Dokumentuaren akzioak
Hiru txistulari handiri esker ona
'Txistulari' aldizkarian egindako lanagatik dominak banatuko dira biharko batzarrean. Bihar txistu festa egingo da Urretxun eta gaur Donostiako Txistulari Taldeak joko du
Kontuan izan behar da tradizio handiko aldizkaria dela,
200. aletik aurrera doalarik. 1928an sortua, frankisko garaian debeku
luzea izan zuen eta badira hamarkadak hiruhilabetekari moduan
plazaratzen dela.
Urretxuko ekitaldiak gaur hasiko dira, hala ere.
Iluntzeko 8etan, Donostiako Udal Txistulari Taldeak kontzertua
eskainiko du Labeaga aretoan, Jose Ignazio Ansorena zuzendari izango
duelarik.
Omenaldi ekitaldia, berriz, bihar izango da, eta Urretxuko kaleetan goiz eta arratsaldez entzungo dira txistu doinuak.
Javier Hernández Arsuaga
Biharko omenduetako bat, hiruretan zaharrena -70 urte
ditu-, Javier Hernández Arsuaga da. Donostian jaioa, txistu ikasketak
Isidro Ansorenarekin burutu zituen, Donostiako Kontserbatorioan, gero
hango irakaslea izan zelarik. 1965etik 1975era bitartean Donostiako
Udal Txistulari Taldearen zuzendari izan zen. Elkarteko kide 1956an
egin zen eta orain ere lanean ari da: Andoaingo Txistulari Taldeko
zuzendaria dugu.
Txistulari Elkartearen 'Txistulari' aldizkarin lan asko
egin zuen. Besteak beste, bi monografia, bata Hilario Olazaran zenari
eskainia, bestea txistu eta abesbatzarako doinuen bilduma. Denbora
luzean atal baten ardura izan zuen, 'Apuntes sobre la música publicada
en este boletín' izenekoa, alegia. Gainera, Donostiako Txistu Talde
Esperimentala sortu zuen, Javier Escuderorekin batera.
«Orain tresna hau askoz hobeto fabrikatzen dute eta goi
mailako musika egiteko balio du. Balore tradizionalak ez ditugu galdu
behar: aire herrikoiak jotzen jarraitu behar dugu eta dantzari lagundu.
Bada kezkatzeko moduko datu bat: txistua ez da kalean lehen adina
entzuten; lehen, edozein auzotako jaietan entzuten zen, orain ez».
Sabin Bikandi
Sabin Bikandi askoz gazteagoa da. Orain 44 urte ditu.
Galdakaon jaioa, orain Zaratamon bizi da. 'Txistulari' aldizkariaren
zuzendari izan zen 1993-95 urteetan. Goi mailako ikasketak Donostiako
Kontserbatorioan egin zituen, eta etnomusikologiakoak Londreseko
Unibertsitatean. Doktoradutzako tesia Alejandro Aldekoa bizkaitar
txistulariaz egin zuen.
Txistu ikasketak bukatu ostean Axlor taldea sortu zuen,
barroko garaiko musika eta abanguardia uztartzen zituena. Talde horrek
disko bat argitaratu zuen 90eko hamarkada hasieran.
Azken urteotan, berriz, herriz herri ari da Aiko
taldearekin, musika eta dantza tradizionalak proposatuz; erromeriak
antolatzen, azken batean. «Erroetara bueltatu naiz. Garai batean, uste
nuen soluzioa zela txistuaz Vivaldiren doinuak jotzea. Konturatu naiz
nire tokia dantzan dagoela, Alejandro Aldekoak bezala, jendeak dantza
egin dzean jo behar dudala, kalera itzuli behar dela, danbolinteroa
izan behar dela: esku batean txistua, bestean danborra», adierazi digu.
«Ni baikorra naiz -jarraitzen du-. Beste
musika-tresnekin konparatuta miraria gertatu da. Pentsaezina da
klarinete jotzaileen elkarte bat egotea bere aldizkari eta guzti,
adibidez».
Txomin Agirregomezkorta
Txomin Agirregomezkorta Perez Pasai Donibanen jaioa da
eta, lehenbizi, Iñaki Otaño izan zuen txistu irakasle, herrian bertan.
«Beti esaten dut gero atabalari bat izan nuela irakasle, irakasle
handia, ofizioa erakutsi baitzidan: Alberto Urkijo, alegia», esan digu.
Gero Donos- tiako Kontserbatorioan egin zituen goi mailako ikasketak.
Informa- tikako lizentziatura ere egin zuen eta badira urte batzuk
Donostiako Santo Tomas Lizeoan ari dela lanean informatikako ira-
kasle.
1994tik 1998ra bitartean Donostiako Udaleko Txistulari
Taldeko zuzendari izan zen. Azken urteetan oso ezagun bihurtu da talde
handietako kontzertuetarako prestatutako moldaketengatik. Donostiako
iazko Aste Nagusirako, adibidez, Pier Paul Berzaitzen hiru doinu
moldatu zituen, Udal Txistulari Taldeak jo zitzan.
Agirregomezkorta ere baikorra da musika-tresna honen
egoeraz: «Txistua ez dago gaizki. Eta txistulari onak asko dira.
Ekitaldi pila bat antolatzen da -kalekoak eta barrukoak- eta grabazioak
ere sekula baino gehiago egiten dira. Gure elkartea, berriz, bizi-bizia
dago, eta web orria da horren froga. Badakigu, txistulariok ez gara
izarrak eta horregatik hedabideek esaten dute ez gaudela oso egoera
onean. Zera gertatzen da: kalea izan da gure inguru naturala eta orain
kalea ez dago behar bezala: bateko, zarata dago; besteko, goizetan
jende gutxi dabil; lehen, jendea goizeko 8etako mezatara joaten zen,
orain berandu ateratzen da etxetik».
EKITALDIAK
Gaur: Donostiako Udaleko txistulari
taldearen kontzertua izango da Labeaga aretoan, 20:00etatik aurrera eta
doan. Txistulariak Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean arituko
dira.
Bihar: Goizeko 8:30etan hasita, goiz
eta arratsaldez entzun ahal izango dira txistu hotsak kaleetan.
Eguerdiko 13:00etan Labeaga aretoan elkarteko hiru kideri zilarrezko
dominak jartzearekin batera kontzertu txiki bat ere izango da, eta
19:00etatik aurrera erromeria Areizaga-Kalebarren plazan.
Dokumentuaren akzioak