Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiru lan berri emango ditu Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak bihartik igandera

Dokumentuaren akzioak

Hiru lan berri emango ditu Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak bihartik igandera

'Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa', 'Gure musikari handiak. Aupa Maurizia!' eta 'Danbor Talka-Le Choc des Tambours' estreinatuko dituzte

Lekeitioko (Bizkaia) Kale Antzerki jaialdiak bederatzi lan eskainiko ditu, hamahiru emanalditan banaturik, bihar hasi eta igandera arte. Jaialdia antolatzen hasi zirenetik 25 urte betetzen dira aurten, eta, ohi bezala, atzerriko hainbat konpainiaren antzezlanez gain, Euskal Herrian ekoitzitako lanek ere izango dute tokia bertan.
Egilea
Irati Urkiola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2014/07/10
Lotura
Berria

Zilarrezko ezteiak ospatzeko aitzakiarekin, propio sortutako hiru ekoizpen berri estreinatuko dituzte Lekeition: Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa; Danbor Talka-Le Choc des Tambours eta Gure musikari handiak. Aupa Maurizia!.

Horiez gain, eta jaialdiak nazioartean hartutako sona handiaz baliaturik, atzerritik etorritako hainbat lanek ere izango dute euren lekua aurtengo ekitaldien artean. Horien artean izango dira Argentinatik etorritako Loco Brusca clown-aren Speerman lana eta Frantziako Tout Samba'l taldearen Exilod lana. Bestalde, antzezlan handi eta atzerrikoez gain, Andere Juana eta Argonautak lana taularatuko du Pasai San Pedroko Izertia Itsas Antzertiola taldeak. Getxoko Salitre antzerki taldeak, berriz, duela hogei urte Lekeition bertan estreinatutako Gozo, gozo, gozo umore antzezlanaren berrikuspena erakutsiko du.

25 urteak ospatuz

Bihar hasiko da jaialdia, 25. urteurrenaren ospakizunetan murgiltzeko ekitaldi berezi batekin. Izan ere, bihar eta etzi, gaueko hamaiketan, Isuntza hondartzan, Dantzaz konpainiak Itsaslaboa. Txoriak: zoroen itsasoa lana aurkeztuko du. Bertan, Mikel Laboaren (Donostia 1934-2008) kantak oinarri hartuta, dantza garaikideak eta hondartzak eskaintzen duen agertoki naturala bilduko ditu konpainiak. Omenaldia baino zerbait gehiago izateko asmoz, Josu Mujika koreografoa Iñaki Salvador pianista, Laboaren lagun min eta kolaboratzaile estuarekin aritu da elkarlanean.

Ekitaldi horren ostean, 00:00etan San Pedro-Talan, Libourneko (Frantzia) Les Commandos Percu eta Euskal Herriko Deabru Beltzak antzerki taldeek elkarlanean egindako Danbor Talka - Le choc des tambours lana aurkeztuko dute (hau ere bi egunez). Bertan, aipatu bi taldeek euren talentua eta lan egiteko duten pasioa batuko dituzte helburu argi batekin: kalea aldarrikatzea. Horretarako, piroteknia, perkusioa eta ezusteko ugariz baliatuko dira.

Hirugarren ekitaldi berezia jaialdiaren azken egunean izango da, igandean. Talatik plazarako bidean, 19:30etik aurrera, Oreka TX musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak Gure musikari handiak. Aupa Maurizia! deituriko ekitaldia taularatuko dute. Euskal Herriaren historian garrantzi handia izan duten bost musikari omenduko dituzte horren bitartez: Arratiako trikitiaren aitzindari izandako Maurizia, Leon eta Tasio, eta Gipuzkoako txalapartari historikoak diren Zuaznabar eta Goikoetxea. Omenaldi horretan, txotxongilo erraldoi bilakatu dituzte musikari handiak, eta jaialdiari bukaera emateko, kostaldeko herriaren kaleak animatzea izango dute helburu.

Imanol Agirre jaialdiko zuzendariak aurreko astean BERRIAri adierazi zionez, edozer gerta daiteke Lekeition datozen egunotan.

Deabru Beltzak eta Les Comando Percu taldeek Danbor Talka estreinatuko dute. / IMANOL LARA

Dokumentuaren akzioak