Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Hizkuntzaren kontzientzia hartzea dakar kultur munduan sartzeak»

Dokumentuaren akzioak

«Hizkuntzaren kontzientzia hartzea dakar kultur munduan sartzeak»

Patrick Queheille 'Aitzina Pika' ikuskizunaren zuzendaria

Egilea
Joane Etxebarria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Maule
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/11/19
Barkoxtarra, bere herrian kultur eragile garrantzitsuena izateaz gain, Zuberoako paisaia kulturalaren parte da. Ikuskizun ugari sortuak ditu. Azkena duela gutxi plazaratu dute.

Zuberoako kulturaren osagarria aztertu behar bazenu, zer aipatuko zenuke?

Kultura oso zabala da. Ez dakit xuxen zer behar dudan kulturan sartu... Dantzak, kantoreak eta oro har ohiturak aipaturik ere, jadanik asko mugatzen dugu. Dena den, azken 50 urteetan, edo II. Mundu Gerraren ondoan, zinez aldatu da. Lehenago, dantzak maskarada eta pastoraletara mugatzen ziren; kantua pastoraletara. Horiek arauak dituzte, ordea. Maskaradak berak, azken hamar urteetan, aunitz aldatu dira. Adibidez, lehen, perediku eta buhameen jokoa aunitzez basagoa zen. Orain, haboro lantzen dira, mezu bat pasarazteko xedearekin.

Teknikak ere aldaketa handiak ekarri ditu...

Bai. Lehen, so egile gutxiago bazen. Orain, mikrofonoen laguntzarekin hobeki jarraiki dezakete. Pastoraletan, lehen urratsa 1972an egin zen Barkoxen, pastoralean liburuxkak argitaratu baitziren, so egilearen onerako. Nahiz eta gastu gehiago ekarri dituen, teknikari esker ikusle gehiago bada. Azpiegiturak, aulkiak, soinuak eta argiak ikusle gehiago erakarriko dituen ikuskizunak egiteko tresna onak dira, baina, horretarako, diru gehiago behar da.

Sosa muga bihurtu da, beraz?

Duela urte batzuk, gauzak errazkiago egiten ziren, baina kanpoko ikusle gutxiago izaten zen; %90 zuberotarrak ziren. Orain, beste herrialdeetara zabaldu gara, baita mundu zabalera ere. Jende hori erakartzeko, teknikak lagundu gaitu. Ez dakit, ordea, gehiegi erabiltzen dugun...

Ikuskizun baten sortzeko, dirua bilatu behar da. Nola bizi duzu hori?

Gastuak handiagoak izanik, bai, diruaren atzetik ibili behar da. Horrek zinez penatzen nau. Enpresetara joatea ez dut soportatzen. Ez dakit, nonbait, ez ote dugun kultura nolanahi saltzen.

Ezin kultura aipatu hizkuntzarik gabe. Euskararen egoeraren bilakaera kulturan berdin islatzen ote da?

Zaharragoak ez ziren ohartzen ere beren hizkuntza aberastasuna zela. Orain, euskara galdu ahala, ohartzen ari gara. Antzezle, dantzari edo kantari gazte gehienek, gaur egun, ez dute euskara ematen. Baina hiru laurdenek, nik uste, biziki ontsa ulertzen dute. Azken hamabost urteetako afera da. Halere, kultur munduan direnak gutxienez ohartzen dira horretaz, nahiz eta gero ez duten euskara ikasteko indarra denek eginen.

Euskalkiari dagokionez, zuberera aldatuz joan da ikuskizun kulturalen bilakaerarekin batera?

Lehengo zuberera plano-planoa zen, eta, nonbait, aberatsa. Baina beste euskalkietara zabaltzen jakin izan dugu, hitz berriak ikasiz eta erabiliz, eta hori ere aberastasuna da. So egileentzat ere interesgarria da, hobeki ulertzen baitute. Orain, ene belaunaldikoek ez dugu zailtasunik beste euskalkiekin.

Kultur munduan murgiltzeak erdaldunei euskararen garrantzia ikusten laguntzen die?

Bai, kultur munduan sartzeak kontzientzia hartze bat eragiten du. Ez dakit kulturak dien hori ekartzen, baina kulturaren bidez ohartzen dira.

Hainbat ikusgarri badituzu eginak gazteekin. Sorkuntzak egiten segituko dute?

Ez dakit... Gazteetan ohartzen naiz badirela izugarriko ahalak dantzan, kantatzeko belarri ona dutela; jendeen aitzinean aritzea maite dutela. Aurten hiru pastorala egin dira, maskarada bat, Aitzina Pika... gazte andana bat bada, eta ideia, xede eta gogorik ez zaie falta. Baina ez dakit kulturan plantatu nahi dutenetz. Hori segur aski adinak du ekartzen. Gaztetan, kultura bestari loturik da.

