Dokumentuaren akzioak
Hiru mundu-estreinaldi eskainiko ditu Dantza Maitaldiak
«Maitaldia jaialdi eklektikoa da, ikuslegoarentzat pentsatua dena. Ikuslea ezustean harrapatu nahi dugu, hala dantza oso ezberdinak ezagutu ditzan», adierazi zuen jaialdiko programatzaile Filgi Claveriek. Filosofia horri jarraiki irekiera eta itxiera liluragarriak izanen ditu aurten, betiere tarteko emanaldien mailari eutsiko zaio.
Portu zaharreko hondartzan Marseillako Ballet Nazionalak egin «La cite radieuse» dantza neoklasikoarekin hasiko da hamar eguneko dantza jaialdia. Le Corbusier arkitektoari egin omenaldi honek ikusentzunezko euskarriak ere ekarriko ditu dantzara. Biarritzeko toki miragarri horretan aurreko urteetan bezala 3.000 pertsona biltzea espero dute antolatzaileek.
Itxiera emanaldiak Afrikako gustua izanen du, Burkina Fasoko Irene Tassembedoren konpainaren «Souffles» dantzarekin. Kontinente beltzeko koreografo berrien ama gisa kontsideratua den Tassembedok gizon beltzaren eta bere gorputzaren historia irudikatuko du dantzaren bitartez.
Maitaldiak Paulo Ribeiroren konpainiarekin egin koprodukzioa izanen da «Masculine» estreinaldia. Irailaren 8an lan berria aurkeztu baino lehen Biarritzen egonaldi sortzailea eginen dute konpainia portugaldarreko dantzariek. Fernando Pessoa poetaren hitzetan oinarrituta eta Frank Zapparen musikaz baliatuta enkantamendu dantzatua sortuko du Ribeirok, oraingoan ere.
Koprodukzioa izanen da ere La (Parenthèse)k eginen duen «Erritu». Biarritzera aurretik beste lan batekin etorri zen konpainiak, Euskal Herriarekin maitemindu zela-eta, bere azken lanari izen euskalduna ematea erabaki du. Euskal gizartean errituek duten garrantzian oinarrituta dago Kanada eta Estatu frantsesaren artean lanean ari den Christophe Garcia koreografoa.
Hirugarren estreinaldia Lunion talde gaztearen eskutik etorriko da. Funka eta hip-hoparen artean kokatzen da eta dantzari bakoitzak adierazitako sentipenekin osatzen da «L'Album».
Nacho Duato
«Castrati», «Gilded Gldbergs» eta «Por vos muero» koreografiak eskainiko ditu Nacho Duatoren Compañía Nacional de Danzak irailaren 15ean Biarritzen.
«Entre ciel et terre» da Rukmini Chatterjee indiarrak, bere herriko dantza flamenkoarekin fusionatuta sortu duen lana. Flamenko berriaren isla izanen da Eva Yerbabuena koreografoaren konpainiak eskainiko duen «Santo y seña» dantza.
Beau Geste konpainiak aurten «La répétition» lanarekin dator. Zerbait berezia eskainiko dute aurten ere, ikusleari entsegu bat ikusten ari dela pentsaraziko baitio.
Maitaldia jaialdiaren inguruan antolatu diren beste ekitaldiek jaialdiaren sinbolo den anizatasuna izanen dute ezaugarri. Munduko izar Rukmini Chatterjee dantzari indiarrak bere herriko dantzen ikastaroa eskainiko du.
Bestalde Biarritzeko aireportuan bideo erakusketa izanen da. EliralE konpainiako Pantxika Telleriak Pariseko Sébastien Bertaud dantzariarekin sortu dantzen zatiak ikusi ahal izanen dira aireportuan ezarritako telebistetan. Argazkiek ere izanen dute bere txokoa kostako hirian. Kaleetako hormetan Maitaldia hasieratik segitu duen Bernard Hiribarren argazkilariaren irudiak ezarriko dira jaialdiak iraungo duen bitartean.
«Entre ciel et terre» da Rukmini Chatterjee dantzari eta koreografo indiarrak bere herriko dantza flamenkoarekin fusionatuta sortu duen lana. Dantza indiarren ikastaldia ere eskainiko du dantzariak jaialdian.
Gasteizeko gobernuarekin elkarlanean Euskal Herriko lau konpainien lanak eskainiko dira Maitaldian. Lakuako gobernuak sortu Dantza plataformak saritu duen Matxalen Bilbao izanen da Biarritzen. «Haiku4» lanak mugimenduz beteriko koreografia eskainiko du taula gaineko lau dantzarien bitartez.
Blanca Arrietaren Ciento cincuenta cuerdas konpainiak «Rest» lanarekin Dantzaren bigarren saria irabazi zuen. Gizakiek bizitzan uzten dituzten aztarnen inguruko lan oso pertsonala eskaintzen du koreografoak.
Asier Zabaleta gipuzkoarraren bakarkako lanak beldurra irtenarazi nahi du gizarteak dituen onartutako mugetatik. Ertza konpainaren «Ostrukaren zuloa»k ere Dantza plataformaren saria izan zuen.
Nathalie Mongen «Organik» koreografia izanen da Maitaldian aurkeztuko den azken euskalduna. Gare du Midi antzoki handian talde atipiko honen «+ES3» lana eskainiko da. Umorez betetako lan honekin egunerokotasunean pertsonek bizi dituzten estres egoerak irudikatzen ditu Bizkaiko taldeak.
Tokia: Gare du Midi, Kasinoko antzokia, Koliseoa eta Biarritzeko Bellevue eta Herri lorategia plazak.
Data: Irailaren 7tik 16ra.
Antolatzailea: Biarritz Kultura.
Sarrera: ordainduta eta doan.
Dokumentuaren akzioak