Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Hitzik gabe ulertzen da ondokoari gertatzen zaiona»

Dokumentuaren akzioak

«Hitzik gabe ulertzen da ondokoari gertatzen zaiona»

Cielo Raso dantza garaikideko konpainiako zuzendaria da 2009az geroztik. Hamar ikuskizunetik gora egin dituzte, eta irailaren 19an aurkeztuko dute azkena: 'Tormenta'.

Egilea
Ihintza Elustondo
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/09/14
Lotura
Berria

Berak zuzendutako ikuskizun batean, lehen aldiz ez da dantzan ariko larunbatean Igor Calonge (Donostia, 1974). Gazteszenan aurkeztuko dute Tormenta, eta Beñat Urretabizkaia, Gorka Gurrutxaga eta Nekane Mendizabal igoko dira oholtzara. Hitzak komunikatzeko ezinbestekoak ez direla eta, gorputza izan dute lengoaia propioa eratzeko tresna nagusia. Burua eta gorputza eskutik hartuta doaz, ordea. Bien arteko korapiloa askatzea izan dute jomuga prozesuan.

Zer du bereizgarri Cielo Rasok?

Konpainiaren lana material fisikoari ematen dion arretaren bidez defini daiteke. Sorkuntza guztiak hasten dira material hutsetik. Normalean, hiru gauza lantzen ditut: indarra, gorputzaren mugak eta errepikapena. Ekoizpenak zinemako lengoaia narratibotik hurbil daude; horregatik, kontu handiz zaintzen ditugu eszenografia eta argiztapena.

Dantza eta antzerkia uztartzen ditu konpainiak. Estilo jakin bat duzue?

Konpainiaren estiloa oso argia da. Ikuskizun guztiek antzeko joera dute, nahiz eta proposamen bakoitza eta egindako momentua ezberdinak izan. Antzerkiak gure lanetan eszenaratzeko orduan eragiten du, ekintzak bideratzerakoan eta agertokian izan behar den presentzian. Horrez gain, ikuskizunak kontatzen duenarekin bat, pertsonaiek psikologia bat izaten dute. Karaoke ekoizpenean, zuzenean abesten genuen, baina, oraingoz, ez dugu testurik erabiltzen. Antzerkiarekiko antz handiagoa dugu interpretazioari dagokionez. Nik dantzariei, abilezia teknikoez gain, pertsonaiari eszenan gertatzen ari zaiona interpretatzeko gaitasuna eskatzen diet.

Teknika asko lantzen duzu? Edo dantzariak libre uztea nahiago duzu?

Asko gustatzen zait teknika lantzea. Guztia teknika garaikidetik abiatzen da, nire lengoaia propiotik; azken finean, teknika propio bat da. Gero, jarraibide batzuk ematen dizkiet, nik nahi dudan bidea har dezaten. Aurretik beste pertsona batzuekin egindako lanagatik izan dezaketen guztia kentzen ahalegintzen naiz, bakoitzak duen lan egiteko modu propioa azalera dadin. Apaingarriak kentzea bezala da, interprete bakoitzaren muina aurkitu arte. Horixe da niretzat interesgarriena. Ni hor bidea argitzeko bakarrik nago, eta, beste batzuetan, bidea proposatzeko.

Nola sortu duzue Tormenta?

Oso prozesu zaila izan da, dantzari guztiak lesionatu direlako. Material fisikoarekin hasi ginen, eta, hortik aurrera, espazio bat eratu genuen. Espazio horretan pertsonaiak nola bizi diren landu genuen, eta, azkenean, ikuskizunak kontatzen duena sortu dugu.

Zein materialetatik abiatu zarete?

Gorputzaren mugak bilatu ditugu, eta, batez ere, kontraesanak. Buruak aginduak ematen ditu mugimendua organikoa eta koherentea izan dadin, eta guk kontrakoa bilatu dugu: beste bide batetik irtetea. Gainera, asko landu dugu indarra. Hauskortasunarekin jolas egin dugu, gorputza erronka fisikoei aurre egiten jarriz. Errepikapenaren bidez, muskuluak nekatu arte aritu gara.

Zergatik jarri diozue izenburu hori emanaldiari?

Izenburuak esan nahi duena da erakartzen nauena. Finean, ekaitza hor goian dago, eta, horren aurrean, zuk ezin duzu ezer egin. Denok egoera berean gaude, eta bakoitza ahal duen moduan babesten da. Etxea duena, azpian ezkutatuko da, eta ez duena, busti egingo da. Gure kontrolpetik kanpo gertatzen den guztia irudikatzen du, eta barnean ditugun ekaitzekin duen erlazioa ere interesatzen zait. Gizakiak psikologikoki ezaugarri komunak ditu, eta ingurukoekin erlazionatzean, batzuetan bare gaude, eta beste batzuetan ez. Pertsonen arteko harremanekin ere badu zerikusia.

Hori kontatzen du ikuskizunak?

Beti aukeratzen dugu kontakizun ahul bat. Ez dugu inoiz istorio osorik egiten; nahiko irekiak dira. Dantza garaikidean iradoki egiten da, batez ere. Kontaktua, gorputzarekin egin daitezkeen gauzak eta sentimenduak iradokitzen dira. Interpreteak bere gorputza jartzen du, eta gizakiak beti jasotzen du hortik zerbait. Badakizu noiz dagoen bat umore txarrez, urruti badago ere. Hitzezkoa ez den lengoaia batekin ulertzen da ondokoari gertatzen zaiona. Batzuetan, badirudi dantzariak elkarrizketan ari direla. Une horiek magikoak dira.

Zer eragin nahi duzu publikoarengan?

Beraiei eragiten diena. Azken pasea Gazteszenan egin genuenean, ikusle bakoitzak bere interpretazioa egin zuen. Batzuei piezako alderik animaliena gustatu zitzaien, eta beste batzuk alde gizatiarrenak hunkitu zituen. Bidaiatu egiten du ikusleak ikuskizun honekin. Hori izaten da nire kezketako bat, eta Tormenta-k lortzen du.

Sentimenduekin lotura dute zure sorkuntzek?

Oso pertsona komunikatzailea eta emozionala naiz izatez. Baina interprete gisa, ez zait gustatzen emozioa gehiegi lantzea; beste gauza batzuei ematen diet lehentasuna. Nire barnetik dantzatzen dut, baina kontrolatu egin behar dut, nolabait. Sentimendua denok dugu, eta, finean, guztia sortzen da emozioetatik eta inkontzientetik. Baina ni oso melodramatikoa naiz, eta kontrolatu beharra dut hori. Bestela, kolore asko izango lukete ikuskizunek, baina mezurik ez.

Zenbaterainoko garrantzia du mezuak transmititzeak?

Guztiak du mezu bat. Norbait gurutzatzen duzunean, edo eskua ematen diozunean, mezuak transmititzen ari zara. Garuna itsua da, eta duen gauza bakarra gu gara: eramango duen gorputz bat. Ondoko garun itsuei eragiten.

Igor Calonge —eskuinean—, Beñat Urretabizkaia dantzaria alboan duela.

Igor Calonge —eskuinean—, Beñat Urretabizkaia dantzaria alboan duela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak