Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hiria bestela bizitzeko

Dokumentuaren akzioak

Hiria bestela bizitzeko

Lekuz Leku jaialdian, dantza konpainia ugari ariko dira Abandoibarra pasealekuan bihartik aurrera

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/06/27

Bihar hasiko da jaialdia, Guggenheimgo jolas parkean Begoña Krego eta Eguzki Zubiak haurrentzako emango duten mintegiarekin. Dantza, hizkuntza fisikoa eta musika baliatuta, ipuinak, paisaiak eta jolasak sortzeko aukera izango dute 12 urtera arteko gaztetxoek jaialdiak irauten duen hiru egunetan.

Euskal Herriko konpainiek tarte zabala izan dute festibalaren aurreko ekitaldi bietan. Eta aurten ere halaxe izango da. Natalia Monjek zuzentzen duen Organik taldeak, esaterako, +ES3 eskainiko du, dantza eta antzerkia uztartzen dituen pieza. Ivan Alonso, Helena Golab, Itziar Madariaga, Alain Sainz, Izaskun Santamaria eta Jon Urrazak interpretatuko dute. Organik taldearen aurreko obran, ES3IN izenburuko lanean du oinarri +ES3 piezak. Gainditzen dituzten egoerak aurkeztuko dituzte dantzariek. Azkura izango dute, airea faltako zaie, ito egingo dira, eta blokatuko dira.

Matxalen Bilbaok, bestalde, duela gutxi estreinaturiko obra eskainiko du: Haiku 4. Idazketaren eta gorputzaren arteko lotura aztertu du Bilbaok pieza berrian; idazketaren eta mugimenduaren arteko harremana, zehatz-mehatz. Begoña Krego, Maria Martin eta Pilar Andres dantzariekin emango du Bilbaok. Lauren artean erakutsiko dute nork bere adierazpidea duela, idazteko zein mugitzeko orduan.

Damian Muñoz eta Virginia Garciak Rush ekarriko dute Bilbora, gorputzaren mugikortasunari buruzko lana. Eta Asier Zabaletaren Ertza konpainiak Intemperie eskainiko du, kalean emateko sortutako bat-bateko saioa. Joko modukoa proposatuko du Zabaletak, inor behatzeko zilegitasunari buruzkoa. Behatua izaten ari dela dakien norbaitek beste lagun bat behatuko du. Eta lehen lagunak bigarren lagun horrek egiten duena epaitzeko zilegitasunik ba ote duen aztertuko du Zabaletak Intemperie lanean.

Blanca Arrietak Rest erakutsiko du Abandoibarra pasealekuan. Jorge Lastrarekin batera, lasaitasuna, maitasuna, edertasuna, beharrizana eta beste kontzeptu batzuk oinarri dituen obra emango du. Halaber, Kukai taldearen Deiadarra ikusteko aukera izango da Bilboko jaialdian. Juan Mari Beltranen musika abiaburu duen koreografia eskainiko dute Jon eta Alain Maiak, Urko Mitxelenak, Eneko Gilek, Ibon Huartek eta Vanesa Castañok. Horretaz gain, Iruñeko Team Rockerseko kideek, Patxi Cia, David Relova, Ion Eneritz, Carlos Alcocer, Pablo Garcia eta Iñaki Zelaiak, hip-hop emanaldia osatuko dute.

Begoña Kregok eta Eguzki Zubiak itxiko dute Lekuz Leku jaialdian ariko diren euskal taldeen zerrenda. Tira Hariari ikuskizun hipnotikoarekin «4 eta 90 urte arteko haurrengana» iritsi nahi dutela diote. «Irribarre zabala marraztu nahi diegu aurpegian, ohikoak ditugun tresnak erabilita: dantza, hizkuntza fisikoa, plastika indartsua eta soinu dotorea».

BIDEO LANEN LEHIAKETA. Bilboko jaialdiak atzerriko konpainien lanak erakutsiko ditu, gainera. Honako artista hauek gonbidatu dituzte: AEBetako Joanne Leighton (5 Easy Pieces obra), Madrilgo Mercedes Pedroche eta Jesus Carames (Cambio curso de discusión avanzada por asiento con vistas), Frantziako Julie Dossavi (Ahonvi), Brasilgo Balu (capoeira dantzatuko du), Bartzelonako Victor Zambrana, Islandiako Erna Omarsdottir (The Talking Tree) eta Espainiako eta Brasilgo Sivia Aure eta Kleber Damaso (Café con lluvia).

Fundicion aretoak antolatzen du Lekuz Leku, eta nazioarteko dantza jaialdien sarearen barruan dago. Bilboko festibalak, ordea, badu atal bat besteek ez dutena: jaialdian erakusten diren obrekin sortutako bideo lanen lehiaketa. Taguak esan duenez, «helburua ez da dantza piezak grabatzea eta beste barik erakustea; bideoaren egileak harago joan behar du». Hots, dantzarien lanean barruratzean datza, eta jasotako materialarekin beste obra bat sortzea, berria. Lehiaketak 3.600 euro banatuko ditu sarietan. Lehena (2.000 euro), bigarrena (1.000 euro) eta hirugarrena (600 euro). Epaimahaia, berriz, Gabriel Villota EHUko Ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak eta Nuria Font errealizadoreak osatuko dute, besteak beste.

Dokumentuaren akzioak