Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herritarrek dantzan hartu nahi dituzte plazak gurean

Dokumentuaren akzioak

Herritarrek dantzan hartu nahi dituzte plazak gurean

Herriak dantzarako gogo biziak ditu; hala erakusten du, behintzat, Herrixa dantzan ekimenak piztutako mugimenduak. Patxi Monterok orain urte batzuk egindako gonbidapenak zuztarrak hartu ditu gurean –2010ean Elgetan hasita, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan orain–, eta ematen du dantzazale hasiera baten lotsakorrek kendu dituztela gainetik konplexu guztiak.
Egilea
Jon Berezibar
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2012/10/09
Lotura
Goiena

Hiru gakotan asmatu du Herrixa dantzan-ek plazak berpizteko: dantza talde antolatuen esklusibotasunetik ateratzea, dantzarako espazio berriak zabaltzea eta, azkenik, formazio atsegin eta erraza eskaintzea. Dantza ulertu eta bizi izateko era aldatu egin da.

Ikuskizunetik gozamenera

Monterok berak azaltzen duen moduan, "azken hamarkadetan plazako dantza saioen gainbeherarekin batera dantza bera ikuskizun bilakatu da eta dantza taldeek protagonismo ia hegemonikoa hartu dute", plazako saio herrikoi eta ludikoen kalterako. Entsegu orduetan taldeetako dantzariek lortutako "birtuosismoaren" aurrean herritar soilak kikildu izanari egiten dio erreferentzia Monterok. "Konplexuak eta lotsak sortzen" direla-eta "plaza berreskuratzeko lehenbizi motibazioa eskaini" behar dela dio Monterok, ze "dantza beti plazan egon baita, gauza tradizionala, naturala baita, jolas egitea bezala da, eta edonork dauka gaitasun hori". Lehen gakoa hori, baina dantzarako aukerak ere sortu behar dira eta Herrixa dantzan-ek zaleak eroso eta aske sentitzen diren saioak antolatzen ditu. Hortik herriko plazarako urratsa errazagoa da. Helburua argi du Monterok: "Plazan herritarrak elkarrekin dantzan jarduteko kultura sustatzea, baina beti dibertimendurako tresna moduan".

Dibertitzea ez besterik

Dantza egitea oso atsegina baita, eta sarri inbidia ematen ei dute dantzariek. Horixe diote Ainhoa Lete eta Begoña Artzelus bergararrek. Biak ala biak dira Monteroren saioetako ohikoak. Inbidia berba da biek ahora dakartena, baina dagoeneko halakorik ez dute sentitzen Herrixa dantzan-en hasi zirenetik. Ainhoa Letek kontatzen du zelan hasi ziren seme-alabak Moises Azpiazu dantza taldean zeuzkaten gurasoak elkartzen. Astean ordubete egiten zuten, baina Patxi Monteroren saioen berri jakin bezain laster, haren Bergarako taldekoei batu zitzaizkien. Lehengo erromeriak ditu gogoan Letek, eta orain dantzarako hainbeste aukera ez egotearen pena ere badu. Haren moduan, Begoña Artzelusek zalantzarik ez du halako ekimenak jendea asko animatzen duela. Artzelusek kontatzen du "hain ondo" pasatzen dutela, "saioa amaitzerakoan pena" hartzen dute. "Dantza egitea izugarri gustatzen zait niri", dio parte-hartzaileak, "eta deseatzen egoten gara erromeria bat noiz egongo". Grina hori kutsagarria da, antza, parte-hartzaile biek diotenez, jai eta ospakizunen egitarauetan geroago eta "erromeria eta dantza-saio gidatu gehiago egoten" direlako, eta "gazte jendea ere animatu egiten da", Artzelusek pozarren dioenez. Lotsa hori  berehala gainditu zuen Ainhoa Letek ere, baina aitortzen du jendeak izan ditzakeen beldur horretan dantza taldeek ere asko lagundu dutela, "asko lantzen baitituzte dantzak, eta jendeari horrek atzera eragiten dio". Edozein dantzazaleri behin eta berriro egiten dio, hortaz , gonbidapena, "baita aurretik inolako ikastarotan ibili ez direnei ere". Loreak besterik ez dauka Monterorendako, eta azaltzen du haren "metodologia oso ona dela, ze ez baita ispiluaren imitazio teknika erabiltzen, hark gidatzen du saioa eta, azkenean, hark nahi duen mugimendu horretara" eramaten zaituela azaltzen du.

Errepertorioa aberastuz

Herrixa dantzan-en lorpen esparrua, baina, harago doa, ohiko erromeria aberasteko helburuarekin ere badatorrelako. "Fandango, arin-arin eta biribilketaz gain, errepertorio zabala dago plazarako dantzetan gure tradiziotik atera gabe".Gure tradizioa dioenean, batez ere, Europako mendebaleko plazako dantzak eta Euskal Herrikoak marko kultural berean kokatzen direla azaltzen du Monterok, eta Okzitania, Ingalaterra eta erdialdeko Europako dantzak "kulturalki gertukoak" sentitzen ditugula. Saioetan egiten dituzten dantza gehienak Euskal Herrikoak badira ere, inguruko tradizio hain familiarren dantzak gehituta, aberastu egiten da dantzazalearen kultura. Hori bakarrik ez, "doinu berri eta goxoak, musika gozagarria" ere eskaintzen da, eta "horrek ere engantxatzendu".

