Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiriko paisaia dantzaleku bihurtuta

Dokumentuaren akzioak

Hiriko paisaia dantzaleku bihurtuta

Egilea
Julen Aperribai
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2020/09/18
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Hiriko paisaia dantzaleku bihurtuta

Hiriko kaleak eta plazak dantzarako agertoki izan daitezkeela dioen premisari erantzuten dio Dantza Hirian jaialdiak. Dantza garaikideko ikuskizunak paisaia urbanora eramaten ditu. Baiona eta Donostia arteko hirietan egiten dute, Euskal Eurohiria deituriko eremuaren barruan dauden horietan. Hamabosgarren aldia du aurten, eta Donostia izango du geraleku, gaur eta bihar. Dantza emanaldi laburrak plazaratuko dituzte Donostiako Trinitate plazan. Irun, Hendaia (Lapurdi) eta Errenterian izan ziren saioak joan den astean, eta Hondarribian izango dira azkenekoak, hilaren 27an.

“Mugaz gaindiko jaialdi ibiltari bat” izateko asmoz Myriam Arkaia dantzariak sortu zuen proiektua, 2006an, eta egun ere hura da jaialdiaren zuzendaria. Egitasmo pertsonal gisa sortu zuen, dioenez: “Hendaian bizi nintzen, eta muga gaindituko zuen proiektu bat garatu nahi nuen, dantzaren bidez”. Hori da, hain zuzen ere, jaialdiaren zutabeetako bat: mugak deuseztatzeko nahia.

Horrekin batera, “gizarte kohesioa” indartzea ere badute xede, eta arkaiak horretarako ahalmena ikusten dio dantzari: “Gizartearen eta kulturaren parte da dantza. Gure herriaren jardun sozialaren eta kulturalaren zati handi bat haren bueltan egin da. Hortaz, dantzak laguntzen du gizarte kohesioa indartzen, eta elkarren arteko loturak sortzen ditu”.

Publikoaren soilik ez; dantzak hartzen duen espazioarekin berarekin ere garatzen dute harremana dantzariek. Ezohiko espazioa da hirikoa dantzarentzat, Euskal Herrian behinik behin, eta horrekin hautsi nahi du jaialdiak. Baita arkitekturaren eta dantzaren arteko zubi lana egin ere. “Ondare kulturalari eta arkitektonikoari balioa” eman nahi diotela adierazi du Arkaiak. Hiriko txokoak ohiz kanpoko jarduera batera egokitzen direnean sortzen da hori, zuzendariaren arabera, eta joko horretan ikusleek ere parte hartzen dutela erantsi: “Ikuskizun hauetan, ikusleek orain artekoaren oso bestelako begirada bat eskaintzen diete hiriko plaza, kale eta txokoei”.

Egoerara moldatuta

Urteurrena izanagatik, ez du horrek ezaugarrituko aurtengo jaialdia. Izan ere, COVID-19aren aurrean hartu beharreko prebentzio neurrietara egokitu behar izan dute programazioa. Hortaz, nazioarteko konpainien parte hartzea aurreko aldietan baino txikiagoa izango da, eta Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako konpainien saioak izango dira ikusgai; 11 izango dira guztira.

Donostiako Trinitate plazan berrekingo diote jaialdiari gaur, joan den asteburuko emanaldien ostean. Osa + Mujika bikotearen Expectations will not kill you ikuskizuna izango da arratsaldeko lehenengoa, 19:15ean, eta Led Silhouette konpainiaren Wild Street saioa izango da jarraian. Aterpean egitasmoak aurten saritutako konpainia da Led Silhouette. Dantza Hirian jaialdiaren beraren programa bat da Aterpean, artista gazteei bultzada ematea helburu duena. Bertan saritutako proiektua izan da aurten Led Silhouette konpainiarena, eta, horri esker, hiru asteko egonaldia egin dute bertako kideek Lesakako (Nafarroa) Harriondoa kultur etxean. Han ondutako Wild Street obra estreinatuko dute larunbatean: “Globalizazio kulturala bizi estilo, hizkuntza eta ohitura hegemonikoak hedatzen eta antzinatik datozen kultura txikiak desagerrarazten ari dela” ikusarazi nahi du obrak, Arkaiaren arabera.

Ordu eta leku berean izango dira dantza saioak bihar: 19:00etan, Trinitate plazan. Hiru saio izango dira: La Rutan taldearena lehenik, LASALA konpainiaren gero, eta Arnau Perez koreografo eta dantzariarena azkenik.

Hondarribian emango diote akabera aurtengo jaialdi ibiltariari, irailaren 27an, beste bi ikuskizunekin. Picnic on the moon pieza dantzatuko dute Julia Godinok eta Alexa Moyak. Zum-Zum Teatre konpaniak, berriz, Hippos lana aurkeztuko du.

Dokumentuaren akzioak