Dokumentuaren akzioak
Hostoen festa
Donostian estreinatuko dute elkarlanean sortutako lana, hilaren 19an, Kursaalean
Hostoz josita dago zuhaitza. Sustraietatik jasotzen du izerdia, bizia.
Euskal kulturaren zuhaitza elikatzen dihardute Oreka TXko
txalapartariek, Amaren Alabak kantari taldeko kideek eta Kukai dantza
taldekoek, nork bere esparruan. Sustraiak tradizioan ongi errotuta,
baina adarrak berrikuntzara begira jarrita dauzkate. Hiru taldeek
indarrak batu dituzte, hostoak kolore askotakoak direla erakusteko. Hostoak
ikuskizunean, ahotsek, dantzarien mugimenduek eta txalapartaren
erritmoek bat egingo dute, kolore guztietako hostoen festan. Hilaren
19an estreinatuko dute lana, Donostiako Kursaaleko auditoriumean.
«Adierazpide
ezberdinetan ari garen baina ikuspegi antzekoak ditugun taldeek
elkarrekin jarduteko genuen gogotik sortu da lan hau», Igor Otxoa
lanaren zuzendari eta Oreka TXko kidearen hitzetan. «Guztiok gatoz
euskal kulturatik edo tradiziotik, baina bakoitzak proposamen moderno
edo garaikideagoetarantz eboluzionatu dugu nolabait». Proposamen horiek
irudikatzeko hostoen metafora erabili dute, eta askotariko koloreak,
formak eta «kontrasteak» agertuko dituztela iragarri. Ikuskizunean landu
dituzten gaiak ere oso ezberdinak dira: maitasuna, natura, euskararen
egoera, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana... «Dinamika
aldatzen da, musikaren, dantzaren eta kantuaren mugak gainditu nahi izan
ditugulako».
Otxoarekin batera, Mireia Gabilondo eszena
zuzendaria arduratu da hosto guztiak oinarri beraren inguruan biltzeaz.
Eduardo Txillidaren aipu bat ekarri du gogora obraren mamia azaltzeko:
zuhaitz baten moduan, sustraiak bere lurrean errotuta zeuzkala esan izan
zuen eskultoreak, eta besoak, berriz, aski zabalduak, beste
kulturetatik ere edateko. Dantza, musika eta ahotsa uztartuz sortu dute
lana, eta Gabilondorentzat «hiru hizkuntza horiek bat nola bihurtu izan
da erronka». Eta politena, berriz, nahasketa hori «festa» bihurtzea.
Guztia borobiltzeko, Eñaut Muñoak sortutako irudiak tartekatuko dituzte.
Harrizko txalapartaren hotsak
Guztira,
hogei bat lagun bilduko dira oholtza gainean ordu eta erdi inguruko
ikuskizunean. Musikariak sei izango dira, guztiak Harkaitz Martinez de
San Vicenteren zuzendaritzapean. Oreka TXko kidea Otxoa eta Mikel Ugarte
taldekideekin ariko da egurrezko nahiz harrizko txalapartetan, baita
tutuetan, bidoietan eta tututofonoa izeneko tresnan ere. Haiekin batera
ariko dira Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea), Juanjo Otxandorena
(bouzoukia) eta Iñigo Egia (perkusioa), Oreka TXrekin normalean aritzen
den musikari taldea.
Oreka TXren orain arteko bidean «musikalki
aberasgarrien» gertatu zaizkien tresnak hautatu dituztela azaldu du
Martinez de San Vicentek. Guztien artean harrizko txalaparta nabarmendu
du: «Harrietan landu ditugu batez ere kantuak, eta horrek egiten du
musika ezberdina. Baina, aldi berean, musikari talde honek babes handia
eman dio kantu bakoitzari». Oreka TXk sortutako piezak, herri kantak eta
gainerako taldekideek proposatutakoak tartekatuko dituzte, guztiek
txalapartaren erritmoa oinarri dutela. «Batzuetan oso hutsa geratzen da
harriaren edo egurraren soinu soila, eta beste batzuetan, konposizio
askoz ere jantziagoak agertzen dira. Hostoei koloreak aldatzen laguntzen
du musikak».
Amaren Alabak osatzen duten sei ahotsek jantziko
dute musika hori guztia. Hamar urtetik gora daramatzate Zuberoako sei
emakumeek bai kantu zaharrak bai haiek sortutako moldaketak nahiz abesti
berriak kantatzen. «Kantu zaharrari bizi berria ematea da gure
helburua; kantu zaharrak birmoldatzen ditugu, bai hitzak, melodiak edo
emateko manerak. Tradizioari gauza berri bat ekartzekotan egiten dugu
lan, tradizioa atxikitzeko eta aitzina eramateko», azaldu du Ihitz
Iriart taldekideak. Musika tresnarik gabe, beren ahotsarekin soilik
aritzen dira Iriart, Graxi eta Maider Bedaxagar, Luxi Agergarai, Arantxa
Camus eta Maika Etxekopar. Horregatik, Oreka TX eta Kukai taldeekin
landutako elkarlana «biziki garrantzitsua» dela diote. «Guretzat
musikarekin kantuan aritzea urrats handia da, eta dantzari batekin
harremana ukaitea ere gauza berria da guretzat».
Emanaldiak hiriburuetan
Dantza
koreografiak lantzeaz, berriz, Jon Maia arduratu da. Pieza askoren
oinarrian erritmo tradizionalak badaude ere, jotzeko eta dantzatzeko
moduan hiru taldeek elkarrekin bide bat egin dutela dio, «teknikoki,
estetikoki nahiz bisualki gauza ezberdinak proposatzeko». Hiru taldeek
indarrak bildu izanarekin oso pozik agertu da. «Azken batean, festa
handi bat da hau; pozgarria da, eta uste dut hori bera transmititzen
dela ikuskizunean». Maiarekin batera, Kukai taldeko Alain Maia, Urko
Mitxelena, Eneko Gil, Vanesa Castaño eta Nerea Vesga dantzatuko dira
ikuskizunean.
Donostiako emanaldiaren ostean, Hostoak
Euskal Herri osoan erakusteko asmoa dute hiru taldeek. Hiriburuetako
emanaldiak lotuta dauzkate dagoeneko, eta hilaren 25ean Baionako
Antzokira iritsiko da ikuskizuna. Hurrengo egunean, berriz, Iruñeko
Gaiarre antzokian egingo dute emanaldia. Martxoan, berriz, Bilbok eta
Gasteizek hartuko dute ikuskizuna: 16an, Bilboko Arriaga antzokian ariko
dira, eta 31n, berriz, Gasteizko Principal antzokian. Abuztuaren 11n
Ipar Euskal Herrira itzuliko dira, Donibane Garazin emanaldi bat
eskaintzeko. Maulen, berriz, urriaren 1ean ikusi ahalko da obra, Jai
Alain.
Hiriburuez gain, Euskal Herriko beste herri batzuetan ere
obra erakustea da taldekideen asmoa. Baita beste herrialde batzuetara
eramatea ere, Otxoak azaldu zuenez. «Ikuskizunak herri honetako
dantzaren, musikaren eta kantuaren alor garrantzitsu bat islatzen duela
uste dugu, eta kanpoan ere interesgarria gerta daitekeela».
Jon Maia dantzaria, Igor Otxoa eta Mireia Gabilondo ikuskizunaren zuzendariak, Graxi Bedaxagar eta Ihitz Iriart Amaren Alabak taldeko kideak eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TXko kidea, atzo. / JUAN CARLOS RUIZ / AR
Dokumentuaren akzioak