Dokumentuaren akzioak
«Urteekin ohitu egin naiz huts egiteko ere eskubidea dudala onartzera»
Iñaki Urlezaga, dantzaria
La
Plata hirian jaio zen (Argentina), duela 32 urte, eta hantxe du berak
gidatzen duen konpainiako estudioa ere, Ballet Concierto konpainiakoa. Carmina
obra entseatzen ari dira eta atsedenaldi batean erantzun die galderoi.
Mundu osoan dantza egin izan du, eta harro dago euskal sustraiak
izateaz. Umil mintzo da.
Honezkero ehunka aldiz egingo zizuten galdera hau, baina ezinbestean egin behar dizut: nola eta zergatik hasi zinen dantzan?
Bai, milaka aldiz galdetu izan didate. Eta oraindik ere ez
dakit; agian, ez zidaten galdetuko nik neuk ere ulertu ahal izateko
behar adina alditan.
Hementxe hasi nintzen, amama zenaren etxean, baina egun
eraldatuta dago; lehen dena askoz ere txikiagoa zen. Amamak hazi
ninduen, nire amak etxetik kanpo lan egiten baitzuen. Buenos Airesen
aritzen zen hura, modelo; oso polita zen. Nire aita, berriz, medikua
zen; arratsaldero etortzen zen, ni dantzan ikustera. Dantzan hazi eta
hezi izan naiz betidanik. Oinez ikasi orduko hasi nintzen dantzan,
gutxi gorabehera.
Zure agerraldi guztiak izango ziren garrantzitsuak, hein handiagoan edo txikiagoan. Zein izan zen, baina, lehenbizikoa?
Colon antzokian egindakoa. Nire garaian, ikasleentzako hainbat
jardueratarako baliatu ahal izaten zuten ikastetxeek Colon antzokia;
Colon Balleteko arropa ematen zuten, gainera. Sekulakoa zen arropa hura
jantzi ahal izatea bera.
Hemen zure herrian, La Platan, Iñaki Urlezaga dantzari ospetsu moduan lehenbizikoz aritu zinelarik, zer sentitu zenuen?
Urduri nengoen; izan ere, jendeak aintzakotzat hartzen zaituela
jakinda edo konturatuta ikusleei ikusmina sorrarazi diezula, nolabait,
hiru aldiz handiagoa da erantzukizuna, baldin eta apur bat arduratsua
bazara. Orain lasaixeago nago. Gehiago gozatzen dut guztiaz. Bestela,
beti zeure buruari azterketa egiten arituko bazintzaizkio bezala da;
eta kontua ez da hori ere. Ez nire karreran ez nire bizitzan.
Egindakoaz gozatzen jakin beharra dago. Eta urteen joanarekin ohitu
egin naiz ezagun izatera, neure akatsetara eta huts egiteko ere
eskubidea dudala onartzera.
Nolako ibilbidea izan du zure karrerak, gaur egun zaren horretara iristeko, Iñaki Urlezaga dantzari hori izateraino?
Poliki-poliki joan da dena. Horrexegatik zait dena hain
natural, ezer ez zaidalako gertatu bat-batean, gauetik goizera. Ni ez
naiz ospetsu bihurtu telebistako programa bati esker. Dena
ezari-ezarian lortu dut, gauza bat bestearen atzetik, eta nire
ibilbidean aurrera egin ahala; horri guztiari esker, lasaitasun halako
bat neureganatu dut, ibilian-ibilian egindako bideak emandakoa, eta
horixe da garrantzitsuena. Eskarmentuak ematen du jakinduria, horretan
dago gakoa.
Nolako eragina izan du zure familiak zuren karreran?
Nire familiak zerikusi handia izan du, oso hurbilekoa izan
baitut, eta betidanik babestu izan dute nik egindako guztia. Haiek
emandakoa baino babes handiagorik ez nukeen lortuko beste inon; eta
nire familiarik gabe ez nintzatekeen hain ona izango. Familia dena da
edonoren bizitzan.
