Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hitzordua plaza nagusian

Dokumentuaren akzioak

Hitzordua plaza nagusian

Mende laurdena bete duen lehiaketak herrialde orotako dantza ordezkatzeko saiakerari ekin dio aurten

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/06/14

Asteburuan dute dantza solteko bikoteek urteko hitzordurik garrantzitsuena, Segurako Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Aurten hogeita bost urte beteko ditu urtez urte oihartzun handiagoa lortu duen txapelketak, eta hogeita bat bikoteren artean erabakiko da giro berezia izango duen aurtengo jaialdiko txapelduna. Horien artean egongo dira azken hiru urteetako txapeldun Eneritz Epelde eta Kimetz Larrañaga azkoitiarrak, baina aurreko urteetan bezala ez dute erraz izango garaipena. Iaz lehen postuetan egondakoak han izango dira azkoitiarren lehentasuna garaitzeko asmoz. Joan den urtean bigarren izandako Aitzol Ena bergararra bosgarren postuan geratutako Miren Illarreta donostiarrarekin izango da bikote. Hirugarren postua lortutako Asier Ena eta Maite Lazkano bergararrak ere lehiatuko dira. Horiek eta beste hemezortzi bikotek dantza soltean egun dagoen maila erakutsiko dute Segurako Baratze Pilotalekuan.



Baina ohi bezala, txapela eskuratzeko saiakera egin aurretik lehen froga gainditu beharko dute. Larunbatean 18:00etatik aurrera dena eman beharko dute dantzariek hamabirentzat soilik den finalerako txartela eskuratzeko.

Herrialdeen dantzak berreskuratzeko saiakera

Aurten txapelketa berrikuntzekin dator. Hain zuzen, Gipuzkoakoa ez den ordezkaririk ere izango baitu aurten, azken urteotan ez bezala —iaz bizkaitar bikote bakar bat izan zen gipuzkoarren artean—.



Lehiaketak izan duen «gipuzkoartzeak» sortutako kezkari aurre egin nahi izan diote antolatzaileek, Euskal Herriko izaera gal ez dezan lehiaketak. Bikoteen artean, hamabost gipuzkoarrak izango dira; lau bizkaitarrak, eta Nafarroatik eta Arabatik bikote bana egongo da. Iparraldeko herrialdeetako ordezkaririk, berriz, ez da izango, saiakera egin den arren. Gipuzkoarren nagusitasuna gainditzeko urte bat baino gehiago beharko bada ere, gustura daude antolatzaileak Hegoaldeko dantza erak ikusteko aukera egongo delako. «Iparraldeko ordezkaririk egotea lortu ez dugun arren, lehen saiakeran lau herrialde ordezkaturik egotea lorpen handia da, baina erronka ez da hasi besterik egin. Datorren urtean ere jarraituko dugu bide beretik», adierazi du Jaione Telleriak, Segurako zinegotzi eta antolatzaileetako bat denak. «Lehiaketarako saiakeraz gain, beste hainbat neurri hartu beharko dira dantza munduan hori bultzatzeko, baina jada Euskal Herriko Dantzarien Biltzarra horretan ari da».



Hogeita bost urte ez dira alferrik pasa



Berrituz hobetzen dela eta beti zerbait egiteko dagoen arren, bilakaera handia izan du Segurako txapelketak 1977az geroztik, eta onerako izan dela uste dute antolatzaileek. «Lehen txapelketa hartatik gauzak asko aldatu dira onera, bilakaera izugarria izan du. Dantza egiteko modua bera asko aldatu da, baina ez hori bakarrik. Txapelketaren eta dantzarien itxura ikustea besterik ez dago», Jaione Telleriak dioenez. Gillermo Areizaga orduan alkate zenak egin zuen lanaren ondorio izan zen Segurak hartzea Euskal Herriko Dantza txapelketa. «Frontoi ireki batean toldoa jarriz hasi ginen nolabaiteko agertokia eskaintzen. Segura bezalako herri txiki batek Euskal Herriko maila duen txapelketa hartzea ez zen erraza izan, eta garai haietan gaur baino zailagoa zen».



Hogeita bost urte sasoian egon dela ospatzeko jaialdi berezia izango da aurtengoa. Nestor Basterretxearen eskultura izango dute sari, beti bezala, irabazleek, 110.000 pezetarekin batera (4.400 libera inguru). Baina horrez gain, astebeteko Mallorcara bidaia eskuratuko dute. Bestalde, ekitaldirako propio idatzitako Joxe Mari Telleriaren fandango eta Joseba Iparragirreren arin-arin pieza berri bana izango dira. Igandean hamabi bikoteeen dantzak ikusi ostean eta epaimahaikideek erabakia hartu arte Aukeran taldearen Sutargi koreografia berria ikusteko aukera izango da. Bertara joaten ez denak Euskal Telebistan ikus ahal izango dute bi eguneko txapelketa.

Dokumentuaren akzioak