Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Hitzek esan ezin dezaketena adierazten da dantza integralaren bidez"

Dokumentuaren akzioak

"Hitzek esan ezin dezaketena adierazten da dantza integralaren bidez"

Garoa Gartziandia, Dantza integrala.

Egilea
Maialen Huarte
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/04/29
Lotura
Guaixe

1.Zer da dantza integrala?
Dantza Integralaren oinarriak mugimendu askea eta gorputz adierazpena dira. Hori guztia sormenarekin uztartuz, pertsonen eta taldearen sormen ahalmena garatzen da. Mugimendura bideratzeko musika, objektuak, metaforak, mugimendu kontsignak eta bistaratzeak erabiltzen dira. Bideratzaileek, ipuin bat bailitzan, proposamen bat egiten dugu, eta norberak garatzen du. Gorputzarekin istorio bat kontatuko du norbanakoak eta taldean sortuko da istorioa.

2. Noiz hasi zinen dantza hori barneratzen, norekin?
2010ean hasi nintzen formazioa egiten. Zaragozan egin nuen, Miren Saralegi eta Belen Capaperen eskutik. Eurek sortutako formazioa da. Mugimenduaren terapeutak dira eta dantza eta sormenean ere formatuak daude, Maria Fuxen metodoarekin. Nik garai honetan adierazteko beharra sentitzen nuen, askotan hitzek ez zuten asetzen nire adierazpen nahia eta beste lenguaia batzuetan arakatzeko irrika sentitzen nuen.

3. Zer eskaintzen dizu?
Dantza honek asko eskaini dit. Epaiketarik gabeko espazio bat sortzen da, unean-unean daukadanarekin sentimenduak adierazi ditzakedan dantza da. Inolako rol edo paperarik segitu  gabe. Adierazpen ez berbalaren bitartez, adierazten ditugu sentimendu, irudi, erritmo propioak, fantasiak, pertsonaiak … Zu zeu, zeure dantza sortzean datza, bizitzaren dantza dela ere esan genezake.


4. Zer onura izan dezake dantza integralak?
Metodo honek mugimendu natural bat garatzeko aukera ematen du. Oso lan askatzailea da, tentsioak arinduz. Gure sormena eta sena esnatzen ditugu lan honen bitartez, eta saioetan gertatzen dena bizitzarako baliagarria eginen zaigu. Gure mugak onartuz, gure gaitasunei indarra ematen ahal diegu.

5. Nola deskribatuko zenuke, nola dantzatzen da?
Beroketa batekin hasten dira saioak, luzapenak, arnasketa eta mugimendu gidatua eginez. Ondoren saio horretako gaia edo materialarekin dinamika ezberdinak egiteari ekingo diogu, bakarka, binaka eta taldeka lan eginez. Amaitzeko, gehienetan lan plastikoa egiten da eta bukatzeko hitz gutxi batzuk konpartitzen ditugu.


6. Irurtzunen ikastaroak eman dituzu. Zer ikas daiteke horrelako batean?
Honelako saio batean esperientzia bat eramango du etxera parte hartzen duenak eta bizitzan bezala, esperientzia guztietatik ikas dezakegu. Eskaintzen dudana espazio bat da, espazio zaindua eta gidatua. Mugimendura bideratzeko dinamikak, ariketak, luzamendu, arnasketa, pauta, musika… Esan genezake gorputzarekin eta dantzarekin harremana sortzeko baliagarria dela. 


7. Zer nolako harrera izan zuen ikastaroak? Jendeak ze sentsazio izan zuen?
Talde txikia izan gara eta lau saio egin ditugu Irurtzunen. Ongi joan da, jendea sentsazio onarekin atera da bertatik, askatzailea, gozamena, gauza berriak deskubritzea. Lakuntzan 4 orduko saio bat egin genuen udaberria ospatzeko.


8. Nork dantza dezake, nori gomendatuko zenioke?
Interesa duen edonorentzat dago irekia, gaitasun eta adin ezberdinetako pertsona orok har dezake parte, ez dugu teknika zorrotzik lantzen. Dena dela, tailerretan, adin mugak jartzen dira haurrak eta gazte/ helduak banatuaz. Dantza Familian ere egin daiteke, guraso eta haurrak nahastuz. Nere saioetan, 15 urtetik gorakoek egin dezakete dantza, eta gaitasun fisiko eta psikiko ezberdinetako pertsonek har dezakete parte.

9. Laster aukera izanen da probatzeko, Sakanan ikastaroak emanen dituzu?
Maiatzaren 16an, Lakuntzako Kultur Etxean, doako saio bat eskainiko dut, Dantza Integrala frogatu nahi duen ororentzat, 15urtetik gorakoentzat, 18:30etatik 20:00etara. Hurrengo ikasturtera begira, lehenengo hiru hilabeterako saioak egin nahi ditut Lakuntzan. Interesa duen edonork, edo gehiago jakin nahi duen edonork helbide honetan aurkituko nau. garogartzi@gmail.com 617108633 telefonoan.

10. Topaketak ere izanen dira.
Dantza Integral Topaketa maiatzaren 20, 21,22an eginen dugu Artiedan. Topaketa honen helburu nagusia Dantza Integrala ezagutaraztea eta zabaltzea da, eta bide batez formazioa egin dugunok topagune eta esperientzia gune bat izatea.

11. Dantza mota hau nondik dator,  nor da aitzindaria?
Maria Fux argentinarra da metodo honen aitzindaria. Maria Fux dantzari profesionala da, bere lagun batzuen alaba gor-mutuarekin esperimentatuz, dantzak onura handiak ekar zitzazkeela ohartu zen, aldaketa pertsonal handiak ematen zirela ohartu zen. Hemendik abiatuta, gaitasun ezberdinetako pertsonekin esperimentatzen hasi zen, Dantzaterapia izenekora iritxi arte. Argetinan da gehien garatu den tokia. Gaur egun Italian ere eskola ditu Maria Fuxek eta dantzaterapiaren kontzeptua oso hedatua dago.

Dokumentuaren akzioak