Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiru malko dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Hiru malko dantzariak

Haatik konpainiak estreinaldi hirukoitza egingo du bihar, Tolosan: 'Ilargiaren malkoa' obra, hainbat estilo batzen dituzten hiru koreografiarekin osatua.

Bi ikusle mota bilduko ditu Haatik dantza konpainiaren Ilargiaren malkoa lanaren estreinaldiak. Tolosako Leidor zinema aretoan bihar egingo duten emanaldiak hainbat dantza estilori egingo die tartea; bai garaikideari, bai tradizionalari, bai euskal dantzei ere (20:30). Hirukoitza da estreinaldia: Haatik taldeko zuzendari Aiert Beobideren Ilargiaren sukar galdua pieza eta Lur zuri aga bideo lana, eta Vitali Safronkineren Malko isuria koreografia. Hiru obrak ezberdinak izan arren, Ilargiaren malkoa-n sorkuntza lan bakarra bihurtu dira.
Egilea
Ane Urrutikoetxea
Komunikabidea
Berria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2014/06/05
Lotura
Berria

Taldearentzat erronka polita izan da ohiko estilotik atera eta obra hirukoitza sortzea, Beobideren esanetan: «Nire sorkuntzak badu euskal tradizioaren eta garaikidearen arteko lotura, eta gure estilora gehien gerturatzen den lana da. Baina Safronkineren koreografia oso bestelakoa da: klasikoa eta izugarri zehatza. Azkenik, Luzuriagan egindako bideoak dantza garaikidearen eta ikus-entzunezkoaren arteko emaitza azaltzen du. Uste dut ikusle mota guztiak asetzeko modukoa izango dela eta denek ikusiko dutela berritasunen bat».

Haatik taldeak arrakasta nabarmena lortu du azken bi urteetan Errimak oinetan obrarekin, baina Tolosan estreinatuko dutena oso bestelakoa da, Beobideren iritziz. «Errimak oinetan obrak oso ondo funtzionatu du; moldatzeko erraza izanda, askatasuna ematen duelako edozein plaza, taula eta txokotan interpretatzeko. Baina Tolosan estreinatuko dugun lana ez da sortu edozein espaziotan aurkezteko, agertoki baten beharra baitu». Etorkizunean beste agertoki batzuetan aritzeko asmoa du taldeak.

Beobidek sortutako pieza intimo eta musikalarekin hasiko da emanaldia. Mikel Laboaren doinuetan oinarrituta sortu du Ilargiaren sukar galdua; musikariaren abestiek sentiarazten zutena dantzarekin adierazten du. «Laboaren obrak eragin handia izan du euskal gizartean. Horrez gain, niretzat esanahi berezia dute haren abestiek. Laboa, familiako laguna izanik, pertsonalki ezagutu nuelako». Musikariaren heriotzak bultzatuta, Beobide bere obra aztertzen hasi zen, eta hala sortu zen euskal dantza tradizionala eta garaikidea nahasten dituen koreografia. «Barrutik egindako lana da, oso pertsonala. Taldekideei buruan nuena kontatu nienean, ez zitzaidan erraza egin nik nituen sentipen horiek azaltzea».

Laboaren Txoria txori abestian oinarritu da Beobide, besteak beste. Argiztapenaren eta koloretako irudien laguntzarekin, kaiolan preso dagoen txoriaren istorioa kontatzen dute dantzariek. Beobide bera da txoria, eta, taldekideekin batera, askatasuna eta kulturaren transmisioa islatzen ditu. «Laboak defendatzen zituen balioekin lan egin nahi izan dut. Emanaldian omenaldia egingo diogu, aurresku tradizional eta garaikideen arteko nahasketa baten bitartez».

Safronkineren koreografia Beobiderenaren oso bestelakoa bada ere, sentipenekin lotura estua dauka Malko isuria-k. Koreografoa bere bizitzako gertakizun batean oinarritu da: senide batek bizia galdu zuen mendian, eta gertaera horrek senideengan izan zuen eragina islatu du obran. «Ohore izugarria izan da Safronkineren esanetara lan egitea. Oso argi zeukan gurekin egin nahi zuen lana, eta koreografiaren segundo bakoitza neurtu du», aitortu du Beobidek.

Philip Glassen musikarekin eta argiztapen eta jantzi bereziekin, pieza klasikoa egin du taldeak lehen aldiz. Haientzat ez da erraza izan ezohiko dantza mugimenduak ikastea, baina erronka horrek lana bera aberastu du: «Safronkinek mugimendu bakoitza aztertzeko ohitura du; arreta handia jartzen dio taldearen sinkronizazioari. Guretzat lan gogorra izan da ezezagunak zitzaizkigun mugimendu klasiko eta neoklasiko horiek ikastea, baina, koreografoaren lan bikainari esker, mugimendu garbi eta zehatzak egitea lortu dugu».

Irudiarekin jolasean

Dantzarekin batera, irudiak garrantzi handia izango du emanaldian, eta horregatik da horren beharrezkoa agertoki batean aritzea. Ikuskizuneko bigarren zatia bideo bat da, Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan dagoen Vitorio Luzuriaga galdategi abandonatuan grabatua. Eraikina 1990ean itxi zuten, eta, hainbat talde sozialen ekimenez, espazioa garbitzen hasi dira duela gutxi. Gizarte egitasmoentzat erabilgarria izatea da talde horien helburua, eta dantza konpainia tokia bisitatzera gonbidatu zuten. «Lekua ikusi, eta berehala konturatu nintzen inguruak indar ikusgarria zuela. Hasierako ideia zuzeneko emanaldi bat egitea zen, baina nik banuen aspalditik bideo lanen bat egiteko asmoa buruan bueltaka».

Lekuaren zikintasunarekin kontrastean, dantzariak zuriz ageri dira bideoan, Lur zuri aga izenarekin hitz jokoa eginez: «Espazioa, nahiz eta nahiko garbi utzi duten, grafitiz, hautsez eta arrakalaz josita dago. Eraikina okupatuta egon da urte askoan, eta jendearen aztarnak ikus daitezke: paretak kolorez, formaz eta pitzaduraz beteta daude, eta, horrekin guztiarekin kontrastea egiteko, dantzariok zuriz jantzi gara, nolabait lekuaren arima izango bagina bezala». Izaskun Bernedok zuzendu du bideoa, eta Pascal Gaigneren Los mundos sutiles dokumentalaren soinu banda erabili dute. «Erabat garaikidea da bideoan bildu dugun koreografia. Istorio bat kontatzen du: hasieran dena geldi dago; ez da mugimendurik sumatzen, eta lekuak hutsik pasatu dituen urteak islatzen dira. Baina, pixkanaka, dantzariak piztuz doaz, eta bakoitzak txoko bat betetzen du, eta eraikina pizten da. Mugimendua pixkanaka sortuz doa».

Haatik dantza konpainiako kideetako batzuk, <em>Ilargiaren malkoa</em> obra entseatzen, joan den astean, Tolosako Leidorren.</em>

Haatik dantza konpainiako kideetako batzuk, Ilargiaren malkoa obra entseatzen, joan den astean, Tolosako Leidorren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Lau dantzari, elkarrekin jauzi egiten. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS


Dokumentuaren akzioak