Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hurrengo Txalaparta Festak Zuaznabartarren sendia omenduko du

Dokumentuaren akzioak

Hurrengo Txalaparta Festak Zuaznabartarren sendia omenduko du

Pello, instrumentuaren azken transmisore historikoa, abenduaren hasieran hil zen

Egilea
Martin Anso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/12/18

Lasarteko Sasoeta baserrian jaio ziren Pello eta Migel Zuaznabarrek osaba batekin ikasi zuten txalaparta jotzen. «Sanpedrotan eta Gabon Zaharrean jo ohi zuten, errespetu handiarekin jo ere», ekarri zuen gogora Pelloren alaba den Mari Karmenek.



Pello Zuaznabarrek txofer lanak egiten zituen Andoaingo Laborden, eta bertako ugazaba euskaltzaleak eta Manuel Lekuonak interes handia zuten txalapartarekin. «Horien bitartez jende asko hurbildu zen gurera», berriro Mari Karmenek.



Hala ere, 1960 eta 1970eko hamarkadetan inor gutxik ezagutzen zuen instrumentua. Jexux Artzek gogoan duenez, bere anaia Joxe Antonek "Pilotari" filman ikusi eta gogoratu omen zuen txikitan Usurbilgo plazan ere ikusia zuela. Jakin-minak erginda, bi anaiek Zuaznabartarrengana jo, ikasi eta gero txalapartarekin aberastu zuten Ez Dok Amairu.



Bixente eta Joan Mari Beltranek ere antzeko bidea egin zuten. Horiek, berriz, Argia dantza taldea hornitu zuten txalapartarekin. Txalapartarekin eta beste hainbat musika tresnarekin. Joan Mari hura guztia Oteizak sustatutako mugimenduaren gerizpean zegoelakoan dago.



Baina Artzetarrak eta Beltrandarrak ez ezik, beste asko eta asko ere pasatu ziren Zuaznabartarren etxetik. Gainera, Joan Mari Beltranek nabarmendu duenez, "Antologia de instrumentos populares vascos" diskoan eta Fernando Larruquerten "Herri musika" filman parte hartu zuten. Eta Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko hainbat plazatan txalaparta erakustaldiak eskaini zituzten. Honek guztiak Sasoetako anaiak oso ezagun bihurtu zituen.



Eskuzabaltasun handia



«Aitak beti esaten zuen berak txalaparta irekia zuela ikasi nahi zuen edonorentzat», esan zuen Mari Karmen Zuaznabarrek. Jexux Artzek eta Joan Mari Beltranek ere maisuaren eskuzabaltasuna nabarmendu ohi dute.



Zuaznabartarrak ez ziren garai hartako txalapartari bakarrak, baina bai, Donostiako Erbetegi-Etxeberriko Asensio eta Ramon Goikoetxearekin batera, belaunaldi gazteei instrumentuaren lekukoa pasatzen aritu direnak, nabarmendu du gaur egun Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa zuzentzen duen Joan Mari Beltranek. «Orain dela hamasei urte Hernaniko Txalaparta Eskola antolatu eta Txalaparta Festa abian jarri genuenean, lehenengo momentutik bertatik gure aldean izan genituen, Asensio eta Migel hil zirenean, Ramon eta Pello. Gazte guztiak euliak eztira bezala hurbiltzen zitzaizkien. Horrela, transmisioa askoz aberatsagoa da. Pellok bere ilobarekin jo ohi zuen, Zuaznabartarrek etxean ere gauzatu baitute transmisioa».



Alabak berak ere jotzen du txalaparta. «Gure aita zenak Hernanin San Juan bezperan jo ohi zuen. Azken urteotan bere iloba Pello eta biok jo izan dugu, ohitura gal ez dadin», berretsi zuen Mari Karmenek.



Beltranek eta Artzek, zendu berri den txalapartariaren eskuzabaltasuna nabarmendu duten bezala, zabaltasuna ere nabarmendu nahi izan dute. «Oso goxoa ez ezik dotorea ere bazen. Beharbada, ez zetorren bat txalaparta munduan eginiko hainbat berrikuntzarekin. Ez zuen gaitzesten, ordea», esan zuen Artzek. «Oso jarrera zabala zuen ­berretsi zuen Beltranek­. Txalapartari guzti-guztiak bere jarraitzaile balira bezala sentitzen zituen. Eta beharbada jarrera zabal horri esker txalapartarik berrizaleenean ere Zuaznabartarrek erakutsitako ''ttakun-ttan-ttakun'' horrek bizirik dirau. Zergatik? Inoiz ez dutelako esan ''hori horrela egin behar da'', baizik eta ''guk horrela egiten dugu''».



Ramon Goikoetxea iaz hil zen. Beraz, Pello Zuaznabar zen txalapartak egun duen egoera sendoa lortzeko lanean aritu ziren transmisore historikoetatik azkena. Abenduaren hasieran hil zen, laurogeita hamabost urte zituela.

Dokumentuaren akzioak