Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herriko erraldoiak dantzan jarri dituen zortzikotea omendu dute

Dokumentuaren akzioak

Herriko erraldoiak dantzan jarri dituen zortzikotea omendu dute

Xanistebanen aurreko Kultur ekitaldia egin zen atzo Landetxen. Erraldoiak mugitu dituen zortzikoak ziklo aldaketa izango du eta omendu egin zituzten atzo.
Egilea
Alaine Aranburu Etxegoien
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2024/08/02
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Xanistebanen atarian, herriko festak iragartzeko Kultur Ekitaldia egin zuten atzo Landetxen. Lartaun Txisulari Taldearen doinuekin hasi zen ekitaldia eta udal gobernuko kideak igo ziren jarraian. Alkateak ezin izan zuen bertan egon eta bere ordez, alkate orde Garazi Urdanpilletak hartu zuen hitza.

Iragandako urtea ere urte “bizia” izan dela nabarmendu zuen eta bizitasun horren erakusletzat jo zuen 2023an Landetxen 107 ekitaldi antolatu izana eta horietatik 58 herriko eragileek programatuak izanak. Datozen urteetan martxa horri eusteko nahia adierazi zuen Urdanpilletak, “ekintza horiek ezinbestekoak direlako herria bizirik eta komunitatea indartsu mantentzeko” zehaztu zuen.

Horrez gain, kulturzale berriak sortu eta euskara eta euskal kultura burujabetzaren lanketan kokatzeko erronka dutela aurrean azaldu du. “Euskaldun egiten gaituena euskara eta euskal kultura dira, eta hortaz, gogoetatu beharko dugu nola eutsiko diogun gure hizkuntzari, gure kulturari, besteak beste, kulturartekotasuna nagusi den garai hauetan” adierazi du alkateordeak. Horretarako, elkarlanean hausnartzen jarraitzeko eta bide berriak urratzeko deia egin du.

Aurtengo omenduak, Oiartzungo Joxepa, Antton, Esteban eta Kattalin erraldoiei ikusgarritasuna eman eta dantzan jarri dituen zortzikotea izan da: Iñaki Arbelaitz, Ane Gil, Asier Legorburu, Aritz Olaziregi, Andoni Vieira, Agustin Vital, Lorena Zalakain eta Vanesa Ziaurritz.

Zortzikotea oholtzara igo aurretik, XVIII. mendearen hasieratik erraldoien garrantziak behera egin zuela gogoratu du Urdanpilletak “desegoki” ikusten zituztelako ekitaldi erlijiosoetan. Eliza, katedral edota parrokietan debekatu zuen Carlos III Erregeak 1798.urtean. “Duintasun eta begirunearekin” bat egiten ez zutela erraldoiek ebatzi zuen garaiko erregeak. “Zorionez”, debeku horri buelta eman zitzaion XIX. Mendeko lehen hamarkadetan eta jai alai gisa ulertzen dira.

Oholtzara igo da erraldoiak dantzan jartzen dituen zortzikotea eta hitza Vanesa Ziaurritzena izan da eta konpartsakideei zuzendu zaie. Emakume musikari bezala, eskerrak eman zizkion Oiartzungo Erraldoi Konpartsari, hamar urte hauetan erraldoiekin jotzeko aukera emateagatik.

Oso emakume gaita jotzaile, dultzaina jotzaile gutxi direla Euskal Herrian deitoratu du Ziurritzenak, “oso oso gutxi gara, ez duzue imajinatzen zeinen gutxi garen, erraldoiekin jotzen, askoz gutxiago” adierazi du. Oiartzunen, baina, lau badirela zoriontsu nabarmendu zuen. Konpartsari eskerrak eman zizkion ere “emakume musikarien lana ikusarazteagatik, konpartsa parekidea osatzeagatik eta jaietan emakumeon parte hartze aktiboa ahalbideratzeagatik”.

Konpartsako kide Agustin Vital ere igo zen taulara eta taldeak zikloa itxiko duela iragarri zuen. Aurrerantzean beste talde batek hartuko du erraldoien ardura. Agerraldiarekin bukatzeko, udalari eskatu dio erraldoien etxetxo bat sortzea, herriko umeek urte osoan zehar erraldoiak ikusi ahal izateko.

Ekitaldiarekin bukatzeko, Oiartzungo 2024ko urtekaria aurkeztu eta Yon Oñatibiak sortutako ohorezko kontrapasa dantzatu eta protagonistekin ateratako talde argazkia atera zuten. Kartel lehiaketetako irabazleak ere saritu zituzten: Udane Ansa , Irati Iparragirre eta Maren Aginaga eta Igor San Jose.

 

Dokumentuaren akzioak