Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Heterodoxo eta jostagarria

Dokumentuaren akzioak

Heterodoxo eta jostagarria

Kritika, On Danse

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/06/09

Agertokian lehen artista agertzen denetik ohartzen gara ez gaudela ohiko dantza ikuskizun baten aurrean: bertan dagoen gizonak oihaneko soinuak ahozkatzen dituen bitartean ikuste-animazio erakargarriak proiektatzen dira atzealde osoa hartzen duen pantailan, eta hori, zinez, ez da batere ohikoa dantza emanaldietan. Laster batean, baina, konpainia osoaren agerpena etorriko da, eta orduan argi baino argiago geratuko dira haien guztien mugimendu gaitasun itzela eta keinuen araztasun erabatekoa.

Era berean, oso argi geratu zaigu ikuskizun jostagarri hau guztiz heterodoxoa dela dantzaren ikuspegitik, Rameau konpositore barrokoaren musikaren gainean dantzaren forma ia guztiak elkartu direlako, oso era libre eta aberasgarrian. Atzeko pantailako animazioek ere irudimenaren libertatea aldarrikatzen dute etengabe, Monty Pythonen ikuste-muntaia mitiko haiek gogoraraziz eta barne pozaren sentsazio askatzailea transmitituz.

Heterodoxiaren bide beretik ulertu behar da gure moldeetarako dantza-gorputz perfektutik urrun dauden beste dantzari batzuen presentzia, hala nola emakume afrikarrarena edota irudi proiektatuetan ikusten den adineko jendearena. Bestalde, jantzi koloretsuen diseinu miresgarriak eta clown pare baten ekarpenek jolas axolagabearen ideia azpimarratzen dute.

Dudarik gabe muntaia honen balio nagusia dantza lengoaien arteko fusio berezia da, begi-bistakoa delako ez dela dantza-estilo segida hutsa izan, alderantziz baizik. Izan ere, dantzari bakoitzaren baitan ikusi da dantza lengoaia guztien eragina, artista bakoitzak beraren jatorrizko heziketari zegokiona eman duen arren. Ildo horretatik, guztiz gozagarria egin zaigu claqué eta flamenkoa elkartzen zituen eszena -dantzariak, euskaraz, «Manolo, begira» errepikatzen zueneko hura- eta edertasun sakona lortu dute dantza klasikotik hurbilen zeuden pasarteek.

Kontrako platerean, ordea, irudien erabilera dugu, hain irudimentsuak eta erakargarriak izatean gure arreta desbideratu eta dantzarako oztopo bihurtzen zirelako gehienetan. Hala ere, eta emanaldiaren gehiegizko luzera albo batera utzita, onartu beharra dago lehendabiziko aldiz lortu dela musika barrokoarekin eta hip-hop estiloarekin dantza garaikidearen goi mailara iristea

Koreografia: Jose Montalvo, Dominique Hervieu.
Musika: Jean-Philippe Rameau.
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
Eguna: Ekainaren 7a.

Dokumentuaren akzioak