Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiru bide zoragarri

Dokumentuaren akzioak

Hiru bide zoragarri

Kritika, Kelemenis-Grenade-Nizako Operako Baleta

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/09/18

Hiru bide zoragarri ikusteko parada izan dugu Maitaldiaren azken egunotan. Kelemenis konpainiak estilo guztiz garaikide eta aberatsa erakutsi zuen asteazkeneko egitarau bikoitzean. Anthère arriskurik gabeko sexuaren aldeko aldarria da, baina horrek ez du esan nahi lengoaia dramatizatuan jaustea, pieza beti mantentzen delako dantzaren parametroetan.



Dantzari edo talde bakoitzarentzat diseinaturiko mugimendu-segida azkar, labur eta ezberdinek gaurko harremanen arintasunez hausnartzera bultzatzen gaituzte. Jantziek eta dantzarien mugimendu malgu eta leunek, ordea, askatasun eta baikortasun kanta eratzen dute. Bigarren piezan, Besame, baieztatu egin ziren ideia koreografikoen jario miresgarria eta bere bidea bilatzen duen konpainiaren freskotasuna, energia eta koordinazioa, kantu ezagunaren hamabi bertsio integratzen dituen soinu-bandaren erritmoan.



Ostiralean, Grenade konpainiaren ezaugarri bereziak ezagutu genituen Tonight! lanarekin. Taldea Marseilla iparraldeko auzoetan jaio zen eta jatorri hori dantzarien prestakuntza gimnastikoan, protagonismo sakabanatuan eta hip-hop estiloaren eragin galbahetuan igartzen da. Alde horretatik, guztiz egokia da Tonight!, West Side Story-ren berrikuskapena delako. Lanaren hari nagusia film mitikoaren kantarik ederrenak batzen dituen soinu-bandak gidatzen du, errealitatetik kanpoko zenbait une berezi tartekatuz musika-pasarte ezagunen artean. Atzeko egitura metaliko handia inspirazio iturritzat hartu du Josette Baïzek talde koreografia indartsuak eratzeko, eta eder-ederrak dira Maria edota Tonight kantuen pean sortutako pasarteak.



Nizako baletak Roméo et Juliette aurkeztu zuen. Marc Ribaud koreografoak gaurkotasunez baliatu du konpainiaren heziketa klasiko zorrotza, eta bizigarria suertatzen da balet pausoen eta gaurko estetikaren arteko kontrastea, jantzi garaikideetan eta argiztapen ahalmentsuan gauzatzen dena. Dantzariak gorputzen politasun, finezia eta arintasunarengatik nabarmentzen dira, Ribaudek grabitaterik ezaren sentsazioan zentratu balitz bezala. Koreografiak ederki profitatzen du Prokofieven musika dramaturgia azpimarratzeko eta intentsitate handiko une poetikoak tartekatzeko.

Dokumentuaren akzioak