Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hirugarrenean, ezpata dantza

Dokumentuaren akzioak

Hirugarrenean, ezpata dantza

Euskal dantza jaialdia berreskuratu dute sanferminetako lehen egunean, lau urtez bertan behera utzi ondotik. Jendetza bildu da, «garai bateko giroa berreskuratuz».
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2023/07/07
Lotura
Berria

Dantzari bat Lesakako aurreskua dantzatzen.

Azkenean; hirugarrenean, bai. 2020an erabaki zuten Iruñerriko dantza taldeek Lesakako (Nafarroa) ezpata dantza plazaratuko zutela uztailaren 6ko emanaldian, baina behin eta berriro egin du huts asmo horrek, aurten arte. Dantzariek plazako tuneletik ateratzean ahoan alderik alde marraztua zuten irribarreak argi utzi zuen haien irrika. COVID-19ren pandemiak zapuztu zituen asmoak 2020an eta 2021ean; euri zaparradak, iaz. Aurten ere iragarria zuten euria egiteko aukera, baina txistularien doinuekin batera eguzkia atera zen plazara. Dantzariek Lesakako ezpata dantza eta Eltziegoko (Araba) dantzak plazaratu zituzten jendaurrean, eta publikoarekin batera Laminarrak jauzia, jota, porrusalda eta larrain dantza eginez borobildu zuten eguna.

Dantzariak ez ezik, ikusleak ere gogotsu ziren. Lau urte igaro dira azken emanalditik, eta jendea mukuru bildu zen Foruen plazako belardietan dantzarien emanaldiaz gozatzeko. Leire Leza Mikelats taldeko dantzariak hala sumatu zuen: «Jendeak gogoa zuen iaz bertan behera gelditu zelako, eta nabaritu da aurten jende gehiago etorri dela. Garai bateko giroa berreskuratu dugu». Izan ere, kezka ere bazuten dantzariek, ez ote zen ikusle gutxiago azkenengo urteetan.

Urtero talde bati dagokio plazako kalejira irekitzea, banderak astintzea eta musika ematea. 2020tik zain egon da Atarrabiako (Nafarroa) Mikelats taldea hori egiteko. Atzo bai, atzo harro atera ziren Mikelatsekoak dantzari guzien buru. Hasierako Agintariena dantzan ikurrina eta Nafarroako bandera atera zituzten erdira, eta Leza izan zen bandera astintzeaz arduratu zenetako bat. «Sekulakoa izan da. Tuneletik atera eta jende guzia oihuka eta animoak ematen hasi da, eta oilo ipurdia jarri zait», esan zuen. Plazari itzulia eman ondotik hasi ziren dantzak. Beste aldaketa bat ere sumatu zen: talde ia-ia guziek hautsi zuten lehenago dantzetan egin ohi zuten genero bereizketa. Atzo, denak izan ziren dantzari.

Egun berezia izaten da dantzari gehienentzat. Lezak aitortu zuen haien herriko bestetako emanaldia kenduta, sanferminetakoa dutela maiteen. «Gogoz prestatu dugu, berezia eta polita baita egun hau. Aurten, gainera, taldea berritu egin da». Emanaldiaren buru izanda, are bereziagoa izan zen Mikelatsekoentzat. 

Lesakako dantzak egin zituzten, lehenbizi. Urtez urte atzeratu diren horiexek. Edurne Iturmendi Oberenako dantzariak lehenbiziko urtea zuen Foruen plazan. «Oso hunkigarria izan da; entseguan harrituta gelditu nintzen hainbeste jende plazan batera dantzan ikusita, eta gaur, hor barruan egoteko aukera izatea... oso hunkigarria izan da». Asteartera arte beldurrez egon zirela aitortu zuen, baina aurreikuspenak hobetuz joan ziren ondotik. Ateri zen azkenean. «Ongi atera da. Urduritasunarekin eta adrenalinarekin bizi eta pizten zara, eta dena hobeki ateratzen da».

Melodiak, txistuka

Lesakako dantzetan unerik bitxiena gertatu zen. Zeharkakoa jotzen hasi bezain pronto isildu ziren mikrofonoak, eta txistuak urruti aditzen ziren. Halako batean ikusleak melodia hori kantatzen edo txistuka hasi ziren, dantzariei laguntzeko. Aurreskua hasi aurretik piztu ziren berriz bozgorailuak, eta txalo zaparrada aditu zen plazan.

Arazo tekniko gehiagorik ez zen izan. Eltziegoko dantzekin hasi zen bigarren partea. Gaita doinuek aski bete zuten plaza, baita dantzarien koloretako mantoiek eta gonek ere. Jotarekin bukatu zuten, eta kaskainetak gogotik astindu zituzten, ia gaiten doinuak estaltzeraino.

Ekitaldi ederra eskaini zuten dantzariek, baina unerik berezienetakoa bukaerakoa izaten da, ikusleak ere dantzara ateratzen direnean. Lagunarekin, senide batekin edo han bertan aurkitutako bikotearekin egin zuten larrain dantza osoa, ondorioa izerdia goitik behera botatzea bazen ere. Zapi gorriak airean eta kalejiran bukatu zen jaialdia.

Dantzari bat Lesakako aurreskua dantzatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU

Dokumentuaren akzioak