Dokumentuaren akzioak
Hiru soka dantza, hiru mundu

Dantza eta festak oso lotuta doaz beti. Ordizian ere, Santa Ana jaietan, dantzak garrantzi handia du eta hiru soka dantza osatzen dira urtez urte: haurrena, agintariena eta Santanazaleena. Izaro Intsausti dantza irakasleak barru-barrutik ezagutzen ditu hiru sokak; bitan parte hartu izan duelako eta hiruretan irakaslea izan delako.
Garai batean Intsaustik hiru soketako kideei dantza erakustearen ardura bazuen ere, gaur egun agintarienaz arduratzen da, uztaileko hiru asteetan astelehenetik ostegunera egiten diren entsegu lanak banatu egin baitzituzten. «Puntu batera iritsita pentsatu nuen: honek jarraitzea nahi baldin badut, beste modu batera kudeatu beharra dago. Amets Biden bilera bat egin genuen, eta soka dantzen ardura hartuko genuela erabaki genuen, baina irakasleen artean lana banatuta».
Gaur egun, umeen soka dantzaz, urte osoan umeekin harremana daukaten begiraleak arduratzen dira. Santanazaleena Jon Intsausti eta Eneritz Iturriotzen ardurapean geratu zen, Joseba Suarez zenak, Enrike Lacallek eta Gurutz Ojangurenek lekukoa pasa eta gero. Intsaustik agintarienarekin jarraitzen du.
Ordainpeko lana da gaur egun. «Lehen boluntarioki egiten genuen. Baina hainbeste urtetako tradizioa daukaten soka dantzak mantendu ahal izateko, dantza irakasleak bermatzeko beharrezkoa da ordaintzea. Gainera balioan jartzen du lan hori».
Ezaugarri desberdinak
Hirurak soka dantzak dira, baina hirurak desberdinak, bakoitza bere ezaugarriekin. «Dantza soka bakoitza mundu bat da, bakoitza, bere zailtasunekin».
Gainera, garai berrietara ere egokitu behar izan dute azken urteetan. «Beste garai batzuetan ere agian aldaketa asko egongo ziren, baina azken urteetan gizartea asko aldatu denez, aldaketa horietara egokitzea kosta zaigu. Ez dira hain errazak soka dantzak hola eta hala egokitzea».
Dena den, Intsaustik argi du: «Beti esaten dugu, soka dantza hauek iraun badute, ez da protokoloa idatzita dagoelako, baizik eta ahozko tradizio hori mantendu delako eta beti moldatzen jakin izan duelako». Aldaketa garrantzitsu bat aipatu du: «Esan dezakegu sexu bereizketarik gabeko sokak direla hirurak. Lehenengo umeenarekin hasi ginen».
%80 neskak
Haurren soka dantzan aurten 40-bat bikotek hartuko dute parte, uztailaren 20an. «%80 edo gehiago neskak dira haur soka dantzan». Sexu bereizketarik gabeko soka da, baina «mutilak soka horretatik askatzen joan» dira. «Badirudi mutilek plazan protagonismo hori galdu zuen hartan, atera egin direla».
Beste kezka bat ere badu Intsaustik haurren soka dantzarekin. «Pena da asko infantilizatzen dela. Txikietan dantzari gehiago daude, handietan baino. 6. mailara arteko haurrak ateratzen dira eta zaharrentxoenak ateratzea kostatzen da. Normalean dantza taldekoak izaten dira, eta neskak», azaldu du.
Transmisioa, idatziz
Intsaustik oraindik egin ez duen Santanazaleen dantza uztailaren 27an izango da, eta aurten, 7-8 bikotek hartuko dute parte, azken urteetako partaidetzarik handiena. «Bikoteak bilatzea kosta egiten da. Urte batzuk oso txarrak izan dira, jendearen atzetik ibiltzen gara eta hori oso nekosoa da». Gehien «kostatzen» den soka da ordiziarraren esanetan, batetik, urtero dantzariak berriak izaten direlako eta gizartearen bilakaeraren araberako aldaketak egiten direlako. Aurten adibidez, «izatezko bikote bat izango da».
Beste aldaketa bat ere izango da aurten: aurreskua, atzeskua eta dama izateko ordiziarrena izatearen pribilegioa kenduko dute. «Ikusten genuen, ordiziarrena zenaren pribilegioak ez zeukala zentzurik. Aita alkate edo dantza maisu izan zuenak, adibidez, pribilegio gehiago izan du».
Bestalde, orain arte ahozko transmisioa izan dena idatziz ere uzten ahalegintzen ari dira, nora jo edukitzeko: «Gerora ere oinarri bat izateko, kontsultak non egin jakiteko».
Udal ordezkariena
2013. urtean udal agintarien soka dantza berreskuratu zuten eta dagoeneko «errotuta» dagoen soka da. Uztailaren 26an izango da. «Orain zinegotzi dauden gehienek bigarren agintaldia dute eta errodajea nabaritzen da».
Urtez urtez, dantzaren soka ez da eten Ordizian.
Dokumentuaren akzioak