Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Historia nahasiaren isla

Dokumentuaren akzioak

Historia nahasiaren isla

Pagola herriak 'Domingo Garat' pastorala agertuko du igande honetan eta hurrengoan
Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/07/23
Lotura
Berria
Pagola herrian (Zuberoa) trageria edo pastoral bat paratzea berriz ikus dadin, 37 urte igurikatu behar izan da. Baxenabarre eta Zuberoako mugan, Oxkaxeko lepoaren altzoan den herri polit honek taularatutako azken pastorala Junes Casenave-Harigile zenak idatzi Pette Basabürü izan zen, 1982. urtean...

Kasik 40 urteko hutsunea, beraz... baina arte handi horrek transmisioa ez duela eten argi eta garbi agerrarazi du joan den igandean eginiko mustra edo saialdi nagusiak. Pagolak aurten aurkeztuko digun trageria, Domingo Garat, datorren igande honetan eta hurrengoan —agorrilaren 4an— oholtzaratuko dute, 15:30ean. Frantxoa Caset herriko semeak idatzi du obra. Caset kantari gisa ezaguna izan zen garai batean, gehienetan bere arreba Solange Caset-Ximitzekin ari zelarik. Errejent edo taula zuzendari kontura, berriz, esperientziako norbaiten beharra zutenez, Jean-Fabien Lexardoi barkoxtarraren bila joan dira. Kantarien trebatzeko, berriz, beste barkoxtar bat dute aukeratu, hori ere eskarmentuduna: Sophie Larrandaburu. Zuberoako dantza-jauzi eskolarik ere ez zeukatenez, eskolatzaile hoberenetara jo dute pagolarrek: Altzürüküko Jakes eta Pette Jaragoihen aita-semeak.

Herritar idazle trebatu bat, errejent, kantu irakasle, dantza eskolatzaile hautak bilduta eta sei hilabetez trebatzen eta trebatzen ari izanez... 15:30ean ttanko hasita, Entrada-ko martxaren doinuarekin eta azken kantorea-ren emaitearekin bururatuz egin zuten mustra nagusia. Bien bitartean, 22 jelkaldiak antzeztu dira, horien barne direla hamahiru kantoreak, hiru gudukak, bi dantza emanaldiak, satanen jauziak, lehen eta azken perediküak... Sei hilabeteren luzeran astero saialdiak eginda —azken denboretan astean bi trebaldi ere bai—, arizale edo aktoreak plantan izatea ez da batere harritzekoa. Artzainen agerraldiko parte diren ardiak... Agian ez ziren erabat ohituta; mustra nagusian egin zuen bero sapagatik ere nardatuta zeuden, seguru asko! Zailtasun batzuk egon ziren oholtzara hurbilarazteko eta igoarazteko, gatzaren eskaintzeko keinuak nolabait lagundu zuelarik. Oholtzatik jaisteko, aldiz, arazorik ez zen izan... jauzika eta saltoka ere alde egin zuten, jendeen artetik!

Melopeia berria

Mustra nagusiaren ikustera datozen gehienak herritarrak berak dira; hain zuzen, tauladan aktore gisa agertuko ez direnak. Oholtza gainean ehundik gora lagun egongo dira, eta ia beste horrenbeste behar dira pastoral eguneko antolakuntza lanetarako, dela ikusliarren ibilgailuak inguruko soroetan jarrarazteko, dela sarreretan jarduteko, dela ostatuan zerbitzatzeko... Horiek guztiek pastoralaren agerralditik gutxi dute ikusteko aukerarik izango. Hortaz, mustra nagusian, publikoaren rola betetzen dute, baina herriz kanpotik ere, haatik, jendea dator. Lagun horiek dute, beraz, Domingo Garat pastoralean, aurrekoei alderatuta, egongo diren berezitasun edota aldaeren berri hartu, estreinaz. Ikuskizun baten aurrez deskribatzea ez baita sobera komeni, erran dezagun soilik azken perediküaren abestearekin jendea ohartuko dela melopeiaren doinua aldatu egin dutela. Haatik, melopeia geratzen da... hau funtsezkoa baita, ukitu ezineko arau izanda! Pastoralen aspaldiko jarraitzaileek atseginez hartuko dute antzerki jokoan hil egiten den gaizto bat ere... Satanek tauladako zuloan behera botatzea! Azken urteotako pastoraletan ez zen horrelarik ikusi. Frantziako Iraultzaz zeozer dakitenek ezagutuko dute, halaber, 14. jelkaldian emakume talde batek taula jokoarekin batera ematen duten abestiaren doinua, hori baita La Carmagnoleezaguna, baina euskarazko hitz ezberdinekin.

Euskal Herria defenditu

Pastoral honek goraipatzen duen pertsonaiaz bi hitz errateko, zehaztu behar da lehendabizi Uztaritzeko seme ziren Garat anaiak, Josepe eta Domingo, Lapurdiko ordezkari izendatu zituztela, Luis XVI.a Frantziako erregeak 1789ko urtarrilean Parisko Batzar Nagusietarako deia egin zuelarik. Gertakari horrek iraultza piztea ez zuen oztopatu, eta Luis XVI.ari eta Maria Antonieta erreginari lepoa moztu zieten... Iraultzak urteetan aurrera eginda, Frantzia bat eta bakarraren aldeko jakobinoek garaiturik, herri ezberdinetako azken zuzenbide eta askatasunak ezabatu zituzten 1789ko agorrilaren 4ko gaualdi tamalezkoan. Garat anaiek erabaki hori salatu zuten, eta Ipar Euskal Herrian oldartzeak ere gertatu ziren, baina alferretan. Ipar Euskal Herriko jendea biarnesekin uztartu zuten Pirinio Behereak Departamenduan.

Frantses iraultzaileek Frantziaren aldeko lotura nolabait sendotzea lortu zuten, iparraldeko euskal herritarrak ere Espainiaren kontrako gerran parte harrarazita. Askok hegoaldeko euskal herritarren aurka borroka egitea ukaturik eta ihesari emanik, Frantziak basaki erantzun zuen Lapurdiko Ainhoa, Azkaine, Biriatu, Ezpeleta, Kanbo, Itsasu, Larresoro, Lekorne, Makea, Sara eta Zuraide herrietako 4.000 biztanle inguru Landetara deportatuz, eta horietarik anitz hil ziren.

Domingo Garat, berriz, Frantziako Iraultzarekin nolabait konpondurik, bertako politika bideetan lasai asko ibili zen. Azken batean, Ipar Euskal Herrira bueltaturik, Uztaritzeko auzapez izendatu zuten. Erran daiteke, alde batetik, euskal kulturaren eta tradizioen aldekoa izan zela; eta, bestalde, Frantzian bere burua ongi kokatu zuela ere bai.
Frantxoa Casetek idatzitako <em>Domingo Garat</em> pastoralak hainbat berrikuntza dakar. Argazkian, igandean egin zuten mustra nagusia, Pagolan.
Frantxoa Casetek idatzitako Domingo Garat pastoralak hainbat berrikuntza dakar. Argazkian, igandean egin zuten mustra nagusia, Pagolan. ALLANDE SOKARROS 

Dokumentuaren akzioak