Dokumentuaren akzioak
Hiru gizon idazle pastoralaren generoaz
Joan den martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna kari antolatu mahai inguru batean, Joana Etxart pastoral idazleak txakurraren lekua eta emazteen lekua konparatu zituen, kultur plazak aipagai hartu aitzin: “Konprenitzen ahal dut txakurraren lekua: ezkaratzean, arditegian, etxean […] Txakurraren lekua konprenitzen dut; baina emaztearen lekua ez”. Emazteen protagonismoaz, lehen lerroan duten edo ez duten lekuaz, hots, generoaren inguruko galderei erantzun diete hiru gizonek: Jean-Louis Davantek, Dominika Rekalt Titika-k eta Frantxoa Casetek, uda honetan emanen den Domingo Garat pastoralaren idazleak.
Hirurentzat, gisa batez edo bestez, gizartearen isla da pastoralean ikus daitekeen genero bereizketa: “Bilakaera horretan parte hartu behar dugu, eta azkenean aitortu emazteak gu bezainbeste direla, bereziki argitasunez. Hori bazter utzi dugu, ahantzirik bezala”, dio Davantek. Frantxoa Caset: “Lehen, pastoralak inguratuak ziren gehiago gizonei buruz: orain, ikusten dugu emazteek leku osoa nahi dutela hartu, eta hori uste dut gauza normala den”. Rekaltentzat gai hori bera izan zen 2009an Belagileen trajeria idaztera bultzatu zuena: “Abiapuntu bat zen emazteei zer leku eman edo nola aitzinera iganaraz; hartako nuen hautatua sorginen istorio hori”. Pierre de Lancre eta sorginen kontrako auziak hartu zituen pastoral gaitzat.
Emazteak historian
Jean Louis Davantek dionaz, 1980an agertu ziren lehen emazte aktoreak taula gainera Urdiñarben, 1990an lehen türk andereak. Pertsonaia nagusia edo süjeta emazte bat zutenak, berriz, aitzineko pastoraletan izanak ziren usu. Baina garai horietan, santuen biziak kontatzen ziren. Davanten erranetan, historian “ez da batere aisa emazte süjet ediretea. Gizonek dute historia izkribatu; gainera, emazteek bizi publikoan leku gutxi ukan dute berriki arte”. Horregatik, bi aterabide ikusten ditu: “Historia hurbilean xerkatu eta ez Euskal Herrira mugatu”. Nork idatzia duen eta gaia zein den salatu gabe, Muskildiko herriak 2021ean emanen duen pastoraleko idazle berri batek “etsenplua” emanen duela ziurtatu du: “Heroia emazte bat da, eta ez euskalduna. Eta historia hurbilekoa, emazte hori duela urte zenbaitzuk zendua baita, ontsa ezaguna”.
Bat egin du Euskal Herritik kanpo bilatzearekin Rekaltek ere, Louise Michel iraultzaile anarkistaren izena emanez, adibide gisara. “Beste pista bat” ere ikusten du: “Euskaldun emazte nahi bada atzeman, behar da hazkatu historia ofizialetik harago, atzemateko emazte protagonista”. Hor, 36ko gerra zibilean parte hartu izan duten emazte gudariak hartu ditu adibidetzat.
Baina Rekalti, pastoraletako gai iturria, mugatuegia zaio: “Gerra edo politika egin duten gizonak aipatzen dira anitzetan, eta halakoetan, gaur egun arte, emazteak bazter utziak izan dira; pentsa, orduan, historian barna. Behar da hazkatu eta hazkatu, eta segur bezala da xerkatzen bada atzematen dela”.
Aurtengo tragerian, nahiz pertsonaia nagusia gizona izan, emazteak jelkaldi edo ateraldi batzuetan lehen lerroan izanen direla ziurtatu du Casetek: Bordeleko merkatariek esklaboak erabiltzearen kontra borrokatu zen emazte afrikar bat batetik, Claire Lacombe, Pauline Leon eta Olympe de Gouge iraultzaileak bestetik, eta Maddalen Larralde saratarra azkenik. “Beren ideiak agertzen dituzte, erranez emazteek zinez leku txarra dutela gizartean: ez bozkatzerik, ez eskolara joaterik, komertzio bat ere ezin har… lehentasuna gizonentzat zela”, zehaztu du idazleak.
