Dokumentuaren akzioak
Hogeigarren dantza urratsa
Maitaldia jaialdiak 20. ekitaldia egingo du irailean, eta usaian bezain egitarau anitza eskainiko du
Gazte zela, Marquis de Cuevas balletak Miarritzen egiten zituen
egonaldiek liluraturik utzia zutela, dantzaren bidez hiriaren dirdira
hedatzeko aukera ikusten zuen. Eta 1991ko hiriko hauteskundeetan,
kulturaz arduratzen den hiriko kontseilari izendatu zuten. Orduan izan
zuen Maitaldiak bere lehen aldia: «Eta geroak arrazoia eman digu.
Ikastetxe, kontserbatorio, elkarte, denek ematen diote lekua dantzari.
Baditugu baita nazioarte mailan ezagutu ikastaldiak eta lehiaketak ere.
Aski arraroa da aipatua izateko, bereziki ikusiz 30.000 biztanle baino
gutxiago dituela Miarritzek». 1998an etorri zen Biarritz Balleta zentro
koreografikoaren sorrera, dantzaren eragina urte osora zabaltzeko. Bien
arduran dago Malandain bera. Jaialdiari dagokionez, zuzendari artistikoa
da.
Aurtengo uzta aurkezterakoan, usaian bezala, eskaintza aniztuna
egin nahi izan dute, arlo bakoitzean talde interesgarriak ekarriz, ahal
den neurrian, aurrekontuaren arabera. Orotara, 500.000 bat euroko
aurrekontua izan du, eta horietatik hiriak berak 280.000 euro eman
dizkio. Diru kontuen barruan, preseski, 20. aldiaren karietara, sarrera
garestienak hogei eurotara mugatzea erabaki dute antolatzaileek.
Urteurrenari egin beste begi keinuetan, jaialdiaren lehen eguneko oparia
dago. Izan ere, Lorrenako Balletak Tragic Love eskainiko du,
dohainik, Portu Zaharreko hondartzan. New Yorkeko Stephen Petronio
koreografoak Romeo eta Julietaz pentsatu duen bertsio berezia da hori.
Romeo eta Julieta baita, Biarritz Balletarentzat. Jaialdiaz baliatuko da
bikotearen istorioan oinarritzen den sorkuntza estreinatzeko, irailaren
11n. Urteurrenaren beste begi keinu bat jaialdiko lehen urteetako
gomita fidela izan zen Victor Ullate Balleta da. Horrek, irailaren 17an,
Samsara ikusgarrian ekialdeko bidaia amestu eta fantasmatsua
irudikatuko du, «teknika bikainarekin».
Ekarriko dituzten beste konpainien artean zenbait
azpimarratzekotan, Malandainen ilusioaren jarraikiz gero, Russel
Maliphanten konpainia dago; irailaren 15ean ariko da hori. «Nazioarteko
oholtzaren haur kutuna da», Malandainen hitzetan. Vaslav Nijinski
(1889-1950) dantzari eta koreografoaren marrazkietan inspiratutako
dantza proposatuko du Miarritzen Afterlight izenburua duen
lanarekin: «Espero dut Miarritzeko publikoa orain aski heldua izanen
dela gisa horretako ikusgarrientzat. Egia da iaz errege ballet anitz
izan zirela; aurten errege izenburukorik ez dago, baina horrek ez du
erran nahi ederrak ez direnik», abisatu du zuzendari artistikoak. Beste
konpainia «liluragarrien» artean dago Kirsten Debrocq konpainia; horko
laukoteak My Absence of... lana eskainiko du, sukaldaritza eta
dantza uztartuz.
Beste emanaldi berezi bat Systeme Castafioren Stand Alone
Zone izanen da; dantza, antzerkia eta hiru dimentsioko irudiak
nahasten dituzte, eta irailaren 14an emango dute.
Arrisku gutxiago hartuko du seguruaz ere jaialdiak Nacera Belaza
konpainiarekin. Konpainia hori «biziki modan baita»; Malandainek
dioenez, «ikusi beharreko horien zerrendan sartzen da». Aitzin estreina
den Le temps scéllé ekarriko du.
Beste ekitaldi andana bat aldizkatuko dira bederatzi egun
horietan: erakusketak, Dantza Hirian eta gisako ekimenak, errepika
publikoak eta beste.
Dokumentuaren akzioak