Dokumentuaren akzioak
Herritarren helburua gu mozkortzea da, arratsaldean maskaradan parte hartzeko gai izan ez gaitezen
Joanes Etxebarria. (Maskaradako partaidea)
Maskarada abian da eta aurten Barkoxek du antolatzeko ardura.
Bai. Urtetik urtera herri ezberdin batek hartzen du Maskaradak antolatzearen ardura. Dantzarientzako eta orokorrean kultura hau maite duen edozein xiberotarrentzat momentu garrantzitsua da eta nire ustez guziek nahi dute ekimena antolatu; bere burua horretarako prest sentitzen duenean esan egiten da eta prestaketekin hasi. Urte batzuetan bi maskarada izan dira, baina galdu egin da ohitura.
Nork hartzen du parte Maskaradan?
Egia da gehienak dantzariak direla, izan ere dantza taldeetatik abiatu ohi baita Maskaradako ideia. Ondoren, gainerako pertsonak joaten dira taldera gehitzen, pertsonaia ezberdinak egiteko, noski. Eta gaur egun, euskararen kezka sartzen ari da gure artean, ikusi behar da dantzariez gain badenez aski euskaldun ikusgarrian parte hartzeko.
Kabana (ezkerrean). |
Eta zein arlo lantzen ditu Maskaradak?
Alde batetik kultura mailan dantza lantzen da, horrekin oso lotuta baitago ekimena. Bestalde, biziki interesgarria da kaosaren momentua azaltzen dela Maskaradan, eta horrek Inauteriekin du zerikusia. Umore klabean lantzen da kaosa; batetik buhameek munduan zehar ikusi dutena trufaz erraten dute eta bestetik, kabanakook, herri bakoitzeko istorioak kontatzen ditugu, gehienetan izenik eman gabe, baina beti ere adarra joz. Funtzio hori oso interesgarria antzematen dut.
Desberdintasunik ba al da urte batetik besterako emanaldietan?
Batetik bestera ez dira aldaketa aunitz ematen; gure kasuan pertsonaiaren bat edo beste gehitu diogu ikuskizunari.
Nolakoa izan da antolaketa prozesua?
Berrogeita hamar bat gabiltza, nahiz eta hasieran gehiago ginen. Guk bi urte daramatzagu maskarada egiteko gogoz eta harritua izan naiz prestakuntza aldetik Pastoralaren antza izango zuela uste bainuen, urtebete lehenago hasten baitira antolatzen.
Eta Maskarada?
Egia da dantzariak lehenago hasi behar dutela entseguak egiten, nahi ala ez oso fisikoa baita beraien egitekoa. Baina beste pertsonaientzat ez da horrenbeste. Nik pentsatzen nuen nire papera prestatzeko–kabana– adibidez, zaharrengana joan eta ikastea zela prozesua; eta ez da horrela! Harrigarria atzematen dut bestalde, hemen Maskarada jakinekoa dugunez, pertsonaiak primeran ezagutzen ditugula eta bakoitzak nola interpretatu nahi dituen erabaki behar duela soilik. Hiru hilabete ibili gara entseguak egiten.
Pertsonaiei buruz mintza gaitezen: koloretan banatuta daude.
Bai, beltzak edo gorriak dira pertsonaiak. Bien artean munduan ematen den dualtasun hori dago, onak eta txarrak dira. Gorriak ordena esan nahi dute, beltzek desordena.
Zu zeu Kabana pertsonaia zara. Nola egokitu zitzaizun horretan aritzea?
Nik uste ez nintzela kabana izan nahi zuen bakarra eta hori da Maskaradaren arazoetako bat; askok nahi izaten ditugu pertsonaia berdinak egin. Hala ere, hasieran hilabetez paper ezberdinak interpretatzen ibili ginen –kantatzen dakienak abestu egiten du, testuak irakurtzen dira... Eta taldea eramaten duenak du azken erabakia ematen.
Maskaradako bi momentu (1972). |
Casting bat bezala orduan!
Bai, baina hori ez da herri guzietan ematen. Barkoxen euskara dakien jende aunitz dago oraindik; beste leku batzuetan ez da horrelako luxurik izaten eta euskaraz dakienak egiten du kabanaren papera.
Pastoraletara Euskal Herri osotik gerturatzen da jendea; zuen kasuan?
Egia da kanpoko jendearentzat Maskarada ez dela horren erakargarria. Gainera, funtzio berezi bat dauka ekimenak, herrien arteko harremanak indartzea hain zuzen. Maskarada herri batean emateko ados izan behar da herria bera. Halaber, dantza talde bat egon behar da –goizean talde biek aurrez aurre dantzatzen baitute–, herritarrek barrikadak antolatzen dituzte eta normalean beraien etxeetan bazkaltzen dugu. Arratsaldetan egoten dira kanpotar gehiago eta dantzez gozatu ahal dute nahiz eta askorik ez ezagutu. Eta xiberotarrez hitz egiteaz gain, herriko istorioak kontatzen direnez, haria jarraitzea konplikatuagoa da.
