Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Hiriaren xirimiria gara»

Dokumentuaren akzioak

«Hiriaren xirimiria gara»

Laura Etxebarria eta Luque Tagua. Fundicion aretoko arduradunak

30 urtean dihardu Fundicion aretoak Bilbon arte eszeniko garaikidean espezializatutako programazioa antolatzen. Urtebetetze festa dute bihar, baina kezkaz bizi dute kultur egoera.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/12/02
Lotura
Berria

Dantzarien urratsak entzuten dira alboko gelatik. Musika ere bai, baina tarteka soilik. 30 urte daramatzate Laura Etxebarriak (Basauri, Bizkaia, 1957) eta Luque Taguak (Bartzelona, 1959) Bilboko La Fundicion aretoa gidatzen, eta ezinbestean horrek behar zuen soinu banda: entsegu bat. Hiru hamarkada daramatzate arte eszeniko garaikide profesionalik esperimentalena programatzen. 100 pertsona inguru sartzen dira harmailetan, baina erreferentziazko aretoa da, halere, Euskal Herrian eta baita Europan ere. Badakite aretoan izaten diren emanaldiak minoritarioak izan ohi direla, eta gertutasunaz eta komunitatea eratzeaz mintzo dira horregatik. Publiko zabalagoa ere erakartzen dute hiriko hainbat aretotara dantza ikuskizunak eramaten dituen Dantzaldia programazioarekin eta kalerako pieza laburrekin osatzen duten Lekuz leku jaialdiarekin, eta horiek ere badira Fundicionen parte, baina, ziur aski, alboko aretoan entseatzen ari diren dantzarien urratsak ditu beren nortasun agiririk argiena. Ospakizun festa egingo dute bihar, 20:00etan.

Zuenean aritzen diren artista guztiei egiten diezuen galdera bera egingo dizuet zuei ere: Zergatik merezi dizue honetan jarraitzea?

LAURA ETXEBARRIA: 30 urteotan publikoarekin eta konpainiekin harreman bat eratu dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Bilbo aldatu egin da, antzoki asko daude, eta ikuskizunaren mundua aldatuz doa, baina zenbakietarantz, estatistikarantz eta turismorantz. Halere, sortzaileekiko gertutasuna eta mimoak ezinbestekoak dira oraindik ere. Mimoaz gain dirua behar da, hori da jarraitu beharreko formula. Guk mimoa jartzen dugu.

LUQUE TAGUA: Merezi du jarraitzeak, noizbehinka baketu egiten zarelako berriz ofizioarekin. Hiriaren xirimiria gara gu. Aurrekontu erraldoiko eraikin handi horiek ditu Bilbok orain, baina oraindik beharrezkoa da etengabeko xirimiri hori. Horrek sortzen du hiria. Gizatiarra da gure eskala, baina hemendik mundu osorako ari gara, eta guk ekoitzitako piezak behin baino gehiagotan heldu dira Europako zirkuituetara. Halere, segitzen dugu izaten oraindik bazterrean jarraitzen duen jende horrentzako guztiarentzako babesleku bat.

Dantza eta antzerki garaikidearen komunitate bat eratu duzue hogeita hamar urtez.

L. T.: Babestu egiten dugu artista, baita bere sorkuntzaren faserik hauskorrenean ere, eta oso garrantzitsua da hori egitea, batez ere, hemen lantzen diren formatuetan. Ez dago publikoarekiko distantziarik, eta gutxi dira, horregatik, formatu hau hautatzen duten sortzaileak. Gainera, azkenaldian, aurrekontu askoz ere handiagoak dituzten erakunde instituzional handiago batzuk jabetu egin dira formatu txikiko sorkuntza garaikidearen eskaintzaz, baina formatu horretan espezializatzea ez da soilik formatu txikian eskaintzeko moduko produktuak sortzea: eszena bizitzeko modu bat sortzea da. Ez da nahikoa halako antzezlanak programatzea, zaindu egin behar da hazitegia. Erakunde publikoekin kolaboratzea oso ongi geratzen da paperetan, baina errealitatea da arrain handiak arrain txikia jaten duela, eta gu, orain, arrain txiki bat gara, baita 30 urteko ibilbidea eduki arren ere. Harremana ez da orekatua.

Nortasun marka argia du zuen ohiko programazioak: arrisku artistikoa duten proposamenak eskaini ohi dituzue.

L. T.: Entsegua eta akatsa; zentzua du horrek guretzat. 40 edo 50 pertsonarentzat aritu nahi duten artistek ere sortzen dute gizarteari buruzko ikuspegi bat, eta garrantzitsua da haiek ere zaintzea. Gogoeta eta topaketarako espazio bat sortzen duen komunitate bat da gurea, eta publikoak konpartitu egiten du arrisku maila hori.

L. E.: Eszenaren ikerketa, garapena eta berrikuntza da hemen eskaintzen duguna, baina beti maila profesionalean. Zorroztasuna eskatzen dugu. Noski, ez dira zirkuitu komertzialean programatzen dituzten lanak izaten, baina denborarekin joan da sortzen gisa horretako lanak ezagutzeko gogoz dagoen publiko bat.

L. T.: Gainera, nahiz eta, proposamenek arrisku apur bat baduten, maiz Europako antzoki garaikide sarean ibilbide aski kontrastatua izaten duten piezak programatzen ditugu. Asteburuan, esaterako, Deriva naufragio apáñatelas pieza izango dugu, eta hor dabil dantzan Espainiako Dantza Sari nazionala jaso zuen Carmen Werner dantzaria, Espainiako antzerki independentean 25 urteko ibilbidea duen Cambaleo Teatroa konpainiarekin.

Publikoarentzako tailerrak ere antolatzen hasi zineten orain hiru urte. Zein da helburua?

L.T.: Oso sinplea da funtzionamendua. Profesional bat gonbidatzen dugu aldiro, eta bakoitzak bere alorrari buruzko azalpenak eskaintzen ditu: nola kudeatzen den antzoki bat, zer den argiztapena, zer den atrezzoa... Eztabaida sortzen da gero, eta oso emaitza onak izan ditugu.

Heldu zarete erreferentziazko sentitzera?

L.T.: Bai. Eta bene-benetan, gainera. Nazioartean ezagutzen dute gure izena, eta etortzen direnean beti harritu egiten dira: «Hemen egiten duzue hori dena?». Oso pozgarria da hori guretzat. Orain, esaterako, Taiwango eta Koreako jendea dabil etorri nahian; prentsa ona dugulako da.

L.E.: Badugu erreferentzialtasun apur bat, bai, eta kontrastatutako zorroztasun bat dugu. Noski, gustatuko litzaidake egunero aretoa beteta edukitzea, baina lantzen dugun materialaren hauskortasuna kontuan harturik badakigu hori ez dela gertatuko.

L.T.: Nik nahi nuke datozen 30 urteak errazagoak izatea, baina ez dut uste hala izango denik. Ondo legoke babes handiagoa jasotzea eta bulegoetako arduradunek borondate hobea izatea. Handiak bezain garrantzitsuak gara txikiok.

Argazkia: MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak