Dokumentuaren akzioak
Hoteleko logelan dantzan
Bilboko Miro hoteleko 83. gela agertoki bilakatuko du asteburuan Angels
Margarit koreografoak. Iaz, sorkuntza modalitatean, Espainiako Dantza
Sari Nazionala eskuratu zuen Margarit artista katalanak, eta Solo para habitación
ikuskizunaren xarma nabarmendu du prentsaren aurrean eginiko
ekitaldian. «Izaera intimoa» dauka, publikoa murritza baita, zortzi
lagunek soilik osatuko dute Bilbokoa. Dantzariaren eta logelan dauden
ikusleen arteko trukea da. «Hoteleko logela bat oso toki aproposa
iruditzen zait intimitatea sentitzeko. Dantza performancea ikustera
gonbidatzen dute ikuslea, baina egongo ez balitz bezala jokatzen du»,
azaldu du Margaritek.
Ikuslea ezusteko voyeur gisa dago
hoteleko logelan bertan gertatzen denari begira. Publiko batentzat
antzezten ari ez den pertsonaia baten intimitatea dauka begi bistan.
Haren pentsamenduen, itxaropenaren eta bakardadearen lekuko da. Hogei
minutu irauten du dantza saioak, eta egitura zirkularra du: amaiera
hasierarekin lotzen da, eta etengabe errepikatzen da. Dantzaria sofan
eserita dago telebista ikusten; ikuslea ere bai. Altxatu eta leihotik
begira hasten da. Dantzariak leihotik ikusten duena ageri da telebistan.
Gaua da Bilboko kaleetan. Gelan alde batetik bestera darama dantzariak
ikuslearen begirada, hotelean bakarrik dagoen apopiloaren barne
sentimenduekin dantzan.
Margaritek moldaketa berezia egin behar
izan du Bilborako. Orkatila bihurritu zuen joan den asteburuan, eta
ezingo du berak dantza egin. Mudances bere konpainiako Isabel Lopez
dantzaria zuzenduko du.
Margaritek 30 urte daramatza dantzaren
munduan. Duela 22 urte sortutako lan hau pieza ibiltaria bilakatu da,
Europa, Australia, Japonia, eta beste zenbait herrialdetako hoteletan
aurkeztu baitu.
Erabateko hamabi estreinaldi
Oraingoa
BADen XIII. ekitaldia izango da, eta 21 konpainiak hartuko dute parte.
Hamabi erabateko estreinaldiak izango dira. Aipagarrienen artean, Arkadi
Zaidesen Quiet dago; lan hori israeldarren eta palestinarren
arteko gatazkari buruz ari da. Bestalde, Seydu Boro dantza garaikideko
konpainia afrikar ezagunak Le tango du cheval lana aurkeztuko du Euskal Herrian lehen aldiz. Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren La puta y el gigante
ere lehen aldiz ikusiko dugu hemen. Lan horretan, zuzendaria lehen
aldiz igoko agertokira, eta Alvaro Uribe agintean egon den bitartean
Kolonbiak bizi izan duenari buruzko gogoeta egingo du, ikuspegi kritiko
batetik.
Bertako artisten artean ere badira estreinaldiak. Horman Poster talde bilbotarrak Pasado perfecto emango du. Olatz de Andresek Privolta estreinatuko du, ukitu retro-futuristako lan bat, Teatro Teatrok Autoestigma eta Juan Dominguezek Ya llegan los personajes multimedia performancea.
Angels Margarit, atzo, ikuskizuna egingo duten hoteleko gelan. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak