Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hogeita bost urte dantzan

Dokumentuaren akzioak

Hogeita bost urte dantzan

Jose Daniel Garcia de Andoinek sortu zuen duela 25 urte Korosti dantza taldea

Egilea
Joseba Iraeta Urcelay
Komunikabidea
Berria
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2007/05/03

EAJri lotutako taldea izan zen Korosti hasiera batean. Alderdi politiko horrek utzitako lokaletan hasi zen Korostiren ibilbidea, eta lehen, EAJri modu batean edo bestean lotutako pertsonen seme-alabak izan ziren ikasleak. Baina egoera hori laster aldatu zen; izan ere, bi urteren buruan dantzan ikasi nahi zuten umeen kopurua izugarri hazi zen. Orduan Garcia de Andoinek jende berriaren laguntzaren beharra ikusi zuen, berak ezin baitzion erronka horri bakarrik eutsi. Orduantxe sartzen dira Korosti taldera Socorro Ibarreta eta Luis Mari Aizpurua, Garcia de Andoini laguntzeko asmoz eta gogo biziz.

Eta gaur egun arte zenbat bizipen eta istorio bizi izan dituzte? Asko, zalantzarik gabe, bai herrian bertan, baita kanpoan ere. Umeei euskal kultura eta dantzak irakastea izan da betidanik Korostiren helburu nagusietako bat, baina lan horretaz gain, euskal kultura eta dantzak penintsulan barrena zabaltzea, eta kanpoko dantzak herrira ekartzea ere zeregin nagusi izan da urte hauetan guztietan Korostirentzat. Espainia eta Portugalgo hainbat eta hainbat herrirekin trukeak egin dituzte, eta egun hori da taldearen zereginetako bat. Gure kultura eta folklorea kanpoan ezagutaraztea, eta kanpoko ohitura eta dantzak Legazpira ekartzea.

Eta aurtengo festetan Olaria saria eurek jasoko dute, bihar, Santikutz egunean. 25 urteko ibilbideagatik izango da, baina ez horregatik bakarrik. Urte horietan guztietan penintsula osoan zehar Legazpiren izena zabaldu dute, eta gure herria eta kultura ezagutarazi dute. Ez da lan makala izan, eta merezitako saria da zalantzarik gabe.

EKITALDI UGARI URTERO. Urte osoan ekitaldi eta dantzaldi asko egiten dituzte Korosti dantza taldeko kideek. Nagusia, Gabonetan. Apirilaren 29an ospatu zen Dantzari Txiki Eguna ere hortxe dago. Bertan Lasarte, Getxo, Zumarraga-Urretxu, Bera, Oñati, Altsasu eta Azpeitiko gaztetxoak etorri ziren Legazpira dantzara,eta hala, herritarrek egun zoragarri bat pasatzeko aukera izan zuten. Gero, aurrerago, Legazpiko gaztetxoak herri horietara joango dira dantzara, trukea eginez.

Aipatu bezala, Euskal Herritik kanpora ere urtean hiru aldiz joaten dira Korostiko kideak. Bidaia horiek dira aberasgarrienak; izan ere, gure kultura zabaltzeaz gain, beste toki eta kultura batzuetako dantzak Legazpira ekartzen dituzte, eta hartu-eman horiekin gure kultura aberasten dute.

40-45 dantza inguru irakasten dira Korostin, haurren eta helduen artean. Euskal Herriko dantza klasikoak irakasten dituzte, betiko dantzak, eta urtean dantza berri bat berreskuratzen saiatzen dira. Azken batean, dantzak hortxe daude, eta Korostik hartu eta berriro ere plazara eramaten ditu. Horrez gain, dantzari helduek dantza klasikoetan oinarrituz koreografia berriak sortzen dituzte. Garcia de Andoinek esan zuenez, koreografia berri horiek izugarrizko arrakasta dute kanpoan eta interes handia pizten dute.

Etorkizunari begira atzerrira joateko proiektua martxan dago. Proiektu horrek izugarrizko ilusioa piztu du Korostiko kideen artean, baina arazo txiki bat dago. Dirua falta da. Aipatzekoa da Legazpin guraso eta dantzari helduek egiten duten esfortzua. Garcia de Andoinen hitzetan, «beste herri askotan aritu naiz dantza taldeetan lanean, eta inon ez dut ezagutu Legazpin dagoen laguntzeko borondatea. Gurasoek eta dantzariek izugarrizko lana egiten dute dantzaren alde».

Arazoak arazo, Legazpiko biztanleen laguntzarekin eta Korostiko kide eta zuzendarien gogoarekin, edozein oztopori aurre egingo dio dantza talde legazpiarrak, ziur gaude. Beste 25 urtez euskal kultura eta dantzaren inguruan lan egiteko momentua da orain. Dantzaren bidez plazak eta agertokiak alaituz, etorkizun handia du Korosti dantza taldeak.

 

Non zer

Gaur. Santikutz eguna

09:30: Iruñeko Ezpelur gaiteroen goiz deia.

10:00: Goiz deia, Txistulari Taldearekin.

10:50: Udalbatzaren irteera udaletxetik.

11:00: Mirandaolako Gurutze Santuaren Prozesioa eliza atarian, Udalbatza, Txistulari, Ezpata-dantzari eta herritarrekin. Ondoren Meza Nagusia.

12:00: Meza amaieran Udalbatzaren itzulera.

12:05: Legazpiko ezpata-dantza.

14:00: Larrain-dantza herrikoia.

17:00: Profesional mailako pilota partidak

17:00: Haur eta gaztetxoentzat herri kirolak, Euskal Herria plazan.

19:00: Herri kirol jaialdia Euskal Herria plazan.

23:30: EKO Euskal Herria plazan: Euskal Kantaririk Onena.

Bihar

09:00: Haurren arrantza lehiaketa

12:00: Kapela dantza, Euskal Herria plazan.

13:30: Poney eta adardunak gazteentzat.

14:30: Gaztetxoentzat herri bazkaria, Euskal Herria plazan

16:00: Herri mailako plater tiraketa.

17:00: Goitibehera jaitsiera.

19:00: Bertso berriak Legazpiri jarriak Bertso musikatuak Bertso Olariak taldearekin, Euskal Herria plazan.

19:30: Erraldoi eta buruhandiak.

20:30: Kontzertua: Legazpi Musika Banda eta Doinua Musika Eskolako bandarekin, Latxartegi aretoan

23:00: Ehunzango batukada taldearen emanaldia erdiguneko kaleetan.

Dokumentuaren akzioak