Dokumentuaren akzioak
Hiru mila dantzarik beteko dute Ilunbe datorren igandean
Goizeko hamaiketan txistulari, dultzainero eta trikitilariekin kalejira egingo dute dantzariek Araba parketik Anoetako jai-gunera. Gune horretan folklorearekin lotura duten artisauen erakusketa antolatu dute. Ordubete geroago agintariei ongietorria egingo zaie Ilunbe zezen plazan eta bost minutu geroago hasiko da eguneko ekitaldia nagusia. «Lurralde bakoitzari ordu laurden utziko zaio beren dantzarik ikusgarrienak ager ditzan. Pare bat orduko jaialdia izango da. Euskal Dantzarien Biltzarrak 250 talde ditu, guztira 10.000 dantzari inguru. Ekitaldian 80 bat taldek hartuko dute parte, 3.000 dantzari inguruk. Eta guztiek elkarrekin Larrain-dantza, fandangoa eta arin-arina eginez bukatuko da», esan zuen antolatzaileen izenean Xabier Mendizabalek.
Anoetako jai-gunera jaitsiko dira dantzari eta dantzazaleak. Bertan txosnak ezarriko dira eta Atano III pilotalekuan emango dira bazkariak, arratsaldeko bostak inguruan berriro dantzari lotzeko. Estanda taldea, trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak eta txarangak izango dira erromeria animatzen arratsaldeko zortziak arte.
Eguna ez ezik, astea
Dantzari Eguneko
egitarauaz gainera, aste honetan zehar Donostian egingo diren ekitaldiena
agertu zuten atzo Euskal Dantzarien Biltzarrekoek. Atzo hasi ziren ekitaldiok
udaletxeko batzar aretoan Kepa Fernandez de Larrinoa, Claude Iruretagoiena eta
Antxon Agirre Sorondok tradizioari buruz egin zuten eztabaidarekin.
Gaur, arratsaldeko zortzietan, leku berean emango zaio jarraipena egitarauari, "Tradizioak Euskal Herrian - Udaberriko jaiak" izeneko Jabier Juanesen diaporamarekin.
Bihar leku eta ordu berean Juan Mari Beltranek hitzaldia emango du "Tradizioaren musika tresnak" gaitzat hartuta. Ostiralean Ramon Garcia mintzatuko da janzkera tradizionalaz, eta, larunbaterako, Dantzari Eguna bezperatik girotzeko edo, bi ekitaldi antolatu ditu herrialde honetako elkarteak: 17.30ean, Gipuzkoako dantzen agerpena egingo dute herrialdeko zenbait dantza talde gaztek Parte Zaharreko hainbat gunetan, eta, 20.00etan, Gipuzkoako dantza taldeen ikuskizuna eskainiko dute Konstituzio plazan. Ekitaldi horretan herrialdeko hainbat dantza taldek hartuko dute parte.
Maribel Ortiz de Zaratek, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak, hartu zuen hitza ondoren, eta berak gidatzen duen elkarteak hogeita hamaika urteotan egindako lana aipatu zuen lehenik, eta igandean Donostian egingo den ikuskizuna «Euskal Herriko zazpi lurraldeek zatiketa administratiboen gainetik elkarri ematen diogun besarkada» izango dela esan zuen.
«Egun hau dantzariari egiten diogun omenaldia ere bada. Euskal dantzak dedikazioa eta ordu askotako lana eskatzen du. Milaka haur, gazte eta heldu ari dira gure herrian egunero orduak sartzen, gure kulturaren adierazpen den arlo hau lantzen eta egunak horiei eskaintzen diegun omenaldi ere izan nahi du», segitu zuen. Egunkari honi egindako adierazpenetan, aldarrikapen zenbait ere aipatu zituen Maribel Ortiz de Zaratek. «Ez dago urrutira joan beharrik nola mimatzen den ikusteko. Ni oporretan ibili berria naiz eta Andaluzian, esate baterako, gurean baino begirune gehiagorekin tratatzen dute dantza tradizionala. Guk hiru milioi jasotzen ditugu Eusko Jaurlaritzatik, baina oso dirutza mugatua gurea bezalako elkarte handi baten martxari eusteko. Guk pare bat liberatu behar genituzke dantza bultzatu eta ikertzeko ditugun proiektuak aurrera eramateko», esan zuen. Aurtengo Dantzari Eguneko kartelaren irudia Txillidak egina da.
Dokumentuaren akzioak