Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Herritarrek badute interesa erromerietako dantzak ikasteko»

Dokumentuaren akzioak

«Herritarrek badute interesa erromerietako dantzak ikasteko»

Zornotzako Udabarri dantza taldeak 50 urte bete ditu aurten, eta, horregatik, Zornotzako jaietako pregoia irakurriko dute gaur.

Dantzari eta txistulari aritzeaz gain, beste lan asko ere egiten ditu Labradorrek.
Egilea
Alaitz Armendariz
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/07/14
Lotura
Berria
Udabarri dantza taldean zer egiten duen galdetuta, «ahal dena» erantzun du Aritz Labradorrek (Zornotza, Bizkaia, 1997). Bizitza erdia baino gehiago darama dantza taldean sartuta; hortaz, gaztea izan arren, ondo baino hobeto ezagutzen du 1966an sortutako dantza taldea. Dantzan eta txistua jotzen aritzen da, eta, horretaz gain, bestelako gauzez ere arduratzen da. Gaur, 20:00etan, Udabarri dantza taldeak irakurriko du Zornotzako jaietako pregoia, 50. urteurrena baitu taldeak aurten. Nagusiki dantza taldea izan arren, askotariko kultur jarduerak ere antolatzen dituzte urte guztian.

Nola antolatuko zarete pregoia botatzeko?

Gure asmoa udaletxeko balkoian belaunaldi bakoitzeko ordezkari bat biltzea da, nahiz eta kasu batzuetan bi ordezkari egongo diren. Baina helburu nagusia hori da: belaunaldi guztiak ordezkatuta egotea. Taldean urte asko daramatzan kide batek irakurriko du pregoia, lehendakariak ez baitu nahi izan.

Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun Udabarri dantza taldea?

Parte hartzen duten gehienak umeak dira, erregulartasunez dantza egiten dutenak; nagusiek kasu berezietan egiten diren ekitaldietan parte hartzen dute, baina ez daukagu saio erregularrik. 60 inguru izango gara, baina badaude asko urte batzuetan gurekin dantzan aritu direnak eta bazkide egin direnak, eta beti etortzen dira ekitaldi berezietara.

Zerbait berezi egingo duzue 50. urteurrena ospatzeko?

Ekitaldi handi bat prestatzen ari gara, ahalik eta jende gehien biltzeko. Bestalde, hainbat jarduera prestatzen ari gara kurtso honetarako; gaur bertan hasiko dugu kurtso berria, pregoiarekin. Sorpresatxo bat ere prestatu dugu une horretarako. Eta herriarentzako ikastaro batzuk ere zabaldu ditugu aurten, larrain dantza erakusteko. Asmoa herriarengana ahalik eta gehien hurbiltzea da, eta, horretarako, ikastaro gehiago prestatzeko asmoa dugu.

Urte guztian ere askotariko ekitaldietan parte hartzen duzue, ezta?

Bai, udan batez ere, inguruko herrietan Dantzari Egunak egiten direlako, baina, hilabete gehienetan, bi astean behin izaten dugu zerbait. Hainbat tokitara gonbidatzen gaituzte, eta haraxe joaten gara gu.

Udabarri dantza taldearen historian leku askotan egon zarete.

Bai, lehen, truke folkloriko eta kultural asko egiten genituen. Orain dela gutxi, Asturiasen izan ginen, adibidez. Hasieran dantza talde bat bakarrik izan arren, gure helburua beti izan da herritarren artean euskal kultura eta euskal folklorea zabaltzea. Kulturaren arloan askotariko jarduerak egin ditugu; adibidez, Zornotzako Olentzeroren etorrera guk antolatzen dugu, txitxi burruntzia, Santa Ageda, mendi irteerak... Egia da azkenaldian dantzarako joera handiagoa egon dela, baina bestelako ekitaldiak ere hor daude.

Urtez urte jendeak interesa agertzen jarraitzen duela iruditzen zaizue?

Edozein dantza talderi galdetuz gero, esango dizute gero eta jende gutxiagok dantzatzen dituela euskal dantzak. Pena da, baina hori hala da. Hortaz, argi dago hori sustatu beharreko gauza bat dela. Halere, nik esan beharra daukat azken boladan interes handiagoa ikusi dudala; ez hainbeste dantza talde batean sartzeko eta konstante mantendu eta urtero-urtero gauzak egiteko, baina bai kulturan apur bat barneratzeko eta erromerietako dantza batzuk behintzat ikasteko. Nire ustez, horrelako aukerak asko estimatzen dira gazteen artean; horregatik nahi ditugu hurrengo urterako plaza dantzak zabaldu, sarrera moduan, gero agian herritarrengan dantza talde batean sartzeko gogoa pizteko. Nolabait, helburua oinarrizko zer edo zer ikastea da, gero erromerietan dantzatu ahal izateko. Modan dagoela iruditzen zait.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak