Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hilzorian dagoenari

Dokumentuaren akzioak

Hilzorian dagoenari

Konpainia: Kukai. Zuzendaria: Jon Maia. Ideia eta zuzendaritza eszenikoa: Marcos Morau. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 3.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2016/02/04
Lotura
Berria

Hilzorian balego bezala irudikatu nahi izan du euskal kultura Marcos Morau koreografoak Kukai dantza taldearen enkarguz, eta euskararen izendapen arkaiko bat —oskara— hautatu dute izenburutzat. Emankizunak ez du ezer arkaikotik, ordea, La Veronal taldearen estilo garaikidera batu direlako geure unibertsoko elementurik ezagunenak, haietariko batzuk aro arkaikoetatik gaurdaino eta bizirik etorrita.

Irakurlearen oroimena freskatzeko, gogora ekarriko dugu 2013an etorri zirela Bilbora El conde Torrefiel eta La Veronal konpainia katalanak —txanpon bereko bi aldeak ia-ia— BAD eta Dantzaldia jaialdietara hurrenez hurren, datu hori lagungarria izan daitekeelako oraingo lan konplexua hobeto ulertzeko.

Emanaldia itxura klinikoko agertoki batean hasi da, liturgia-musika lagun, eta Pablo Gisbertena izan zitekeen testu erdi kriptiko erdi poetiko bat proiektatu da atzeko gortina zurian, gizonezko baten gorpua ospitaleko ohatilan eta biluzik zegoela, mediku batek lagunduta. Indar handiko irudi plastikoa osatuz, gizon dotore bat ikusi dugu albo batean lau hankatan makurtuta, bere azkenetan edo zeharo etsita balego bezala.

Hortik aurrera, etengabeko elkarrizketa emankorrean ibili dira dantzariak eta Moraurengandik jariotako irudiak, Gisberten dramaturgia garaikidean bermatuta. La Veronaleko estiloan bezala, eta Kukaiko dantzarien teknika gaindiezinean oinarrituta, mugimendu filigrana zehatzak eta ustez desegituratuak gauzatu dira, batean erizainek gaixoaren alter ego-a mugiarazita, beste batean medikuak aurresku baten zati laburrak ohatilaren alboan dantzatuta, eta beste askotan taldeka irudikatuz euskal folklorearen pasarte nagusiak —Lantzeko Ziripot itxurako izakiak, joaldunen ttuntturroak, zaldikoen dantzak, Oñatiko Corpuseko dantzari barrokoak agian, Santa Ageda kantak...—, hildakoaren inkontzientean grabatuta baleude bezala, era lausoan eta logikatik kanpo.

Paisaia oniriko horren atzean Xabier Erkizia eta Pablo Gisberten soinu-banda ahalmentsua egon da. Egileek euskal kanta ezagunak bai ahotsean bai pianoan eraldatu eta beste soinu askorekin elkartu dituzte —Xori erresiñula, Hara nun diran, Benitoren Herri-behera, Laboaren Haika mutil-eko nota solte batzuk...—, batzuetan giro inguratzaileak eta beste batzuetan atmosfera zapaltzaileagoak sortuz, eta erdian in crescendo indartsu bat ere tartekatu dute. Musikaren arloan, gainera, nork eta Erramun Martikorenak zuzenean abestu eta kulturaren pertsonifikazioa antzeztu du bere presentzia soilarekin.

La Veronaleko aurreko lanean bezala —Islandia— ia erabatekoa izan da zuritasuna jantzietan, argietan eta eremu eszenikoan, eta badirudi proposamenak emozioei baino gehiago alde transzendentalari begiratu nahi izan diola. Horren adibide garbia da azken eszena, non sendagileak joaldunaren figura erantzi duen, atalez atal eta zeremoniatsuki, gero berriz ere ohatilan eta gorpu etzan zedin, haren parean Martikorenak herri-kanta zahar bat bake handiz aletzen zuen bitartean.

Dokumentuaren akzioak