Idazten ari den beste pastoral batean, berriz, emazte bat hautatu du pagolarrak süjet gisa, argituz “emazte hori asmatua” duela. Davantek ere badu plazaratu gabeko beste pastoral bat, Nafarroako Blanca: “Badu 34 urte idatzirik dudala eta jakinarazi dut, baina nehork ere ez dit galdetzen. Antolatzaileek ere behar dute borondatea emaztea süjet ezartzeko”, dio. Casetena ere aurtengo proposamenen artean zen, baina, jakina denez, pagolarrek Domingo Garat hautatu zuten azkenean.
Ñabardurak, gizonentzat
Casetek berak, idatzian “lehen lerroan” ezarri nahi izan dituen emazte horien ñabardurak aipatzean, onartzen du ez dituela beharbada gizonak izan balira bezala tratatu; pastoralean ate gorri eta urdinetatik sartzen dira bi taldetan sailkatu pertsonaiak —türk eta kiristiak, eskematikoki onak eta gaiztoak—. “Nik usu emazteak ezarri ditut onen alderdian. Egia erran behar dut horretan ez dudala beharbada berdintasun sobera eman”, dio.
Bere pastoral desberdinak aipagai, Davantek bertset edo kopla kopuruari ematen dio inportantzia: “Ene pastoraletan ere emaztea usu senarraren laguntzaile agertzen da, eta ahal bezain leku handia ematen diot, ahal bezainbeste bertset ere bai, hori baita lekuaren markatzeko bide hoberena pastoral batean. Aktoreek ematen dituzten bertsetak dira konta”.
Belagileen Trajeria-ren autoreak, berriz, ez du pertsonaia sexuaren arabera sailkatzen, bere erranetan: “Henrike IV.a erregearen emaztea bazen, eta, nahiz hartaz ikerketa anitz ez egin, pastoralak fikzio pertsonaletik ere bai baitu, eginahala egin nuen emazte horri nortasun eta kate bat emateko, gizon bati ematen diozun bezala funtsean. Ez dut ikusten diferentziarik gizon bat eta emazte bat tratatzeko maneran”. Adibideekin ilustratzen segituz, Margaret Thatcher eta Donald Trump alderdi berean kokatzen ditu, diferentzia soil batekin: “Batek matxismo astapito bat erabiliko du, baina biak profil berekoak dira”.
Emazte idazleak
Lau emaztek plazaratu dituzte pastoralak azken urteetan. Emazte idazleak “kanbiatzen ahal du zerbait”, Rekalten ustez, “baldin eta gizona blokeatua bada bere ikuspegi patriarkalean.Gizona karga patriarkal horretatik libraturik, aldiz, ez da diferentziarik gizonen eta emazteen artean, ez dut uste. Oso pertsonala da: ez da genero istorio bat; bakoitzaren katearen arabera da”, haren arabera.
Davant ez da iritzi berekoa horretan: “Nik uste dut emazteek gauzak beren aldetik ikusten dituztela; gero, denbora beharko dute horiek ere egiazki horien bidea markatzeko. Lau emazte idazletik hiruk gizonak ezarri dituzte süjet, gizonek egiten dugun bezala: horrek erakusten du ez dela batere aisa eta ez garela batere borondate txarrez edo nahikunde eskasez ari. Baina burua hautsi behar dugu haboro emazte süjet edireteko”, trenkatu du.
Generoen rolak barneratuak dira, Rekaltek dionaz, aktoreetan ere: “Emazteek inportantzia handiagoa ematen diete jantziei. Beren karga eta klixeekin heldu dira, eleganteak izan nahi dute; gizonak ez dizu hori galdeginen. Jendartean da oraino kanbio handia egin behar”, haren ustez. Aldaketak beharrezkotzat jotzen ditu, eta estreinatu berri den Topa Noka emaztez osatu dantza ikuskizuna seinale ona iduri zaio: “Duela bost urte, ez zuen nehork pentsatuko emazteek beren artean eginen zutela”.
Dokumentuaren akzioak