Dokumentuaren akzioak
Herriko dantzak berreskuratu dituzte Kuartangon
Trinitateko dantza eta giza-gaztelua berreskuratu ondoren, Eskolunbeko gazteluari buruzko ikerketa egin dute Kuartangon.
Alta, Trinitateko erromeriarena ez da Kuartangon berreskuratu duten dantza bakarra. Iaz Eskolunbeko giza-gaztelua berpiztu zuten; abenduan argitaratuko dute Dantzariak aldizkarian horren inguruan egin duten ikerketa.
Galdutako dantzen memoria berpizteko lanean buru-belarri dabiltza azken urteetan Eduardo Martinez de Santos Ortiz de Zarate, Gloria Ugarte, Begoña Intxauspe eta Belen Gomez. Melodiak eta pausoak berreskuratzeko, inguruko zaharren testigantzak jaso dituzte.
Trinitateko dantza
Lanketa horri esker jakin dute nolakoa den 1931. urtetik desagertuta zegoen Trinitateko dantza, eta haren melodia. "Giza-gaztelua, tarteka bada ere, mantendu egin da, baina agintariei eskaintzen zitzaien agurra eta meza ondorengo dantza, ez", argitu dute.
"Basabe aldeko bizilagunekin hitz egin genuen, bertakoa baita dantza: Artxuako Eugenio Ruizekin, Villamancako Sebastian Aginakorekin eta Lunako Obdulia Ruiz de Zaraterekin eta Teresa Ibañezekin egon ginen. Haiek esandakoa eta emandako melodia erreferentzia bezala hartuta, berreskuratu genuen dantza, eta 1982. urtean dantzatu genuen lehen aldiz". Dantzaren melodia gogoratzen zuen Ruizekin lortu zuten txisturako partitura osatzea, eta lehen urtean txistuarekin eta atabalarekin jo zuten. "Gero jakin genuen dultzainarekin jotzen zutela, eta melodia egokitu genuen".
30. hamarkadara arte, Corpus egunaren ondorengo hiru igandeetan jarraian ospatzen zen Trinitatea. Egun, aldiz, igande bakar bateko erromeria da. "Entseguak egin gabe ateratzen gara dantzatzera, bat-batean biltzen da jendea; kuartangarrek oinarrizko pausoak ezagutzen dituzte jada".
Bestetik, Eskolunbeko ermitan egiten den giza-gazteluari buruzko lanketa 1915. urteko argazki baten harira hasi zuten. "Hamar bat lagunen testigantzak jaso ditugu, Anda, Andagoia eta Katadianokoak, eta oso historia politak aurkitu ditugu: giza-gazteluak dirua jasotzeko helburua du, eta ahalik eta diru gehien lortzeko, ehun bat lagunen izenak goratzen zituen tontorrera igotzen zen gazteak". Hainbeste denbora tente egoteko trikimailu bat erabiltzen zuen: intxaurrondo baten hostoetatik heltzen zen.
Giza-gazteluak, Araban
Kuartangoko taldea ohartu da giza-gazteluak egiteko tradizioa nahiko zabalduta dagoela Araban, eta dirua biltzeko erabiltzen zela, batez ere. Berantevillan, adibidez, gaztelu-kalejira bat egiten dute: "Lehen, etxeen aurretik pasatzen ziren, eta biztanleak banan-banan goratzen zituzten. Orain, hogei bat gaztelu egiten dituzte herrian, eguerdian hasi eta gauera arte". Trebiñuko Lañun ere egiten zuten giza-gaztelua, baita Mendozako Urrialdoko ermitan eta Lalastran ere.
Trinitateko dantza berreskuratu dute Kuarntango. PHOT.OK
Dokumentuaren akzioak