Dokumentuaren akzioak
Hiru estilo
Kritika, Ballet de Lorraine
Lorraineko Zentro Koreografikoak hiru koreografo garaikideren lanak ekarri ditu Maitaldira. Elkarren artean konparatuz, guztiz desberdinak izan dira, baina hiruretan geratu da argi konpainiaren ahalegina dantzaren bide berrietatik ibiltzeko, heziketa guztiz klasikotik abiatuta.
Gaueko lehen pieza, Syndrome izenekoa, William Forsythe-ren dizipulu batek egina da eta dudarik gabe maisuaren antzeko ezaugarri asko ditu. Haietariko batzuk azalekotzat jo daitezke beharbada argien zuritasuna eta eremu eszenikoaren hustasun gogorra, baina beste batzuk sakonagoak dira eta haien artean hausturez beteriko egitura koreografikoa da esanguratsuena. Izan ere, dantzarien eboluzioak behin baino gehiagotan eteten dira beste mugimendu sorta bati hasiera emateko, eta berdin gertatzen da argi aldaketa bat-batekoekin. Bestalde, koreografoak berak konposatu du partitura, baina musikaren erabateko laztasun abstraktuak asko murrizten ditu lanaren posibilitateak, nahiz eta benetan miresgarriak diren dantzarien teknika aratza eta gorputzen arintasun malgua. Bigarren koreografia Jean-Claude Gallotta-rena zen. Aitortu beharra daukat haren lan bat ikusteak asko erakartzen ninduela, beragatik bereziki sortu zitzaidalako dantzarekiko zaletasuna. Kouchotte et Kanélie piezan, ordea, ez dut sentitu Pandora edota Les Louves-en sentitu nuen artega, seguru aski atsegintasuna nagusitzen delako intimitatean jolasten duen bikote dibertigarri horren maltzurkerien atzetik.
Rave izeneko koreografia izan da niretzat hiruren artean interesgarriena. Lan honetan techno musika da elementurik nabarmenena, dantzarien gorputz koloredunen gainetik. Zeren eta konpainiako kide bakoitzak margotuta baitarama bere azala buruko ileetatik oinetako behatz puntetaraino, eta hogeita sei kideen artean hogeita sei koloretako sorta osatzen baitute.David Shea-k sortutako techno-ak soinu industrialetatik, Brasilgo iturrietatik, abstraktutik eta jungle estilotik edaten du. Dantzariek, bitartean, keinu mekanikoak garatzen dituzte gehienbat, baina haien artean guztiz deigarria da balet klasikoko pausoei, break-dance erako mugimenduei eta dantzari bakoitzaren presentzia eszenikoari emandako protagonismoa. Ene uste apalean bilaketa zintzo horretan datza dantzaren etorkizun bakarra. g Agus Perez
Dokumentuaren akzioak