Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hutsalkeriari kantuka

Dokumentuaren akzioak

Hutsalkeriari kantuka

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Kritika
Data
2023/11/29
Lotura
Berria

'VAV'

Konpainia: Daniel Abreu.
Sorkuntza eta zuzendaritza: Daniel Abreu.
Argiak: Alfredo Diaz, Daniel Abreu.

 Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroaren 25a.

Daniel Abreu kanariar koreografo eta dantzariak VAV delako dantza-lana ekarri du Donostiara, eta sarreran hartu dudan esku-programan jakin dut vav letra hebrear alfabetoko dela, eta dena elkarlotuta mantentzea sinbolizatzen duela. Jakitun garenez hebreera eta sionismoa ez direla gauza bera, albo batean utz dezagun, ia ezinezkoa izan arren, Palestinan eta gure begien aurrean gertatzen ari den genozidioa. «Hau punteria!» pentsa dezagun, munstrokeria gertatu baino lehen prestatu zelako emanaldia, hilabeteak eta urteak ere behar izaten baitira ikuskizun handi bat sortzeko.

Normalean, Abreuren fisikotasuna eta araztasun erabatekoa dira haren lan bat ikusteko arrazoi nahikoa, baina kasu honetan bera ez da taula gainean egon, eta bost emakume dantzari arduratu dira mugimenduaz, fintasun handiz arduratu ere. Denak ibili dira berdin jantzita, mauka luzeko kamiseta zuriekin eta kolore bereko praka bakeroekin. Denak oinutsik. Izan ere, oinetan zentratu da gure atentzioa gehienbat, puntetan ibili direlako une oro, hegazti lurtarrak balira bezala, eta erabateko monokromia hori argien kolore aldaketen bidez samurtu da zertxobait.

Musika inguratzailea izan dute lagun, baina beti-beti eta atsedenik gabe, zentzurik gabeko ingelesezko testuekin nahastuta. Soinuok, beren aldiz, uhin hertziarren ohiko interferentzia gogaikarrietan bilduta etorri zaizkigu, balizko abangoardismo antzu baten izenean.

Atzeko pantailan, eta maiztasun kezkagarriz, testu idatzi batzuk agertu dira, zein baino zein zentzugabeagoak eta haiek guztiak ustezko balio filosofikoz blaituak: «Erreala denak axolagabetasuna praktikatzen du», «zuhaitz baten diskrezioa ziurtasun bakarra da»… Eta guztietan onena eta askotan errepikatua: «Ba al hago?». Ni, behintzat, edozein abstrakzio posibletik atera naute, zeren eta, abstrakzioaren eremuan jokatzen baduzu, kontraesankorra da ikuslearen pentsamendua edozein norabidetan bideratu nahi izatea.

Une jakin batean, bularrak agerian eta plater zuri askorekin azaldu dira dantzariak, baina beti mantendu dute izaki neutro, hotz eta urrunen itxura, gizatasunik gabekoak balira bezala. Eta berdin gertatu da praka bakero urdinekin —betiere goiko aldea biluzik— eta bi metroko ohol banarekin jolastu direnean. Laburbilduz: puntetan izandako ibilerak eta giza gorputzaren ohiko esanguratik aldendu nahi izana ditugu alferrikako lan honetatik hobekien gogoratuko ditugun elementuak.

Dokumentuaren akzioak