Dokumentuaren akzioak
Historiaren zubian dantzan
Aukeran konpainiak bihar estreinatuko du Arriaga antzokiarekin elkarlanean ekoitzitako 'Burnia' ikuskizuna, Bilbon
Dantzaren arinaren eta burdinaren astunaren artean zubiak eraiki ditu Aukeran-ek, nola
begiratzen diren muturreko izan daitezkeen elementu eta egoerak
elkarrekin lotuz eta errepikaezina izango den ikuskizuna sortuz: Burnia.
Bilboko Arriaga antzokiarekin elkarlanean ekoitzitako lana bihar
estreinatuko du. Beste bi emanaldi ere egingo ditu, etzi eta etzidamu,
20:00etan denak ere.
Bilboko Udal Bandak interpretatuko du zuzenean Fernando Velazquezek Burnia-rako
beren beregi sortutako musika. Eta Aukeran konpainiako zuzendari Edu
Muruamendiarazek adierazi du horrek «bakar eta errepikaezin» bihurtuko
dituela Burnia-ren hiru emanaldiak. «Ezingo dugu berriz ere horrela eman, ez behintzat bitarteko horiekin guztiekin», ohartarazi du.
Obra
bat elkarlanean ekoizteko aukera eman zion Arriagak Aukeran
konpainiari, eta Bilbon eta Bizkaian hainbesteko garrantzia izan duen
burdinaren inguruan ontzea erabaki zuen Muruamendiarazek. Unai
Elorriagari proposatu zion gidoia lantzea. Idazleak «harriduraz» hartu
zuen eskaintza, artean burdinak historian izandako garrantziaz
hausnarketa sakonik egin gabea baitzen. Pentsatzen jarrita atoan etorri
zitzaizkion ideiak. Zer eta Euskal Herriko historiaren zati bat pasatu
zitzaion begien aurretik. «XIX. mendea baino lehenagoko burdinolez
gogoratu nintzen, eta Labe Garaiez gero. Baina tartean egon ziren gerra
karlistak, eta ondoren ingelesak etorri ziren. Espainiako gerra izan zen
gero, eta harekin batera Burdin Gerrikoa. Ondoren, etorkinak etorri
ziren industrian lan egitera».
Metalezko musika
Historia egin duten burdinari loturiko aro eta gertakari horiekin osatu du Burnia.
Historiako atal bakoitzari obrako atal bat eskainiz. Esanahi historiko
handiko ikurren bitartez lotu ditu Elorriagak, zubi eta trenen bidez.
«Pasarte bakoitza zubiaren irudiarekin hasten da, eta trenarekin
amaitzen», azaldu du idazleak. Hots, atal bakoitzaren hastapenean
zubiaren irudia iradokiko duen off-eko ahots bat mintzatuko da.
Eta Elorriagak berak idatzitako poemak errezitatuko ditu gehienetan.
Atalen amaierako trenen irudia dantzariek taularatuko dute. «Eta hor
daude ideiak. Zubiek zer lotzen eta banatzen duten. Eta gerretan
zergatik suntsitzen dituzten». Ideia nagusiak, baina ez denak. Izan ere,
bada besterik: «Herrenaren figura». Herrenak irudikatzen eta
ordezkatzen duena.
Muruamendiarazek esan duenez, herrenaren
irudia desberdin mugitzen den dantzarian islatuko dute. Eta uneren
batean, denak mugituko dira desberdin, denak herren bihurtuz.
Hamar
dantzari izango dira oholtzan: Ander Errasti, Naikari Galarraga, Ioritz
Galarraga, Ane Anza, Ekain Kazabon, Ione Iriarte, Aritz Iglesias, Nerea
Gurrutxaga, Martin Barandiaran eta Helis Legorburu.
Fernando
Velazquezen Burdinazko musikaren doinuen erritmopean ariko dira.
Velazquezek Bizkaiko Labe Garaiez dituen suzko oroitzapen beroetan oin
hartu du musika sortzeko. «Zarata handia dago, apurtzeak sortzen duen
zarata», azaldu du konpositoreak. Emaitza «oso metalezkoa eta
pelikulakoa den musika» dela dio Muruamendiarazek. Konpositorearen lan
egitea ez zaiola «erraza» suertatu esan du koreografoak. «Hasiera batean
kostatu egin zitzaidan bidaltzen zizkidan musikak identifikatzea».
Velazquezek nabarmendu du Burnia
«egile askoren» obra dela. «Hain zuzen, horretan datza bere
aberastasuna. Askoren sortze prozesua izan da, eta jatorri desberdineko
energiak biltzetik aurrez inork espero ez zuen obra atera da». Juan Jose
Oconek zuzenduko du Bilboko Udal Banda. Eta Muruamendiarazekin batera,
Carlos Roo eta Daniel Bianco izango dira eszena zuzendari.
Muruamendiarazek dio Aukeran-en estiloko obra dela Burnia,
konpainiak orain artean egindakoaren segida dela, baina urrats bat
aurrera egin dutela. Berritasunen artean aipatu du eszenografia.
«Minimalistagoak ziren gure aurreko lanak. Oraingo honetan, burdinazko
egiturekin jolastu gara», esan du Aukeran-eko koreografo eta
zuzendariak.
Aukeran konpainiak burdinaren inguruan sortu du Burnia obra. / AUKERAN KONPAINIA
Burdinazko egiturak erabiliko dituzte. / AUKERAN KONPAINIA
Dokumentuaren akzioak