Zeintzuk izan ziren zure lanbideko unerik garrantzitsuenak?
Urrezko dominak, antzokietan lorturiko arrakasta handia,
horiexek gertatzen zaizkie deigarri batik bat ikusleei. Nire ustez,
ikusleei zor diedan begirunea da garrantzitsuena, nire lanarekin
koherente jokatzea, eta profesionaltasun osoz aritzea betiere dena
emanda. Beharbada, jendeak ez du hori hainbeste estimatzen, baina
horixe da artisten-tzat politena, horri eutsi ahal izatea.
Hori, ikusleei dagokienez; eta zuri zeuri dagokizunez?
Karrera bat egin ahal izatea izan da garrantzitsuena. Jakitea
arrakasta lortu dudala Marinski antzokian (Kirov izandakoan, San
Petersburgo) eta Bolshoi antzokian (Mosku). Jakitea kritikek ez nautela
lur jota uzten, antzeztokian badudala neure nortasuna, agertokian
zutunik irauteko sendotasuna dudala, eta zer esanik ez neure bizitzan.
Horretan moldatu naiz, eta horri eusteko eta horretaz gozatzeko gauza
izan naiz.
Zer sentitu zenuen Londresko Royal Ballet konpainiara iritsi zinelarik, 18 urterekin?
La Platatik joan nintzen hara, eta zerua eskuekin ukitzea
bezala izan zen. Hurrengo, onena izan zen neurria hartu niola hari
guztiari; hautatu bat nintzela konturatu nintzen, hain konpainia
itzaltsuan egoteko aukera nuelako. Eta dena ezin hobeto atera izan zait
gero, hainbeste urtean halako arrakasta eskuratzea, horixe izan da
funtsezkoena. Arrastoa uztea, nolabait. Eta, arrastoa, ez bakarrik
konpainia hartan, handik joandakoan ere nire karrerak aurrera jarraitu
izan baitu. Horixe izan da garrantzitsuena, batez ere.
Lehen esan duzu orain lasaiago zaudela, karrera egina
duzula eta ez duzula sentitzen eguneroko presioaren zamarik. Nolakoa da
gaur egungo zure bizimodua?
Beste lan bat estreinatzekotan gara, orain arte egindakoetatik guztiz bestelakoa; Carmina izena du, eta koreografo eta guzti izango du. Nik, berriz, Intxaur-hauskailua muntatuko dut hemen, La Platan, abenduan. Txinatik zeharreko bira bat ere antolatzen ari gara; programa misto bat izango da. Patita completo
muntatuko dugu; lan hori berriro ere beren errepertorioan sartu duten
konpainia bakanetakoa gara. Lan eskerga dago egiteko, lan egin eta
koherente jokatu nahi izanez gero; lana sortu egiten da, eta uste dut
horixe dela garrantzitsuena, ez bainaiz bizitza osoan arituko On Kixote dantzatzen.
Azkenaldian koreografo lanetan ere ibilia zara. Zer da Ballet Concierto deritzona?
Kontent nago hasi berri dudan ibilbideaz, koreografo lanaz.
Ballet Concierto taldea dut oraintxe inspirazio iturri erabatekoa.
Hortxe ikusten dut neure burua, hor lan egiten dut, hor ari naiz
zailtzen, eta horrela ari da hazten konpainia ere, txikia izanagatik
bere izena bereganatu baitu, eta begirunea merezi du. Konpainia
arrakastatsua da.
Nolako etorkizuna ikusten diozu zeure buruari?
Ez dakit. Ez naiz geroan bizi batere. Beharbada, sorkuntzan
arituko naiz, horixe baitut gogokoen, baina askotan ahalegin handia
egin behar izaten dut bila nabilena aurkitzeko, neure akatsak edo
taldeko dantzarienak direla bitarteko. Sorkuntzaren kontua ez dago beti
ezkutuan, astean sei egunetan jarduten naiz dantzan, eta, horregatik,
ez dakit nora noan ere.
Dantzari eskasia dugu gaur egun; zeri egotziko zenioke?