Zuek, gaztetan, Aitzindariak elkartea sortu zenuten...

1989an, bai. Hori baino lehen, Zuberoan elkarte bat baizik ez zen: Xiberoko Zohardia. Guk beste gisa ikusten genuen, eta gure ikusmoldea agerrarazi nahi genuen. Ohitura zaharrak atxiki eta sustatzea gure helburuetariko bat zen, bestea, gauza berriak egitea bai dantzan, kantorean eta musikan. Txirula eta atabal eskolak sortu genituen Mixel Etxekoparrekin. Bestalde, ikuskizun berriak egin, eta zaharrak arra plazaratu ditugu.

12 herritako dantza eskolak biltzen ditu Aitzindariak elkarteak. Orain lokal bat erosi duzue. Bazen horren beharra?

Elkarteko 12 taldeekin bildu eta denak ados ziren lokal bat hartzeko. Aitzina Pika-ren irabaziekin xede hau aitzina eramaten ahalko da. Bakoitzak bere dantza eskola badu, eta hori laguntzen segituko dugu. Bakoitzak bere irakasteko manera badu, eta ezberdintasun horiek aberastasunak dira.

 

«Beste probintzietan uste dute Zuberoa paradisua dela»

Aitzindariak elkarteak Aitzina Pika ikuskizuna sortu berri du. Laburbiltzeko, dantzaren iraganaz, orainaz eta geroaz hausnarketa egitea nahi dute. Bi aste iragan dira lehen aldiz eman zutenetik Mauleko jai-alaian, 1.300 pertsonen aitzinean, eta atzo Arrasaten eman zuten.

Nola joan zen Aitzina Pika-ren lehen emanaldia ?

Ontsa! Bazen aspaldi jai-alaia ez zela hola bete. Jin ziren gehienak dantza taldeetarik hurbil ziren, eta giro goxoa sortu zen, dantzariak sostengatzera joan baitziren.

Eta aitzinetik egin lan guzia ?

Mustrakak [entsegu saioak] pezuago! Hasieran, lan talde bat sortu zen ikuskizuna bera asmatzeko; hamar bat pertsonak egina da. Gero, dantzariak bildu eta bi hilabetez dantza berriak ikasi zituzten. Ondotik, karguak edo paperak banatzeko aldia jin zen, eta gogorrago izaten hasi zen. Udan hilabete bateko moztura egin eta gero, azken hilabetean ikuskizunak forma hartu zuen eta denek bereganatu zituzten karguak.

Egun Arrasaten eman duzue Aitzina Pika. Xiberoko kultura ulertzen dute hango ikusleek ?

Bada bi edo hiru kasu ezberdin. Bada Hegoaldean gure kultura ezagutzen duena, eta guk baino hobeki ezagutzen duenik ere. Badira dantza talde aunitz hegoaldean gure dantzak guk bezain ontsa ematen dituztenak. Baina badira deus ezagutzen ez dutenak ere; kuriositatez begiratzen dutenak. Hemen ibiltzen direnek so egiten dute, baina ez dira sartzen. Beharbada gure batik, ez baitakigu ontsa esplikatzen. Maskarada baten erranahia, adibidez, usu ez dute konprenitzen. Nihaur kexatzen naiz ikusten dudalarik jendea barrikada batean edari bila joaten ikustean, barrikada hori hautsia izan baino lehen. Guk dugu esplikatu behar.

Nola egin kultura esplikatzeko ?

Ikuskizuna Herriko Etxeei saldu diegunean, Arrasaten bezala, galdatu digute ikuskizun hori egin eta gero zer eskainiko genien, gero zer harreman izanen genuen... Aitzindariak-en hurrengo xedea harremanak sortzea izanen da, hobeki elkar ezagutzeko.

Uste batzuk ustel bihurtu behar badira, zeintzuk?

Beste probintzietan uste dute hau paradisua dela, hemen oso berezi baita egiten duguna. Uste dute kultura azkarrago dela hemen... Ez da azkarrago! Sorkuntza aunitz egiten da, hori bai, baina hizkuntza aldetik besteetan baino gibelago da.

 

 

KuLTur IBILBIDea

1964. Irailaren 6an sortua, Oloroen (Okzitania).

1979. Dantza eskolan sartu zen.

1979. Lehen maskarada, küküilero gisa.

1982. Lehen aldiz aitzindari arropaz jantzia.

1984. Maskaradako aitzindari.

1985. Dantza irakasle gisa hasi zen.

1986. Etxahun pastoraleko satana.

1990. Maskaradak dantza eskolarekin.

1995. Maskaradako jauna.

1998. Herriko Semeak pastorala (idazle).

2002 . Lau Bürü ikuskizuna.

2006. Aitzina Pika ikuskizuna.

Dokumentuaren akzioak