Dokumentuaren akzioak
Hitza protagonista Maitaldian
Hors Serie hip-hop konpainiak lehen aldikotz aurkeztuko du gaur 'Sekel', Miarritzen
Hitz lasoko lekukotasunak. Dantzarien hitza, gogoeta. «Zein ote da bakoitzaren papera jendarte honetan? Sekel izeneko sorkuntza hau iduriz aski berezia izanen da. Hasteko, Hamid Ben Mahi koreografoak lanaren esplikatzeko zailtasunak ditu. «Ez da batere ikusteko usaia dugun ikusgarrien eskeman sartzen» zioen, eta bereziki hip hoparen eskema horietan. «Ezin da erran ikusgarri ederra dela. Izatekotan interesgarria izan daiteke», zeritzon. Ben Mahik lan honentzat Frantzian gaindiko dantzari on batzuk gomitatu ditu. «Ikusgarriari zentzu bat ematea garrantzitsua zitzaidan. Horretarako, dantzariak taula gainean beren biziaren aipatzera gomitatu ditut. Dantzariak bikainak dira. Baina, inondik ere, bost gizon dira eta emazte bat. Hautu horrek berak jadanik arazoak sortzen ditu. Zergatik emazteak jendartearen baitan bere lekua lortzeko bi aldiz gehiago borrokatu behar du? Zergatik koloredunak besteak baino gehiago borrokatu behar gara? Gisa horretako galderak pausatuko dituzte inguratzen gaituen munduaz. Adina hartzen ari diren dantzariak dira. Haurrak badituzte. Zer bilakatuko dira?». Ez da usaiako koreografiarik izanen. «Lau-bost dantzari taula gainean, denak gauza bera dantzatzen, dena polit, zer erran nahi du horrek? Ongi gaudela elkarrekin?».
Dudak eta kezkak nagusi
Guztia dudan jarriko dute dantzariek. Segurtamen guztiak galdezkatzen dituzte ikusgarri honetan. «Gaur egungo munduko errealitatea zaila eta konplikatua da. Horren aitzinean ezinezkoa zitzaidan ikusgarri dibertigarri baten asmatzea. Lan eder eta huts bat eskaintzea ikusleari gezurretan aritzea litzateke, nire iduriko. Jadanik egina dugu hori. Baina orain, urrunago joan nahi dugu».
Alderantziz, aldi honetan denbora hartu nahi izan dute zertan diren begiratzeko. «Nora goazen aztertzeko. Badakigu ikusgarri honetan ezingo dugula mundu guztia gure alde ukan. Batzuk ez dute ulertuko. Ikusgarriak jenatuko du, galderak pausaraziko. Hori da justuki gure helburua». Alabaina, Maitaldiak hitza hartzeko aukera ematen die eta ez dute parada horren huts egiteko menturarik. «Maitaldiaren baitako programazioan onartuak izatea guretzat biziki garrantzitsua da, hip-hop dantzaren ezagupen bat da. Beste dantza espresabideen heinean jartzen da». Ezagupen bat eta desafio bat. «Hip-hop dantza akitzen ari den garai batean gaude. Anitzek utzi dute. Ez zekiten zeren behar geunden. Mugimenduko talde gogorrenak, aldarrikapenez josiak ziren horiek gelditu dira. Txintxoak, dantza ederra egiten dutenek, horiek bai segitu dute. hori baita ikusi nahi. Baina azken finean, horiek ere beren buztana ausikitzen ari dira. Beti dantza bera ematen dute. Hein batetik goiti, ez da gehiago zentzurik. Gu ere kasu horretan gaude. Horregatik zaigu hain garrantzitsua berriz ere zentzua biltzeko denbora hartzea». Ororen buru nortasunaren arazoa dute ekartzen mahai gainera. «Gure jatorriaz gure koloreaz. Nahiko genuke gauden bezala onartuak izatea. Hori da nolazpait erraiteko pasarazi nahi dugun mezuetariko bat. Anitzetan biharko Frantzia gaudela entzuten dugu. Baina guk gaurko Frantzia dugu nahi izan, biharkoa gure haurrena da. Frantses gisa onartuak izatea nahiko genuke. Bai, larrua koloretsua dut, baina nire jatorrizko herriaz ez dut fitsik ezagutzen. Aljeriaz ez dakit deus. Ez naiz hango hizkuntzan mintzatzeko gai ere», bururatu zuen Ben Mahik.
Dokumentuaren akzioak