Dokumentuaren akzioak
Hitzak pausotan
Kukai eta Tanttaka taldeek gaur estreinatuko dute Donostian 'Otehitzari biraka' ikuskizuna
1937, gogoaren bidezidorretatik Kukaik eta Tanttakak aurretik landu zuten obrak bezala, Otehitzari biraka-k dantza, bideo proiekzioa eta musika uztartzen ditu. Hartan, eta Juan Mari Beltranen musikari tiraka, 36ko gerratik ihesi erbestera alde egin behar izan zuten haurren istorioa kontatu zuten, eta oraingoan, XX. mendeko euskal artista handienetako baten obrara jo dute, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Fernandezek idatzitako musika lagun. Ikuskizunaren oinarrian Gabilondok duela hilabete batzuk eginiko irakurketa bat dago. Joxerra Garziaren Itsasoan euri liburuan irakurri zuen Oteizaren aipamen bat, eta hark Orioko artistaren obran sakontzera eraman zuen, batik bat poesian: «Oteiza gizon poliedrikoa izan zen, pizkundeko artista bat, eta ezinezkoa zen haren lana ordubeteko saio batean laburbiltzea. Horregatik, bere alderdi ezagunenetik, eskulturagintzatik, alde egin dugu, eta bizpahiru olerki liburutan oinarritu gara». Oteizak haurren heziketari buruz esandakoetan eta artistak bere haurtzaroaren gainean idatzitakoetan erreparatu du Gabilondok gidoia idazteko, «berak garrantzi handia ematen zielako bi esparru horiei, arteari eta hezkuntzari. Beti esaten zuen haurren heziketan arteari kasu eginez gero beste modu batean bizi ahal izango zela». Ez dira horiek ikuskizunerako baliatu dituen testu bakarrak, Otehitzari biraka-k eskultura zergatik utzi zuen, Venezian 1988an egindako arte biurtekoan jasandako «tratu txarra» eta bere emaztearen heriotzak eragindako samina azaltzen baititu dantzaren, hitzaren eta musikaren bidez. «Bere ideia asko kanpoan gelditu dira, Jainkoarekin izandako elkarrizketak, esate baterako, baina ezinezkoa zen dena jasotzea». Oteizaren hitzak dantzaren bidez transmititzearen zailtasunak aipatu zituzten atzo proiektuaren arduradun guztiek, eta talde osoak lan handia egin behar izan duela azpimarratu zuen Maiak: «Mireiak ekarritako ideia genuen hasieran; besterik ez. Ondorioz, bata besteari aurkitzeko lana egin behar izan dugu. Dena zen berria».
Dantza, ideiak kontatzeko
Koreografia egiteko euskal dantza tradizionaletan oinarritu da Maia, «bestelako sentimenduak islatzeko ere balio dutelako». Hala, dantza zaharrak eta obrarako asmatutakoak uztartu ditu, baina betiere obraren ideiak «dantzaren hizkuntzaren bitartez» igortzeko asmoarekin. Izan ere, Maiak gogora ekarri nahi izan zuen dantza tradizionala ohikoak ez zaizkion espaziotara eraman daitekeela: «Gauzak kontatzeko erabil daiteke».
1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskizunean ez bezala, musika obrarako idatzi dute espresuki. Urdangarinek onartu zuenez, «erronka handia» izan da Oteizaren lanean oinarritutako obra batentzako musika sortzea: «Bagenekien ezinezko zela erabat asmatzea, eta Oteizak berak larrutu egingo gintuela. Hori dela eta, berak egingo lukeena egin dugu: barrutik atera zaiguna».
Musika egiteko orduan «Oteizaren itzala» gainean izan dutela onartu arren askatasunez jokatu dutela azaldu zuen Urdangarinek: «Saiatu gara inozentziatik hasten. Ez dugu Oteizaren lana asko ezagutzen, eta hortik abiatu gara; umiltasunarekin eta jakinda ez dugula jende guztia gogobeteko».
Dantza tradizionaletan oinarritutako ikuskizuna izanagatik ere, musikariek muzin egin diete dantzak erabili ohi dituen tresnei, eta biolinarekin, gitarrarekin, ahotsekin eta elementu elektro-akustikoekin osatu dute musika. «Musika hustea izan da gure abiapuntu nagusia. Esatea baino iradokitzea izan da gure helburua, eta horretarako melodia gutxi sartu ditugu. Musika atmosferikoa da». Jorge Oteiza bera ere azalduko da ikuskizunean, proiekzio batek haren hitzak ekarriko baititu ikuskizunera. Bestalde, kantuetan eta poesia grabaketetan Mikel Laboaren, Nestor Basterretxearen, Pello Zabalaren, Xabier Leteren eta Joxe Angel Irigarairen laguntza izan dute. Oholtza arbela handi bat izango da, eta dantzariek arbela horren gainean marrazten duten tizen lekua hartuko dute, Gabilondoren esanetan, «Oteizari eginiko omenaldi txiki honetan».
Dokumentuaren akzioak