Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hots zaharra, hats berria

Dokumentuaren akzioak

Hots zaharra, hats berria

Eguraldi ona lagun, jendetza bildu da Iturengo eta Zubietako inauterietako joaldunen lehen irtenaldia ikustera

Atzo iturendarrek jaso zuten bisita, eta gaur bueltatuko diete zubietar eta aurtiztarrei
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Ituren
Mota
Albistea
Data
2013/01/29
Lotura
Berria

Negua. Udaberria. Uda. Udazkena. Negua. Urtaroz urtaro doa denbora, eta joare hotsa da Ituren eta Zubietan (Nafarroa) ziklo horren iragarle. Urtarrileko azken astelehenean jartzen dituzte joare, ttuntturro eta isipuak urtero-urtero. Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dute erritu bera, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Hots zaharrari hats berria eman diote berriz ere, eta eguraldia lagun, jendetza bildu da herriko kaleetan. Iturendarrek jaso zuten atzo Zubietako eta Aurtitz auzoko joaldunen bisita, eta alderantzizko bidea egingo dute gaur.

Ostegunean hasi zituzten inauteriak herrian, baina joaldunena da unerik ikusgarriena. Iñaki Etxeberria zubietarrak argi du: «Urte guztia ematen dugu joare soinuaren esperoan». Puska biltzen hasten dute eguna herrian, eta Jon Mikel Aragon aritzen da soinuarekin puska biltzen dabiltzan joaldunak laguntzen. «Jendeak gehiago maite ditu inauteriak, festak baino», dio. Ados dago Imanol Baleztena ere. Hamasei urte zituenez gero dabil etxez etxe inauterietan, eta ongi ezagutzen ditu errituak. Ñabardurak ere ezagutzen dizkio joareen hotsari. «Normalean, pausuan jotzen ditugu joareak, baina puskak biltzean lasterka jotzen ditugu. Lehengo estiloan».

Aurtitzen elkartean egiten dute festa. Herri osoa kabitzen da lau horma horien artean. Bertan dira Oihane Elizalde eta Oihane Mindegia, eta inauterietan sortzen den giroa nabarmendu dute biek: «Herria elkartzen dute inauteriek. Adin guztietakoak juntatzen gara». Eta nahasian daude guztiak mahaiaren bueltan. Haur, gazte eta zahar, guztiak batera, elkarri adar joka. Batak besteari joareak jartzen.

Sabaia bete joaldun

Jendetsuagoa da Iturengo udaletxeko sabaia. Gosaltzen daude denak, baina abisua ematerako, badoaz guztiak joareak bizkarrera lotuz. Eusebio Fagoaga da horretan urteak daramatzanetariko bat. Dioenez, 15 bat kilo badituzte ezkilek, eta hobe ongi lotzea, bestela lau orduko ibilbidean min egiten baitute bizkarrean. «Egun handiak dira, baina gogorrak ere bai. Parranda egiten da, eta gero buelta eman behar lana egiteko». Fagoagaren eskutatik pasatzen doaz herritarrak, eta joaldunez betez doa pixkanaka sabaia, eta nahastuz doaz zaratak ere. Joareak, adar hotsak, ostatuan dabilen musika taldearen kanta, elkarrizketak... Kalera jaitsi, eta herrian egiten dituzte lehen joan-etorriak. Latsaga auzora doaz gero. Han elkartzen dira Zubieta eta Aurtizko joaldunekin.

Iturenen, zarata itzela da joaldun guztiak elkartzean. Plaza hartzen dute joaldunek, eta ibar osoan haien joareen hotsek. Nahasian doaz orain herri bateko eta bestekoen hotsak. Ia 40, guztira: Zubietakoak, Aurtizkoak eta Iturengoak. Denak erritmoan. Emakumezko batzuk ere atera dira aurten. Bi baino ez dira, baina ez da beti errepikatzen den irudia, eta badu bere indarra horregatik.

Joaldunak dira inauterietako elementurik ezagunena, baina ez bakarra. Hartzak eta hartz zaintzaileak ere badute beren egitekoa, eta joareak isiltzean erraz nabarmentzen dira mozorroak ere. Zalaparta ziurra da haien inguruan. Motozerrak, goldeak, animalia gernua eta eskura heldutako beste edozer, herrira inguratutako jendea pixka bat izutzeko.

Natural-natural nahasten dituzte, gainera, landa giroa eta nazioarteko gaurkotasuna. Umoretsu. Hildako animalien hezur txuri eta soilak, eta egunkarietako albisteen oihartzuna. Bi adibide. Bat: «Pussy Riot aske!» dioen kartelarekin, eta errusiar punk taldearen antzeko arropekin ateratako mozorro taldea. Bi: Zubietako Alperrak izeneko mozorro koadrila. Etzanda daude denak bere gurdian, langabeziaz kexu; «ni suizidiorik gabe geratu naiz», dioen gurdian.