Entzuna dut barrikadekin hasten direla ikuskizunak.
Nik ulertu dudanez, jatorria egiazko barrikada fisikotik dator. Herritarrek oztopoak jartzen zizkieten Maskaradei herrian sartzeko. Dantzariak izaten ziren trabak gainditzen zituztenak, zehatzago esanda, txerreroak, eta barrikadaren gainetik salto egin behar izaten zuen pasatu ahal izateko. Gaur egun traba fisikoa kendu arren, botilekin–eta sortutakoak jartzen dira eta gauza bertsua sinbolizatzen du. Behin dantzariek hori gaindituta, aperitifa edatera joaten gara. Printzipioz, herritarren helburua gu mozkortzea da, arratsaldean maskaradan parte hartzeko gai izan ez gaitezen.
Erran nahiko nieke Hegoaldetik Maskaradak ikustera datozenei barrikadak ezin direla hautsi Maskaradan ari direnek gainditu baino lehen. Ez da erraza hau asmatzea, baina oso garrantzitsua da, nire herriko zahar batzuek gaizki hartu izan baitute.
Maskaradako egun bat konta iezaguzu.
Antzina herri batetik bestera oinez joaten zirela erran didate! (barre) Garaiak aldatu dira eta autobusez joaten gara edozein arazo ekiditeko. Zortziak aldera esnatu eta printzipioz goizeko 9etan hasten dira barrikadak; herriaren arabera kopurua aldatzen doa, behin hamar izan genituen! Noski, zifraren arabera denbora gehiago edo gutxiago emango dugu bakoitzean; sei badira gehiago geratzen gara edaten hamar izaten badira baino. Hamabiak inguru plazara iristen gara eta Barkoxekook dugun berezitasuna, normalki arratsaldez egiten den jokoa –biarnesez dena– goizez egiten dugula da; eta horren ondotik herritarren etxeetarat abiatzen gara bazkaltzera. Hiru eta erdiak aldean –garaiz iristen bagara behintzat– hasten da ikusgarria eta seiak edo zazpiak aldera amaitzen dugu.
Joanes, Kabanaren rolean. Argazkia:
Joanes Etxebarriak utzia.
|
Ordu asko dira. Nekerik sentitzen al duzue?
Nekatu baino gozatu egiten dugula esango nuke; biharamunean nabaritzen dira igandeko unadurak. Ez dugu momentuan sentsazio hori izaten nahiz eta aurreko egunean festa egin. Behin pertsonaiaren jantzietan sartuta, paper hori betetzen dugu egun guzian zehar eta ahaztu egiten da nekea.
Bitxikeriarik pasatu zaizu orain arte?
Ez dakit bitxikeriarik, baina bai baldintza berezietan aritzea. Ezpeizen izan zen eta euria hasi zen. Azken hamar urte hauetan aurrenekoz izan zuten Maskarada herrian eta ez zen deus entzuten.
Eta kontatu behar dituzun istoriorik ahaztu al duzu inoiz?
Ez, ez baititut buruz ikasi behar, irakurtzeko aukera daukat eta!! (barre) Eta eskerrak, herri guztietako istorioak ikasi beharko banitu...
Ikuskizuna eskaintzeko herri handiak edo txikiak nahiago?
Aspaldi Maulen bizi naizela eta gogo handia dut bertan aritzeko. Bestalde, herrixka batzuetan serio hartzen dute gu mozkortzearena eta hitzorduetara berandu iritsaraztearena, eta Maskarada gauarekin amaitzea. Gustuko dut aspektu hori; izan ere batzuetan taldea errezibitzea– eta formalitate hutsa izaten da, baina bestetan herritarrak buru–belarri sartzen dira paperean.
Igandero taldea mozkortzen saiatzen direla esan duzu...
Hasieran beldurra neukan ea alkoholizatuta amaituko ote nuen! (barre) Ohartu naiz hala ere, urteko edozein asteburutan baino festa gutxiago egiten dudala. Gure pertsonaiekin bat doa pixka bat mozkortuta egotea, baina bestalde, egia da dantzarientzako ez dela gauza berdina, herri oso baten aitzinean daukaten balioa erakutsi behar baitute.
Suposatzen dut esperientzia honek Zuberoari buruz gehiago ikasteko balio dizula...
Izugarri eta bide batez jendea ezagutzeko parada ematen dit. Hau da, normalean Lapurdi aldean ibili izan naiz festa egiten eta aukera bikaina da Maskaradako kide izatea bertoko jendea ezagutzeko.
Joanes Etxebarria
(Barkoxe, Zuberoa)
Parisen bi urtez aritu zen ikasketa profesionala egiten, kazetaritza munduan
lan egiteko. Egun Maulen bizi da eta Xiberoako Boza irratian topatu dugu
Joanes, bertan baitihardu lanean. Guraso bizkaitarrak izanik, ikastolan
hasi zen bertoko euskalkia ezagutzen eta elkarrizketa bakoitzarekin xiberotarrez
ikasten duela aipatzen digu.
Dokumentuaren akzioak