taldekoek. Ulerkaitza zaie, gainera, euskal dantza gehienak «mutilenak» izan, eta neskengana moldatu behar izatea: «Garai batean gizonezkoak ziren plazan dantzan aritzen zirenak, eta, egun, dantzari izateaz lotsatu egiten direla
dirudi ».
Euskal folklorea bultzatzearen ardura «gurasoek eta eskolek» hartu beharko luketela irizten diote dantza taldekoek. Eta euskal dantzak bultzatzearen «beharra» azpimarratu dute, gainera: «Futbola eta
horrelakoak bultzatzen diren moduan». Horren harira, «bereziki» mutilak gonbidatu nahi dituzte Alurr taldekoek dantza eskoletan izena ematera: «Dantzaldi bat ikusterako garaian, aniztasunak ederragoa» egiten duelako ikuskizuna.
Alurr Dantza Taldeak aurreko urteetako helburu berak izango ditu aurten ere: betiko euskal dantzak oinarri hartuta, ikusleei saio bereziak eskaintzea. Euren dantzak zabaldu nahi dituzte, bailarako eta kanpoko
herrietara. Emanaldi askoren ordez «gutxi batzuk» eskainiko dituztela iragarri dute; bestela, «aspergarri» gerta daitezkeelako. Ikuskizun
garrantzitsuetarako prestatuko dituzte dantzak eta koreografiak, eta urte osoan lanean ariko dira buru-belarri; jendaurrera, fin
taularatzeko.
emanaldiak
Emanaldi, gutxi, baina arrakastatsu
Alurr Dantza Taldeak ez ditu emanaldi asko eskaini aurten.
Eskainitakoak, ordea, «arrakastatsuak» izan direla esan dute dantza taldeko kideek. Bai eta izan ere; Ibarrako San Bartolome jaietan, abuztuaren 25ean, jende andana bildu baitzen dantza ikuskizunean. Dantzariek erakutsitako «maila bikainaz» harriturik, «honelako ikuskizunak herrian ikusteak poza ematen du» bezalakoak entzuten ziren ibartarren artean.
Dantza taldeko kideak gustura daude herriko jaietako ikuskizunak izan duen oihartzunarekin. Balorazio ona egin dute, herriko eta inguruetako jendeak dantza emanaldia gustuko izan zuelako, eta, batez ere, gazte asko elkartu zirelako bertan. Koreografia gehienak tradizionalak izanik, ukitu berezia eman zioten ikuskizunari: «Jantziek, makilaiak
eta musika doinuek lagundu zuten horretan», diote.
Bestalde, San Bartolome jaietako jaialdian ibartarrek izan zuten
jarrera «eskertzekoa» izan zela diote dantza taldekoek. Batetik,
Ibarrako jostunak dantzari guztien jantziak egin zituelako, eta,
bestetik, herritar askok bustita zegoen taula lehortzen jardun
zutelako.
Alurr Dantza Taldeko kide ohi Eider Ijurkori omenaldia egin nahi izan zioten, halaber, jaialdi hartan (egun, Soto del Real espetxean dago ibartar gaztea). Omenaldi «xumea, baina gogoangarria» izan zen. Ijurkoren dantzari jantziak jarri zituzten taula gainean, eta bertso batzuk kantatu zizkioten gero.
Orain, lanean hasteko garaia dute berriro. Dantza taldeko kideen
esanetan, «hilda edo geldirik zeuden euskal dantzak indartuz doaz azken urteetan», eta «etengabeko berrikuntzek» eragin dute horretan. Berezitasun oro aintzat hartu dute emanaldi guztietan, eta, ezaugarririk txikiena ere handi bihurtu. Eurek diotenez, dantzak bakarrik ez, «aurpegiko espresioak ere oso garrantzitsu baitira ikuskizun batean». Dantzariek jantzi bakarra dute emanaldietarako; bitartekoak gutxi dira, baina dantzarako duten grina, handia.
IKASTAROAK
Nondik norakoak
Alurr Dantza Taldeko ikasle ohiek eta ikasle berriek hilaren 25a
bitarte dute dantza eskoletan izena emateko aukera. Jakin beharrekoak, hauek dira:
ORDUTEGIA.
Hainbat talde egingo dira ikasleen artean, eta talde horiek adinaren
arabera sailkatu dituzte Alurr taldekoek. Astelehenetan, bi eskola emango dira: 7-10 urtekoek 17:00-18:00 izango dute klasea, eta 10-12 urtekoek 18:00-19:30. Asteartetan, 5-6 urtekoek,17:00-18:00; asteazkenetan, 17:00-18:00 zazpi eta hamar urtekoek, 18:00-19:30 10-12 urtekoek eta 20:30-22:00 helduek. Ostegunean, berriz, 17:00-18:00 eskolak izango dira 5-6 urtekoentzat. Azkenik, Edu Muruamendiarazek bi eskola emango ditu ostegunetan: 18:00-19:30 1989. urtetik aurrera jaiotakoei, eta 20:30-22:30 Alurr Dantza Taldeko kideei.
PREZIOA
Senide kopuruaren arabera banatu dituzte ordaindu beharrekoak. Senide bakarra izatekotan, 86 euro ordaindu beharko da; bi senide badira 134 euro eta hiru senide izanez gero, 161 euro. Helduek 90 euro ordaindu beharko dute ikastaroa, eta 1989. urtetik aurrera jaiotakoek, berriz,
135 euro.
MATRIKULAZIOA.
Kultur etxean egin behar da, hilaren 25a arte. Hilaren 26an bilera egingo dute gurasoekin, 20:30ean, lokalean.
Dokumentuaren akzioak