Gaurkoa izango da Zubieta eta Aurtizkoen egun handia, baina ez da hor bukatuko inauteria. Joaldunik gabe, baina festa izango dute bihar eta larunbatean ere Ituren, Zubieta eta Aurtitzen.

Iturengo Latsaga auzoan elkartzen dira Iturengo, Zubietako eta Aurtitz auzoko joaldunak, eta elkarrekin joaten dira gero hortik Iturengo herriko plazara. / IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS

Joaldun bat etxez etxe gosaritarako puska biltzen, Zubietan. / IDOIA ZABALETA ARGAZKI PRESS

Zubietako joaldunak elkar janzten (ezkerrean), eta joaldun guztiak Iturengo herriko plazan (eskuinean), erdian mozorro bikotea dagoela. / IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS

Iturendar bat joareak jartzen ari zaizkiola. / IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS

 

Juan Antonio Urbeltz. Folklore ikerlaria

«Mandeuliaren aurkako konjuru bat da inauteria»

I. Astiz Ituren

Urteak daramatza Europako txoko guztietako inauteriak ikertzen Juan Antonio Urbeltz folklore ikerlari eta antropologoak (Iruñea, 1940). Hamarkadak erritu horien pean zentzu primitibo komun bat bilatzen. Argitaratuak ditu artikuluak eta liburuak gai horren inguruan, eta sakona da bere azterketa. Badaki, ordea, inauteriez gozatzen ere, eta horregatik izan zen atzo Iturenen (Nafarroa). Aspaldikoa du bertako joaldunekiko harremana.

Askotan izango zinen hemen.

Soka luze deiturikoa ikastera etorri nintzen. Herri sarreran zegoen borda batean lo egiten genuen, belar gainean. 1968. urtea zen. Eta inauterietan sei bat aldiz egona naiz. Adin bateko joaldun gehienak ezagutzen ditut, gainera. 1988. urtean prestatutako Zortziko emanaldian, bertako jendea deitu genuen joaldun aritzeko. Sei bat joaldun, eta hartza. 80 saio egingo genituen elkarrekin. Oso jende alaia, eta oso formalak. Beti bete zuten. Inauterietan oso giro ona dute, gainera, eta horregatik etorri gara.

Inauteriei buruzko hitzaldia eman zenuen orain aste bete Mikel Urbeltz semearekin, hemen bertan. Zer zentzu du erritu honek?

Europan bi inauteri mota daude. Laborarien mundutik datorrena da bata, eta Lanzkoa izan daiteke horren adibide, dramatizazio modu horrekin. Eta ezkilekin lotutakoa da beste inauteri mota hori, ezkilekin lotutako errituak dituena. Eta hain zuzen ere, hori da Ituren eta Zubietaren kasua.

Eta zer funtzio dute ezkilek?

Ez dira zalaparta egiteko. Mandeuliak uxatzeko jarri zizkieten garai batean ezkilak behiei, zaldiei eta behorrei. Ezkilak eta isatsa, bi horiek erabiltzen zituzten intsektu hori uxatzeko, eta hain justu ere, joaldunek bi elementu dituzte: joareak eta isipua. Ez da mandeuli sasoia oraingoa. Martxo erdira arte edo apirilera arte ez dira azalduko, eta inauteria da haien kontrako konjuru bat.

Haien etorrera ahalik eta gehien atzeratzeko, alegia?

Bai. «Kontuz, hemen gaude gu. Hemen gaude joaldunak». Hori da joaldunek joareekin esaten dutena. Horregatik egiten dute paseo bat Iturendik Zubietara, eta Zubietatik Iturenera. Konjuru bat da. Agertu baino lehen gaizkia deuseztatzea da helburua. Izugarri polita da. Oso zentzuzkoa litzateke. Hemen, arotzek gurutze bat jartzen dute ezkiletan. Hori da gaizkiaren aurkako sinbolo erabatekoa. Europa Ekialdean, ordea, Grezian, Albanian, Bulgarian eta beste leku batzuetan, brontzezko ezkilak egiten dituzte, eta mandeuliak jartzen dizkiete joareetan. Dena ezin da ezabatu! Hemen ez dago halakorik, baina han ageri da. Gaizkiei kontra egiteko sortutakoak dira herri ohitura asko. Gaizkia uxatzea lortuz gero, orduan heltzen da ongia. Eta hori da inauteri hauen zentzua.

Dokumentuaren akzioak