Dokumentuaren akzioak
Hiru ikuspegi karrikan dantzan
Euskal dantza tradizionalak eta garaikideak nahastu ohi ditu Kukai dantza taldeak. Bide berari eutsi dio Karrikan
 lan berrian ere, baina beste pauso bat eman nahi izan du. Hiru 
koreografiarekin osatu du kaleko ikuskizuna, eta haiek lantzen taldetik 
kanpoko koreografoekin aritu da. «Interesgarria iruditu zitzaigun, gure 
lan ildotik abiatuta, dantzaren beste ikuspegi bat duten hiru koreografo
 garaikideri euskal tradizioan jatorria duten hiru gai proposatzea, eta 
ikustea gai hori nola landuko luketen eta gure lana nola ikusten duten»,
 esan du Jon Maia dantzari eta lanaren zuzendariak. Askotariko estetika 
eta estilo nahasketa izan da emaitza. Bihar estreinatuko dute 
ikuskizuna, Leioako Umore Azokan (Bizkaia). 
Iazko ekainean hitz 
egin zuten koreografoekin, eta azaroan elkartu ziren lehen aldiz, 
Errenterian (Gipuzkoa), piezak lantzen hasteko. «Gu haien munduan sartu 
ginen, haiek geurean, eta elkarlan horretatik atera dira hiru piezak». 
Iker Gomezekin ondu dute Aupa mutil! koreografia. Trikitiaren 
doinuak mugimendu garaikideekin nahasten dira, baita pauso 
tradizionalagoekin ere. Oihuka ere ariko dira dantzariak hainbat unetan.
 «Orain arte gorputza izan da gure lan tresna nagusia. Baina Ikerrek 
antzerki fisiko gisa definitzen du bere lana, eta testua, gorputz 
mugimendua eta ahotsa uztartu ohi ditu. Kasu honetan ere hala izan da; 
testu pixka bat dugu, eta ahotsa tresna indartsu gisa baliatzen da, oso 
presente dago piezan. Lan egiteko moduan aldaketa txiki bat ekarri digu,
 baina interesgarria izan da eremu horretan sartzea», esan du Maiak. 
«Fandangotik gaur egun zer gelditzen den edo nola bizi dugun agertu» nahi izan dute Fight for Fandango
 piezan, Pantxika Telleria koreografoaren esanetan. Harekin landu dute 
pieza. Fandangoa edo jota zaharraren berreskuratze horretan, garai 
barrokoari keinuak egiten dizkiote.  
Sorbatza da estetika
 urbanoena duen koreografia. Larruzko jakak soinean dantzatzen dute 
pieza hori lau taldekidek, lau bafle inguruan dituztela, eta giro 
musikaren erritmoei jarraituz, baita Johann Sebastian Bachen piano 
doinuei ere tarteka. La Intrusa Danza taldeko Damian Muñoz eta Virginia 
Garciarekin osatu dute koreografia. 
Sei dantzari eta DJ bat 
Sei
 dantzari ariko dira emanaldietan: Jon Maia bera, Alain Maia, Eneko Gil,
 Ibon Huarte, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena. Haiekin batera, DZ Zigor 
Lanpre DJak jardungo du zuzenean. Haren zeregina nabarmendu du Maiak, 
«hiru piezak aintzat hartuta berak ematen baitio osotasuna 
ikuskizunari». Izan ere, askotariko musika estiloak uztartzen ditu. 
«Fandangoan, adibidez, denetarik dugu; barrokora, fandangoaren sorrera 
garaietara jauzi bat egiten da Domenico Scarlattiren musikaren bidez, 
baina Michael Jacksonen musika ere azaltzen da une batean, eszena ero 
samar batean». 
Taupadak eta Soka-ren ondotik, kalean dantzatzeko prestatu duten hirugarren lana da Karrikan.
 «Polita da jendea antzokira zu ikustera etortzea, baina uste dut 
garrantzitsua dela, jendea dantza ikustera ohitzeko eta 
sentsibilizatzeko, gu kalera joatea, jendea dagoen lekura». Hurbiltasun 
hori lortzeko, eta interprete gisa kaleak «beste kode bat» eskatzen 
duelako, ariketa interesgarria iruditu zaio taldeari. Hala ere, 
aretoetan ere eskaintzeko aukera aztertzea ez dute baztertzen. 
Biharko
 estreinaldiaren ondotik, etzi berriro Leioan eskainiko dute ikuskizuna.
 Heldu den astean, hilaren 20an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko 
Club aretoan ariko dira, eta Hendaian hurrengo egunean. Handik 
Valladolideko (Espainia) Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdira joko dute. 
«Zorteko gaude, garai hauetan emanaldi batzuk iragarri ahal ditugulako 
ikuskizuna aurkeztearekin batera».
 Kukai taldeko hainbat dantzari, atzo, Donostian, ikuskizun berriaren zati bat erakusten.  / JON URBE / ARGAZKI PRES
Kukai taldeko hainbat dantzari, atzo, Donostian, ikuskizun berriaren zati bat erakusten.  / JON URBE / ARGAZKI PRES
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
