Dokumentuaren akzioak
Hip-hop dantzarien arimak dantzan Miarritzeko Gare du Midi gelan
Maitaldira gonbidatua izan den hip-hop talde bakarra indartsu agertuko da
Gaur gauean, Choream Hip-Hop frantses taldeak emanaldi berezia eskainiko du Gare du Midi gelan, 19:00 orenetan. Stephanie Nataf eta Jose Bertogal taldeko bi zuzendari artistikoek moldatu Epsilon Greko alfabetoko bosgarren hizkia, e laburra alegia deitu ikusgarria eskainiko da. Horretan hip-hop dantzako estilo guziak dira nagusi break, pointing, smurf, urrats berriz eta irudimenez betetako koregrafia batean. Zuzendari artistikoek agerraldi horretako musika ere idatzi dute, «eta horretan, musika hibridoren, afrikarraren, tradizionalaren eta garaikidearen eragin handia nabari da», Jose Bertogalek adierazi duenez.
Epsilon ikusgarriaren gaiari dagokionez, denbora izanen da aipagai, hala nola iragana, oraina eta geroa. « Saiatu gara etorkizuna asmatzen, eta aipamen horren egin ahal izateko, ekai desberdinez baliatu gara, harri eta landareez besteak beste», azaldu zuen Bertogalek. Baina, «ez dugu mezu berezirik pasarazi nahi izan koregrafia horren bitartez. Zoriontasuna besterik ez genuen eragin nahi ikusleen baitan», azpimarratu zuen Stephanie Natafek.
Sei dantzari, hiru neska ( Nataf barne) eta hiru mutiko lerratu, makurtu, lehertu eginen dira beren koreografia sutsuari jarraikiz, eta musika buruan atxikiz, oihartzuna balitz bezala. Choream Corps et âme hitzen kontrakzioa, gorputz eta arima alegia taldeko bi zuzendari artistikoen arabera, «garrantzitsuena dantza mota horretan ez da ahal bezain urrats konpletsuenak egitea, baizik eta bakoitzak bere arimak erakusten dion bideari jarraikitzea».
Aldarrikapenik ez
Hip-hop dantza1983an sortu zen, eta hastapenean hiri inguruetako hainbat gaztek gizarteko bidegabekeria guzien salatzeko tresna gisa erabiltzen zuen. Choream taldeko zuzendariaren arabera, gaur egun hip-hoparen bidez ez da gehiago aldarrikapen berezirik egiten: «Guk, eta nik uste hip-hop zale gehienek, dantza mota hori hautatu dugu gustatzen zaigulako, eta maite dugulako emozioen partekatzea ikusleekin. Besterik ez», zioen Bertogalek.
«Erran nezake hip-hop dantza hainbat estiloren nahasketa dela. Kultura frankoren emaitza da: Ameriketako Estatu Batuetan sortu zuten elkarrekin bizi ziren afrikar, portuges eta ingelesek. Beraz, dantza mistoa da», Stephanie Natafen arabera. Jose Bertogalen ustez, berriz, «hip-hop dantzari bezainbat hip-hop mota desberdin daude, bakoitzak sentitzen duena dantzaren bitartez erakusten baitu».
Bertogal eta Natafek hip-hop dantza irakasten dute Montreuil herrian 1990 urteaz geroztik, eta taldea 1993an muntatu zuten. Azken zortzi urte hauetan, konpania handituz joan da, eta jardunaldiz jardunaldi ibilki da. «Anitzek uste dute hip-hop dantza une edo garai bateko dantza dela, baina erran nezake gero eta gehiago profesionalizatzen ari dela», gaineratu zuen Bertogalek.
Ikusleek dantza egiteko aukera izanen dute
Egunean zehar, bi taldek Miarritzeko karrikak dantzara gonbitatuko dituzte. Izan ere, La Giga Barre taldeak dantzatu nahi duten guziei etortzeko deia zabalduko die: goizeko 11:00 orenetan, azokan; arratsaldeko 15:00 orenetan, Arrantzaleen Kaian; eta 17:00 orenetan, hondartza zabalean. Berrogeita hamar metro luzerako baranda bat ipiniko dute erran lekuetan eta ibilkari zein dantzari, hots, denek aritzeko parada ukanen dute, Richard Coudray, Frantziako Koregrafia Zentro Nazionaleko maisuak hitz eman duen bezala.
Arratsaldeko 18.00 orenetan berriz, Lili Catharsis taldeak Côte a Côte edo Ondo ondoan deitu ikusgarria eskainiko du, baratze publikoan.
Dokumentuaren akzioak