Apur bat guztiari, giza baliabideen gabeziak zeregin funtsezkoa
du izar handien prestakuntzan; horrez gain, eta hala uste dut zintzoki,
alde biei dagokie erantzukizuna, irakasleei eta gazteei, elkarrekiko
konpromiso txikia baitute, eta begirune gutxi baitiote elkarri.
Besterik gabe konpontzen dute dena; eta hala gertatzen da dena,
besterik gabe. Nork bere dantzariei eskainitako arduraldia.
Argentinan bizi izanda, gurasoek zergatik jarri zizuten Iñaki izena?
Euskaldunen ondorengoa da nire aita, eta betidanik argi izan
zuen seme bat izaten bazuen Iñaki deituko ziola. Senitartekoak ditugu
Donostian; toki ezin zoragarriagoa da. Ez dugu harreman handirik
haiekin, baina han agerraldiren bat dudan aldiro jakinarazten diet, eta
ni ikustera joaten dira.
Euskal Herriko hainbat hiritan dantzan egindakoa zara, ezta? Nola hartu izan zaituzte hango ikusleek?
Bai, dantza egin izan dut Donostian, Iruñean, bai eta beste
zenbait euskal hiritan ere. Kultura handikoak dira ikusle euskaldunak,
oso jantziak; geografia eta idiosinkrasia dotoreak dituzte han. Oso
abegikorra da jendea, eta nortasun handikoa. Arraza polita da. Ederra.
Identifikatuta sentitu zara?
Bai, baina apur bat bakarrik, argentinar petotzat baitaukat
neure burua. Nire etxean ez diogu eutsi tradizioari, baina gorde ditugu
hainbat ezaugarri: fisonomia, izaera, kasketaldiak, burugogorkeria,
zerbaitetan tematzeko joera.
Euskal Herrian berriro aritzeko asmoa al duzu?
Jakina, beti itzuli ohi naiz. Gai-nera, ezin hobeto ezagutu ahal izan dut herrialdea, eta ederra da oso.
Honezkero, hainbestetan egona zarenez gero, ondo ezagutuko duzu Euskal Herriko errealitatea...
Atsekabetu egiten nau hango egoerak. Nire ustez, ez dago
terrorismoaren beharrik. Gerrarekin inork ez baitu ezer irabazten. Hori
ez da zerbaiten alde borrokatzeko modua. Indarkeriarekin ez dago inora
heltzerik. Zerbaitetarako eman zigun hitza Jainkoak, horretarakoxe
daude erakundeak, existitzen dira parlamentuak, demokrazia. Badira
borrokatzeko modu burutsuagoak. Ezin ulertu dut indarkeria, dena delako
ikuspuntutatik ere.
Ezin okerrago deritzot, berriz, zenbait eskualdetan hizkuntza
debekatzeari. Duela 500 urtera jo izan bagenu bezala da, Inkisizioaren
garaira: indioei debekatu egin zieten hitz egitea orduan, eta besteren
erlijioa ezarri nahi izan zieten, haien tenpluen gainean elizak
eraikita. Nire ustez, ezerk ez du beste ezer estaltzen. Ezin ulertu dut
inor ezertara behartu behar hori. Ezer suntsitzea edo eraistea haren
ordez beste zerbait eraikitzeko. Luzarora ez da errentagarri izan ohi.
Txinan eta Tibeten gertatu izan den bezala.
Lehen ere esan duzu, munduko edozein tokitan
izendatzen zaituztelarik euskalduntasunarekin lotzen zaituztela. Zer
sentitzen duzu halakoetan?
Harrotasuna, gustatu egiten baitzait. Harro nago nire
sustraiez. Ez nator bat Euskal Herrian gertatzen diren hainbat
konturekin, baina horrek ez du esan nahi harro sentitzen ez naizenik.
Beste horrenbeste gertatu ohi da familian ere; beti ez nator bat
senitartekoek egindakoarekin, baina familiakoak ditut.
Dokumentuaren akzioak