Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hirurogei urte dantzan

Dokumentuaren akzioak

Hirurogei urte dantzan

Iñaki Irigoien (Bilbo, 1935) dantzariari omenaldia eskainiko zaio bihar, hirurogei urte luzez “euskal folklorearen mesedetan” egindako lan eskergarengatik. Nik gaztetandik ezagutu izan dut Iñaki dantzariz inguratua. Iñaki kementsua eta apala, beti prestu eta inori laguntzeko gertu.
Egilea
Luis Aranberri Mendizabal
Komunikabidea
Eibar.org
Mota
Iritzia
Data
2013/04/12
Lotura
Eibar.org

Dindirri taldean hasi zen dantzan Iñaki Irigoien, 1952an. Alfontso anaiak (euskaltzaina izatera iritsi zena) soldadutza egitera joan behar izan zuen eta Iñaki gazteari egokitu zitzaion anaia nagusiaren oinordekotzaz arduratu beharra, ezpata-dantzan haren zuloa betetzea alegia.

Aita Txanton Goiriak (Eibarren izan genuen karmeldar abertzale amorratua) esan ohi zuenez, 1944an sortutako Dindirri taldea “Euskal Herriaren ispilu” zen munduan. Baina ez, horratik, talde bakarra. Garai edo giro beretsukoak ziren, besteak beste, Goizaldi, Oldarra, Duguna, Txiribil, Olaeta, Gaztedi eta beste hainbat. Orduan, dantzan egitea zen euskaltzale eta abertzale agertzeko modua. Iñakiren hitzak aipatzekotan: “Euskal Herriko jendeak, diktaduraren urte ilun haietan, bere kulturaren egarri zen. Egia da euskal kultur usainik zuen beste gauza askorik ere ez zutela egiten uzten garai haietan”.

Iñaki –gutako asko bezalaxe— dantzan egiten hasi zen gaztetan, baina ez horretan soilik geratu. Ondotik dantza-irakasle izan zen, suspertzaile, antolatzaile, ikertzaile eta biltzaile. Euskal Dantzarien Elkartearen (Baiona, 1966) sortzaileetakoa (eta lehendakari) izan zen, lehen Dantzari Egunen (Iruñea, 1978 – Bilbo, 1979) eragile eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren aita eta ama.

Hirurogeiko hamarkadan zehar loratutako dantza-lehiaketak, agerraldiak eta euskal jaiak izan ziren garai hartako euskal mugimenduen adierazgarri nabarmenak. Esaterako, Debako Euskal Jaian (1965) 50.000 lagun bildu  ziren (“Txistulari” aldizkariaren datua),5 tren berezitan, 180 autobusetan eta 1.400 beribiletan bertaratuak. Gogoan izan urte berean sortu zela Eibarren  lehen "umien euskal jai nagusia".

Iñaki Irigoienek berak idatzi bezala (Euskal Dantza, 50 urteko historia laburra): “Hamarkada hau, batez ere erdi aldeko urteetan, oso garrantzitsua izan zen, gazteria pil-pilean zegoen, dantza-talde asko eta jaialdiak ugariak eta jendez beteak. Indar hau folklorekeria hutsean geratuko ote zen beldurra agertzen hasi ziren, kritikak eginaz, toki ezberdinetatik. Bai politikan mugitzen hasiak ziren gazte askoren aldetik eta bai euskararen egoera bizkortu eta indartu behar zela esaten zutenen aldetik”.

Ordudanik urte mordoa joan da. Gauzak dezente aldatu dira geroztik. Baina oraindik ere, lantzean behin, laurogei urteak noiz beteko zain, Iñakik dantzan egiten jarraitzen du. Zorionak, eta ez gero etsi!

Hirurogei urte dantzan

Iñaki Irigoien

Beobide, Olaizola, Irigoien. Durango, 1975

Iñaki Beobide, Imanol Olaizola eta Iñaki Irigoien, Durangoko Liburu Azokan (1975).

Dokumentuaren akzioak