Dokumentuaren akzioak
Historiako lehen emakume bordon-dantzariak Tolosako San Juanetan
1321eko Beotibarko gudarekin lotzen den dantza hau, mendez-mende urtero dantzatu izan da Tolosako San Juan egunean, eta gaur arte, gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute.
Gaurkoa, beraz, urrats garrantzitsua izan da berdintasunaren eta parekidetasunaren bidean, dantza honek Tolosan duen balio sinbolikoarengatik eta aldaketa honek, tradizioak ulertzeko eta interpretatzeko ikuspegi dinamikoa gailendu dela adierazten digulako.
1973. urtean eskopetarien tradizioa berreskuratu eta urte gutxitara sortu zen emakumeez osaturiko eskopetarien konpainia. Handik aurrera emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izan da.
Gaur egun gizonen eta emakumeen parte hartzea guztiz normalizatuta dago eskopetarien konpainietan. Berdintasunera bidean gertatzen den koska bakarretako bat, oraindik ere, kapitain gehienak gizonezkoak izatea da.
Gaurko egunez sekula baino biziago eta indartsuago ikusi ditut gure tradizioak. Izan ere, tradizioek bizirik iraungo badute, garai berrietara egokitzen jakin behar baitute.
Zorionik beroenak, urrats hau eman duen dantzari taldeari, urrats hau, inolako polemikarik sortu gabe eta normaltasun osoz eman dutelako. Eta bereziki lehen bordon-dantzari emakumeei. Gaur, historia egin duzue!
Dokumentuaren akzioak