Dokumentuaren akzioak
Hotza eta hutsa
Kritika, Nats nus
Izenburuak Mies van der Rohe alemaniar arkitektoari egiten dio ohore, Toni Mira konpainiako zuzendariak haren obraren inguruan egin nahi izan baitu gogoeta. Arkitektoaren ezaugarri nagusiak apaindurarik gabeko espazio hutsak eta lerro eta planoen araztasunari emandako garrantzia ziren. Horrek, jakina, nahiko espazio hotzak sortzen zituen, baina pentsamendu haren atzean gizakia bera nabarmentzearen ideia zegoen eta baita ere eraikinen eta kanpoaldearen arteko mugak haustearena.
Ildo horretatik, koreografiaren lehen zatietan espazioa esploratzen dute dantzarien zangoek eta besoek, bakardade handian hasiera batean, nahiz eta beranduago denak batera ariko diren, talde koordinazio bikaina erakutsiz. Taula gainean hiru emakume eta bi gizon daude, eta nabariak dira denen zehaztasuna eta keinu garbitasuna, mugimenduen malgutasun dotorea eta koreografien diseinu atsegina atzematen direlako Nats nusen lan guztietan.
Bestetik, ezaguna da konpainiak asko zaintzen dituela dantzaren inguruko alderdiak, eta haien artean musika aipatuko dugu, Joan Sauraren suite garaikidea oso egokia delako Mies-en eraikinetan sortutako sentsazioak girotzeko. Miquel Ruizen eszenografiak, berriz, bi elementu nagusi ditu: behegainean marrazten diren argi-lerroak eta dantzariek beraiek mugitzen dituzten panel bertikalak. Esandako elementuez gain, Mies-en arkitekturarekin zuzenean lotutako beste bi egon dira: materialen akaberaren itxura erakusteko proiekzioak eta argiaren arabera ispilu bihurtutako leihoa.
Koreografian zehar edertasun handiko pasarte batzuk ikusi ditugu, hala nola dantzari baten akrobazia segida izugarri leuna edota taldean egindako gorputz-lekualdatze etereoak, bolumenen, pisuen eta orekaren kontrol erabatekoa eskatzen zutenak. Beste une batzuetan, ordea, antzerki dantzatutik edo gorputz-espresiotik hurbil ibili da proposamena, efektismoaren eremu errazean jausteko zorian balego bezala, eta sentsazio hori areagotu egin da amaiera aldera, koloretako arropekin agertu direnean Mies-en estiloko altzarien artean. Atal horretan gehiegizko kutsu didaktikoa hartu du proposamenak, eta hautsi egin da ordura arte lortutako abstrakzio maila.
Jatorrizko ideia eta zuzendaritza: Toni Mira.
Dantzariak: Emilio Gutierrez, Gema Diaz, Fatima Campos, Noemi Ventura, Joan Palau.
Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia.
Eguna: Azaroak 17.
Dokumentuaren akzioak