Dokumentuaren akzioak
Historia eta dantza muinean
Duela urte bat ematekoa zuen Arrola dantza taldeak Izan baita ikuskizuna. Pandemiagatik ez zen eman, eta hetsialdia bururatzeaz baliatuko da Baigorriko Kulturaldiaren karietara aurkezteko, ekainaren 20an, Baigorriko (Nafarroa Beherea) ezkerparetan, 16:00etan.
Arrola eta Garaztarrak taldeetako 33 dantzarik, hamahiru musikarik eta bi antzerkilarik parte hartzen dute. Nafarroako konkistaren eta Etxauzia jauregiaren historian girotu dute gidoia. Eñaut Zaldunbide dantzari eta musikariak zuzendu du Izan baita. «Duela lau urte abiatu zen ideia», gogorarazi du Zaldunbidek: «Arrolaren azken ikusgarri handia Mihimena izan zen, duela hamabi urte. Nahi genuen ikusgarri berri batez zerbait markatu gure belaunaldiarekin». Ordu berean hasia zen Etxauzia herritar ekimenez erosteko diru bilketa.
Zenbait denbora iragan zen argi bat ukan arte: «Gilen [Zaldunbide] anaiarekin Argia dantza taldearen Martin Zalakain ikusi genuelarik, pizgailua izan zen. Formatua maitatu genuen: antzerkilari batek hari gorria atxikitzen zuen istorio bat kontatuz. Ez ziren dantzak justu dantzan aritzeko publiko aitzinean».
Buruan zituen dantza ideiak Etxauziarekin lotuz zerbait muntatzea proposatu zion taldeari.
Loralditik histera
Antton Kurutxarri historia irakaslearengana joan ziren, Nafarroako Erresumaren historiari lotu nahiz Etxauziarena. «Nahi genuen Etxauzia aipatu Nafarroako konkistan», erran du Zaldunbidek.
Bi parte jalgi dituzte emanaldirako: garai joriak eta gainbehera. «Lehen partean, pertsonaia nagusietan bada Etxauzeko Joan —Nafarroako pertsona inportantea, erregeren lehen zaldunetan—. Urte ederren parte uros bat». Garai ilunagoak jorratzen dituzte bestean.
«Baxenabarren agaramontarren eta beaumontarren artean izan zen gerla zibila, hor hasi baitziren urte txarrak». Katalina erregina ere agertu dute pertsonaietan, makurtuen arteko harremanak berriz josi zituena. Harekin, Etxauzeko Gexan eta Gaztelako erregina Isabela. «Hortik goiti, borroka dantzak dira gehienbat, non espainolak sartzen diren Nafarroan. Gainbehera segitzen da».
Bukaera lazgarria izan zen bezala atxiki nahi izan dute, eta ez dena airos eta handios, ikuslea biltzeko: «Ez dut nahi ikusgarri bat non denek sokadantza alai batekin bukatzen duten».
Asmakuntzarik ez zuen nahi Zaldunbidek, eta tokiko dantzen oinarrira jo du estetikaren bila. «Ez da sorkuntza; ez dut batere maite sorkuntza hitza. Dantzetan, nahi izan dut atxiki estetika bat gurea dena, non lasai garen: lurrean dantzan. Ez gara joan dantza bizkaitar edo gipuzkoarren bila, harrigarri edo ikusgarriagoak liratekeelakoan». Dantza jauzi, mazurka edo soken tokiko urratsen egiteko moldea bilatu du: «Gure urratsetarik partitu gara; dantzek zerbait konta dezaten. Ez dugu egiten fandangorik publikoaren parean, lehiaketa batean bezala».
Aski kontent da emaitzarekin Zaldunbide. Dantzen soiltasuna azpimarratu du: «Duen indarra da dantzari guziak ari direla estilo batean non goxoan diren, ezenez eta teknika ikaragarri baten erakustaldian».
Ekhi Lambert musikagile eta kantariak ditu moldatu dantza eta kantu zatiak, eta orkestra zuzendu du. Oholtzan izanen da gitarra jotzeko eta kantatzeko. Dantza eta kantu batzuk bazituen jadanik, besteak beste, Oskorrirenak. Musikariak Arrola dantza taldekoak dira, bai ere profesional batzuk. Denetarat, hamabost bat. «Horren arabera idatzi ditut moldaketak», esplikatu du Lambertek: «Estetika tradizionala da, baina hautaketan banuen askatasun osoa. Egia erran, izugarri plazer hartu dut».
Musikaren dantza
Tradiziozko dantzak eta kantuak izan ditu oinarri Lambertek, eta horien lerro nagusiari jarraikiz egin ditu moldaketak: «Dantza tradizionalean, baduzu partitura bat eta instrumentu nagusi bat: txistua edo gaita, adibidez. Demagun jota bat bi gaitak jotzen dutena; beraz, bi bozetan idatzia. Boz nagusia da errespetatu behar».
Dantzatua izateko egina da; beraz, dantzariek aise markatzeko erritmoan: «Erritmoa dantzak inposatzen du. Musika idaztean, behar da beti dantzari pentsatu; erritmo azkarretan, gauzak ontsa markatu dantzarientzat. Gauza argi eta ozenak behar dira tarteka, indarra emateko dantzariei».
Zaldunbiderekin mintzatuz, Nafarroako eta Etxauziako historiari lotu giroak bilatu dituzte: «Eñautek eman dizkit jarraibideak: 'Hor da pertsonaia gaiztoen sartzea', edo 'ezkontza da'. Musika idaztean, laguntzen du jakiteko zer intentzio eman».
Bi hilabetez idatzi zituen musikak Lambertek, eta errepikatzen hasi ziren. Beste urrats bat. Idatzi guzia igorri zien musikariei: bakoitzari bere tresnaren araberako partitura; partiturak tresna guziekin; eta ordenagailuz egin grabaketak. «Ene ustez, idazketa lana osoki pentsatu eta bukatu behar da, eta gero errepikak hasi; nahiz gero gauzak alda daitezkeen koherentzia aurkitzeko».
Soinu tresna andana ukan du harmonizatzeko: «Ukan ditudan sorpresen artean, txistuaren, txirularen eta kobreen arteko jokoa izan da. Berridazketa batzuk egin ditut». Batasun bat bilatu du, baina instrumentu bakoitzari bere lekua bermatuz. Nahiz eta soinu anplifikazioa ukanen duten emanaldian, Lambertek entzumen akustikoari pentsatu dio lehenik: «Entseatua naiz anplifikatu gabe ozenaraztera».
Emanaldian, orkestrak zuzenean joko du. Xendarineko ahizpak ariko dira kantuz, Lambert eta Jokin Irungaraiz gain. Argi eta soinu muntadurak izanen dituzte.
Buxet gotorra dute: 30.000 euro. Horretarako diru laguntzak eskuratu ditu Arrolak.
Dokumentuaren akzioak