Dokumentuaren akzioak
Hogeita bost urteko dantzaren lekukoa
Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001 lana idatzi dute Lierni eta Isabel Elorzak
Hasieran datu bilketa hutsa behar zuen liburua mende laurdenean saioaren parte izan diren azalpenekin osatu da, eta Lierni Elorzaren ustez, «hutsak egongo diren arren, oso pozik gaude datu bilketa hutsa baino askoz aberatsagoa izan delako emaitza».
Xabier Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariaren hitzaurreak zabaltzen du liburua, eta ondoren, urtez urte izan diren partehartzaileen datuak ematen dira. Bigarren atalean, berriz, lehengo eta oraingo dantzarien iritziak jaso dituzte, eta dantzariei buruz duten ikuspuntu interesgarria ematen dute. «Afari baten inguruan bildu genituen», dio Elorzak, «eta solasaldi oso polita izan zen. Lehengokoentzat gaurko dantza fabrikatuegia da, eta gazteek horri lehengokoak izan dituztela maisu erantzuten diote».
Nestor Basterretxea eskultorea da liburuko beste protagonistetako bat. Bere obrak izan dira sari hogeita bost urteotan, eta dantzarekin duen harremanaz mintzo da solasaldian.
Bestalde, epaimahaikide urtetan izan direnak, dantzari musika ezarri diotenak, eta Seguran dantzak aurrera egin dezan parte hartu duten guztiak bildu dituzte, euren lekukotasuna urtez urte hartu diren argazkiez apaindurik. «Argi geneukan begietatik sartzeko liburua izan behar zuela, dantzaren ikusgarritasuna emango zuena».
Hogeita bost urte ez dela denbora gutxi erakusten du oso ongi liburuak, «jantzietan egon den bilakaera ikustea besterik ez dago. Orain garrantzi berezia ematen zaie jantziei, baina ez da beti horrela izan».
Dokumentuaren akzioak