Dokumentuaren akzioak
Hormonak dantzan
Kritika, Organik
Lehenengo batean ispilu banaren aurrean baleude bezala mugituko dira hirurak, erosketa konpultsiboak egitera joan aurretik, baina hasierako glamour sentsazioak gutxi iraungo du, zuzendariaren asmoa emakume-egoerak umorez aztertzea delako Organik taldearen estilo zuzen, fresko eta atseginarekin. Bide horretatik, erosketak egitetik euskal kirola praktikatzera igaroko dira hiru dantzari takoidunak, lan fisikoa eta emakume itxuraren gaineko parodia ederto uztartuz. Emanaldian zehar horren moduko beste momentu berezi batzuk sortuko dituzte jantzi aldaketa ugariekin batera. Haietariko batean, adibidez, lau hankatan mugitzen dira hiru dantzariak, piztia liluragarrien modura, eta beste batean orgasmoa ere irudikatzen dute gordintasun komikoaren ikuspegitik.
Emakumeen gaineko lan polit honetan ez dira agortzen gaiarekin lotutako gogoeta guztiak, baina haien artean bereziki zintzoak dira muturreko sentiberatasunari buruzkoa eta hilerokoak eragindako aldarteen deskribapena. Eszena mota horietarako koreografoak era aberasgarrian elkartu ditu hitzak eta dantza, dantzari baten inprobisazio itxurako berbaldiak beste bien gorputz mugimenduekin kontrastatuz eta, hortik abiatuta, hiruren eboluzio paraleloak garatuz.
Baina gaiaren interesaren atzetik eta dantzaren txukuntasunaren gainetik elementu guztien arteko koordinazioa gailendu da. Dramaturgia, trantsizioak eta argien diseinua nabarmenduko genituzke, baina Itziar Madariagaren musikak aipamen berezia merezi du. Bere jungle eta techno erritmo neurtuak, soinu industrial eta elektronikoak eta amaierako eszenako piano konposizioa dantza bera baino dentsitate handiagokoak izan dira zenbait unetan eta osotasun handia eman diote lanari.
Konpainia: Organik.
Zuzendaritza: Natalia Monge.
Lekua: Kultur Leioa aretoa, Leioa (Bizkaia).
Eguna: Urtarrilaren 26a.
Dokumentuaren akzioak