Dokumentuaren akzioak
Hiru lan bikain
'Distancia siete minutos', 'Karaoke' eta 'Rite of Spring'
Beste gauza askoren artean, hiru pieza bikain izan dira dFeriako bigarren egunean: hiruretan lehena antzerkiaren esparruan kokatu da eta gainontzeko biak dantzarenean.
Kataluniako Titzina Teatrek Distancia siete minutos antzezlana aurkeztu du, Curiosity espazio-ontziak Marteko atmosfera zeharkatzeko behar izan zituen minutuak gogoratuz eta, horren aitzakiaz, bizitzako hainbat kontu garrantzitsu azaleratuz. Taula gainean Diego Lorca eta Pako Merino egon dira, eta, konpainian ohikoa den legez, beraienak dira zuzendaritza eta dramaturgia arloak ere.
Titzinaren aurreko muntaietan —Folie à deux, Exitus...— arimari dagozkion auzi sakonak aztertu zituzten, argumentuak leku berezietan kokatuz (eroetxeak, ehorztetxeak...) eta haien bidez buru-eritasunak eta heriotza bezalako kontuak aletuz. Oraingo honetan ere gai potolo bat hautatu dute, eta juje arrunt baten ibilbidea beste kontu batzuetarako abiapuntua izan da. Betiko moduan, keinu zehaztasun itzela, elementu eszenikoen erabilera sormentsua eta bien aktore-gaitasuna izan dira konpainiaren bertuteak, eta ikusleek txalo beroekin eskertu dute lanaren bikaintasuna.
Cielo Raso konpainiak Karaoke (vacío de orquesta) aurkeztu du, Igor Calonge donostiarraren zuzendaritzapean, Calonge bera, Dacil Gonzalez eta Jaiotz Osa piezako dantzariak zirela. Nik behintzat ez dut oraindik ulertu zertara zetozen karaokearena eta maskaren erabilera, baina hasiera bitxi hori atzean utzita eta behin maskarak erantzita, proposamenaren magnetismo hipnotikoak harrapatu gaitu, soinu-bandako piano nota pausatuak lagun. Pedro Fresnedaren argiztapen diseinuan bilduta, mugimendu kalitate bikaina erakutsi dute hiru dantzariek, malgutasuna eta kemena maisuki konbinatuz, eta emanaldia aurrera joan ahala are biziagoa izan da mundu honetatik kanpo egotearen sentsazio hura, estrainioa baina aldi berean zoragarria dena.
Jarraian izandako Rite of Spring — Extended Danimarkako Granhoj Dans konpainiak ekarri du eta Udaberriaren sagaratzea obra ezagunaren berrinterpretaziotzat jo daiteke. Jatorrizko planteamendutik neskaren sakrifizioa desagertu da, eta gizonezkoen koruak hainbat erritual burutu ditu mutil nerabe bat gizon bihurtzeko. Ariketa intelektualari men eginez, deseraiki egin da Stravinskiren musika, eta makilekin zein txalo erritmikoekin bete dira partiturari kendutako zatiak. Gizontasunari omenaldi fisikoa egin nahian, indar eta zehaztasun handikoa izan da mugimenduaren diseinua, baina une batetik aurrera, gizonkeria nagusitu eta begi-bistako elementu gehiegi erabili dira, bazterrean utziz dantzari dagozkion iradokitze maila eta sotiltasuna.
Dokumentuaren akzioak