Dokumentuaren akzioak
Hotza eta beroa
Kritika, La Parenthèse, Irene Tassembedo
Bitxia bada ere, Erritu da La Parenthèseren lanaren izenburua, Christophe Garcia koreografoak omenaldi bat egin nahi izan dielako Euskal Herriko tradizioei. Hortik aurrera, baina, ez dago emankizunean euskal kulturaren beste adierazpiderik, dantza garaikidearen parametrorik abstraktuenetan kokatzen baita proposamena.
Koreografia, berez, elkarren osagarriak diren bi zatitan banatzen da. Hasierakoan hiru neska agertzen dira, bakoitza bere unibertsoan murgilduta eta zehaztasun handiko mugimendu segidak egiten, zuzenean jotako piano musika baten pean. Eszenak sakrifizioaren aurreko garbitzapen errituak hartzen ditu oinarritzat, eta dantzari bakoitzak introspekzio mugimendu ezin aratzagoak deskribatzen ditu, barne energiaz beteriko atmosfera hertsi horretan.
Bigarren zatian, berriz, Le sacré du printemps interpretatuko dute aurreko hiru neskek eta haiekin batera doazen hiru mutilek. Atal honetan aipatzeko modukoak dira mutilen maila gaindiezina, jantzien dotoretasuna eta mugimenduaren kemena eta askatasuna. Baina, bestetik, jakin beharra dago publikoak berak hautatu duela, SMSen bidez, hiru nesken artean zein izango den sakrifizioaren protagonista. Horrek, jakina, norabide dramatiko zehatza ematen dio koreografiari, baina, aldi berean, nolabaiteko arinkeria tartekatzen du emozioen progresioan, azken emaitza hala edo nola zipriztinduz.
Igandeko beroarekin batera, Tassembedo konpainia etorri zen, dantza garaikidea eta afrikar izaera batzen dituen lan batekin. Souffles (Arnasak) izeneko proposamena urrun dago europarrok buruan dugun dantza folklorikoen iruditik, baina bestetik, argi dago koreografoak bere herriko sustraiak eta kultur ezaugarriak azaleratu nahi izan dituela lengoaia garaikidearen azpitik.
Izan ere, koreografia osatzen duten pasarte labur anitzek agerian uzten dituzte gizon bakoitzaren indarra eta gaitasun atletikoa, baina dantzak komunitatearen parte izatearen sentsazioa azpimarratzen du behin baino gehiagotan. Gainera, dantzari batzuek zuzenean jo zituzten hari instrumentuak eta perkusioa Afrikako kanta ederren artean, eta Gare du Midi leporaino betetzen zuten ikusleek berotasun handiz eskertu zuten taldearen koordinazio eta energia erakustaldia.
Konpainiak eta koreografiak: La Parenthese (Erritu), Irene Tassembedo (Souffles).
Lekuak: Miarritzeko Kasinoa eta Gare du Midi.
Datak: Irailak 14 eta 16.
Dokumentuaren akzioak