Hastea, lehen urratsa

Patxi Monterok gogoan dauzka txikia zenean domekero egoten ziren erromeriak eta heldu zein umeek elkarrekin egiten zutela dantza. "Gainbehera etorri da azken hamarkadetan, talderik ez dago eta ohitura ere galtzen" joan dela aitortzen du Monterok. "Aukera ematen den heinean, bai ikasi zein jarduteko, jendeak erantzun ona ematen" duela eta "gorantz doan fenomenoa" dela, gainera, "bai Euskal Herrian zein kanpoan ere". Horren froga modura Monterok berak egiaztatzen duen dantza ikastaroen eskaeraren hazkundea dator. "Eskari hori hor zegoen, eta, behin hortik hasita, hurrengo urratsa kalean elkartu eta besterik gabe ondo pasatzeko dantzatzea" zetorrela kontatzen du. "Gizartean zegoen eskari bati erantzun bat besterik ez diogu eman"; halaxe borobiltzen du Monterok.

Ikastaroak gura adina

Patxi Monterok, saioak gidatzeaz gain, ikastaroak ere eskaintzen ditu Arrasaten, Bergaran eta Elgetan. Leizarra Musika Eskolan, Aretxabaletan, ere badira eskolak; Eskoriatzan Beheko Errota eskolan baita ere. Oñatin aspalditik daukate herritarrekin eskolak antolatzeko ohitura, Aratusteei begira, batez ere, eta Antzuolan eta Aramaion, herriko taldeek ere badihardute formazio eta antolakuntza horretan.

-----------------

'Dantzan.com', zaleen dantzarako plaza Interneten

Dantzazaletasunak zelanbaiteko pizkundea izan duela erakusten du erreferentziazkoa den Dantzaz.com webguneak. Indarberrituta ekingo diote etapa berri bati, finantzazio zailtasunak direla-eta 2012 osoa itxita egon eta gero. Eibarren sortutako gunea da eta Euskal Herriko zaleen topagune birtual lanak betetzen ditu. Albisteak, agenda, multimedia edukiak eta batez ere Euskal Herrian han eta hemen jasotako material kopuru handia aurki daitekeDantzan.com-en. Komunitatea ere sortu dute, zaleak elkarren artean harremanetan jartzeko.

-----------------

Patxi Montero (Antolatzailea eta saioen gidaria): "Dantza tradizionalaren eremu hori zabaldu nahi izaten dut"

Dantzaren munduan betidanik jardun du Patxi Monterok, baina Herrixa dantzanElgetan abiatu zuen 2010ean, Espaloia aretoak berak taldeko dantzetarako ematen zituen aukerak aprobetxatu nahian. Dantzen gidaria da hura eta "ofiziotzat" du hori. Ikasleek ere oso estimuan dute haren metodoa, esperientziatik asko ikasi du-eta Monterok.

Piztu den mugimenduak nola sentiarazten zaitu? Pozik. Azken finean, niretzat ere nuen-eta apur bat; gogo hori bete nahi nuen. Pentsatu nuen niretzat zen moduan, askorentzat ere erakargarria izango zela. Orain, ikusita jendeak erantzuten duela eta oso ondo pasatzen duela, poza sentitzen dut.

Dantzak erakusteaz gain, haien istorioa ere kontatzen duzu? Saioek duten alde hezitzailea ere gustatzen zait. Helburua beti da dibertitzea, jolas egitea, baina gustatzen zait azaltzea zer ari garen egiten. Sakonegi sartu barik, baina proiekzioen bitartez dantzaren musika zeinena den eta jatorria jartzen ditut, eta estimatu egiten dute hori. Sarri, gainera, Europako beste dantza batzuk ekartzen ditudanez, polita izaten da konparatzea.

Zein motatako dantzak dira? Dantza tradizionala da, baina eremu hori zabaldu gura izaten dut. Euskal dantza delakoa oso mugatua da. Euskal Herrian egiten diren plazako dantzak eremu kultural baten barruan daude eta Europa mendebalean egiten diren dantzen familia berekoak dira. Kulturalki gertukoak senti ditzakegun dantzak egiten ditut. Hori erraz ikusten da, ze erraz antzemateko moduko dantzak izaten baitira.

Zer esango zenieke dudan daudenei? Arrasaten, Eskoriatzan, Bergaran, Elgetan... hilero-hilero daude hitzorduak. Herriko jende normala elkartu eta dantzan hasten gara. Gauza errazak izaten dira eta adin guztietarako pentsatuta daude dantza guztiak. Aitaita-amamak ere etortzen dira eta hasieratik dira jarraitzeko errazak egiten ditugun dantzak. Edonor etor daiteke.

-----------------

Hurrengo saioak

Arrasate.

Noiz: Hileko azken ostiraletan.

Non: Garaia taberna-jatetxean.

Ordutegia: 20:00-21:30.

Antolatzailea: Portaloi Elkartea.

Bergara.

Noiz: Hileko lehen igandean.

Non: Zabalotegi aretoan.

Noiz:18:00-19:00 haur eta gurasoak elkarrekin dantzan. 19:00-20:30 ohiko saioa (helduentzat batez ere).

Non: Bergarako Udala.

Eskoriatza.

Noiz: Hileko hirugarren igandean (azaroan hasita).

Non: Unibertsitateko kaperan.

Ordutegia: 18:30-20:00.

Antolatzailea: Eskoriatzako Udala.

Laguntzaileak: Eskoriatzako Udala, Musika Eskola eta Mondragon Unibertsitatea.

Elgeta.

Noiz:Hileko azken igandean.

Non: Espaloia Kafe Antzokian.

Ordutegia: 18:00-19:00 haur eta gurasoak elkarrekin dantzan eta 19:00-20:30 ohiko saioa (helduentzat batez ere).

Antolatzailea: Espaloia Kafe Antzokia.

Dokumentuaren akzioak