Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiritar Merezimenduaren Dominekin omendu dute euren lana

Dokumentuaren akzioak

Hiritar Merezimenduaren Dominekin omendu dute euren lana

Adsis fundazioak, ATECE elkarteak, Anjel Rueda dendari ohiak, Bizikletaz Adinik Ez egitasmoak eta Mentxu Medel dantza irakasleak jaso dute oroigarria.
Egilea
Xalba Ramirez / Sara Ibarguren
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/01/19
Lotura
Irutxuloko Hitza

Aloña Velascok gidatu du ekitaldia eta hiriari “ezohiko zerbitzua” eman dioten herritarrak direla aitortu du: “Herritarrak zoriontsuago egin dituzten herritarrak”.

Eneko Goia alkateak hartu du hitza jarraian: “Donostia asko daude hiri barruan. Ez dago Donostia bakarra, etengabeko eraldaketan dagoena. Berria besarkatu, antzinakoa ahaztu gabe”. Jose Inazio Ansorena txistulari bandako zuzendari ohia goraipatu du, eta Aitor Arozena zuzendari berriari harrera egin, ziri apur bat sartuta. Omendu guztientzat hitz ederrak eman ditu alkateak: “Besteok iristen ez garen lekuetara iristen zaretelako”.

ADSIS, gazteen etorkizuna helburu

Isabel Vaquero ADSIS fundazioko Gipuzkoako zuzendariak hartu du lehen domina: “Adsis latinez presente egotea da. Gazteen bizitzan presente”. Elkarteak egoera zaurgarrian dauden gazteekin egiten du lan, ogibideak erakutsiz. Proiektutik pasa diren 7.500 gazteei eskerrak eman dizkie Vaquerok, eta haien “autoestimua eta ilusioak balioztatu” behar direla aldarrikatu du, “are gehiago, besteek egin ez dutenean”.

Proiektua martxan jarri zuen Juan Miguel Altuna izan du gogoan, duela bi urte zendu zena. Haren omenez, “Donostia solidarioa” aldarrikatu du: “Gora elkartasuna, gora gazteak eta gora Donostia!”.

adsis

ATECE, burmuinean mina hartutakoen bizitza errazten

Jose Manuel Amador lehendakariak jaso du ATECEren izenean domina. “Domina hau disfrutatzeko dela esan ziguten, eta hala egin dugu elkartean. Danborrada ospatu genuen atzo: danborrada terapeutikoa”. Burmuinean kalte hartutakoekin eta haien senideekin egiten du lan ATECEk, medikuntza heltzen ez den eremuan lan eginez.

“ATECEn oso pozik gaude egiten dugun lanaz, komunitateari ekarpen solidarioa ematen diogulako”, azaldu du Amadorrek. Eta gaineratu du pozik daudela “Subnormal, ezgai, eta gisakoak ordezkatu dituztelako desgaitasunak dituzten pertsonengatik: lehenik pertsonak direlako”.

atece

Bizikletan Adinik Ez

Begoña Calleja lehendakariak hartu du Bizikletaz Adinik Ez elkartearen izenean saria. “BAEn eraikuntza kolektiboan sinesten dugu. Denon arteko laguntza eta babesa; hiri gertu atsegin eta osasungarria”.

Callejak hiri “aktibo, parte hartzaile eta berdinzale” bat aldarrikatu du, “eta inor atzean utziko ez duena”. Honela aldarrikatu du: “Pertsonak berriro konektatu behar ditugu gure inguruarekin, iristen ez diren tokira iristeko. Bizi dezagun elkarrekin hiria!”.

bizikletaz adinik ez

 

Anjel Rueda Aramaio

Jende askoren maitasuna da hau, esan du Rueda: “Bizitza osoa lanean ematearen domina”. 15 urterekin hasi zen lanean, eta 88 ditu orain. “Nire mandatua zintzotasunez lan egitea izan da”.

Ruedak komertzio txikia aldarrikatu du: “Bera da auzoa egiten duen bakarra”. Amaitzeko, bezero guztiei eman die eskerrak, eta euren arteko babesa eta fideltasuna aldarrikatu ditu.

angel rueda

 

Mentxu Medel, dantza maisua

Isabel Verdini eduki du gogoan Medelek, bihar emango baitiote urrezko danborra. Herritar guztiei eman dio eskerrak, irakasle gisa 50 urte bete dituenean. “Ez zuela espero” aitortu du. Ikasle ohiak hiriaren enbaxadore direla dio, eta beraietaz “harro” dagoela onartu du. Kultura eta artea aldarrikatu ditu, gizarte hobeago baten alde. Egiteko asko geratzen da, udalari konpromiso gehiago eskatu dizkie: “Gure hiria artea eta kultura promozionatzeko”.

Donostiarrek aurkeztutako 49 proposamen aztertu zituen Bozeramaileen Batzordeak, eta, azkenean, udalbatzarrak aho batez berretsi zuen Hiritar Merezimenduaren Domina jaso dutenen hautaketa. Ekitaldi jendetsua eta hunkigarria izan da, eta omenduek domina jasotzeaz gain, bakoitzaren ibilbidea ere errepasatu dute.

mentxu medel

Dokumentuaren akzioak