Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herrien tradizio bizi batean sinesten du

Dokumentuaren akzioak

Herrien tradizio bizi batean sinesten du

Jon Mayak 13 urte daramatza Kukai dantza taldeko koreografiak sortzen. ‘1937, gogoaren bidezidorretatik’, "Komunikazioa/inkomunikazioa’, ‘Otehitzari biraka’, ‘Hnuy illa’... Eta ‘Gelajauziak’, azkena. Euskal dantzak plazatik dantza garaikidearen eszenatokira, eta handik berriro plazara eramaten jakin du errenteriarrak.
Egilea
Testua: Miren Mindegia / Argazkiak: Javier Colmenero
Komunikabidea
On
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/07/19
Kukai Dantza Taldearen egoitzara iristen garenean, taldea lanean dago oraindik. Paretak aldez alde estaltzen dituen ispiluaren aurrean bost dantzarik, lau mutiko eta neska batek, urrats berdinak errepikatzen dituzte musikaren erritmoan. Alai Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga dira. Jon Mayak bazter batetik begiratzen die, hanka eta besoei so, zuzenketa batzuk eginez. Bukatzerakoan, gelaren bazterrean biltzen dira seiak, hurrengo emanaldiak komentatzen dituzte eta irribarre batekin agurtzen dira, datorren egunera arte. Giro ona daukate, konfidantzazkoa. Eguerdia da eta, denbora askorik ez daukan arren, Mayak arazo eta presa arrastorik gabe eskaintzen dizkigu minutuak, gogoz parte hartzen du argazki saioan eta pintxo bat jaten duen bitartean erantzuten die gure galderei. Irribarrea galtzen ez duen mutiko serio horietako bat da, hurbila, bere taldean bizi den konfidantza sentsazioa hasieratik transmititzen duena. 

Azken aldian ‘Gelajauziak’ ikuskizunean murgilduta zabiltzate, herriz herri eta plazaz plaza eramaten. Zer nolako ikuskizuna da?
Azaldu beharreko klabe batzuk daude hor eta horietako lehenengoa Cesc Gelabert eta Kukai dantza taldearen arteko kolaborazio bat dela da. Harreman hau duela bizpahiru urte hasi zen. Kultura tradizionalaz eta kultura tradizionaletik abiatutako sorkuntzaz hitz egiten hasi genuen harreman hori, bakoitzak bere ikuspuntua ematen zuen... Gerora, gure dantzariei tailer bat ematera etorri zen. Elkar ezagutzeko prozesu horretan, iritsi zen momentu bat non bere esperientziatik eta komunean jarritako guzti horretatik zerbait polita atera zitekeela ikusi nuen. Proiektua proposatu nion, onartu zuen eta martxan jarri ginen.

Nolakoa izan da elkarlana?
Proiektuak bi urrats izan ditu. Joan zen irailean Dantza Hiria Jaialdiaren testuinguruan sorkuntza beka bat eskuratu genuen eta horren bidez gaur egungo ikuskizunaren parte bat egin genuen. Estreinaldi horren ondoren emanaldi batzuk eskaini eta urtean zehar lana garatzen jarraitu genuen, orain ikuskizun oso bilakatu arte.

‘Gelajauziak’-en ezaugarri garrantzitsu bat kale ikuskizun bezala sortua izan dela da, ezta?
Kale ikuskizun bat bezala sortu zen eta ez kasualitatez. Azken batean, irakurketa bat egiten dugu Euskal Herriko dantza sozialen inguruan: jotak, jauziak, soinu zaharrak... Eszenatoki naturala mantendu nahi izan dugu. Gero Nestor Basterretxearen eskultura eta haren estetikaz jantzi dugu, Iraia Oiartzabalen jantzi eta musika... Baina irizpide berdinak jarraitu ditugu orokorrean, hau da, dantza tradizionaletik zerbait berria sortzea, bai musikan, bai janzkeran, bai estetikan.

Tradizioa sorburutzat hartzea Kukairen ezaugarri nagusia izan da hasieratik...
Bai, hori da gure arrazoia. Dantza talde tradizionalak asko ditugu herri honetan, ni neu esparru horretan jarduten naiz askotan; dantza garaikideko konpainiak milioika ditugu munduan eta Euskal Herrian, eta gu baino hobeak gainera. Hartara, Kukai arrazoi batekin sortu zen eta hori da gure zigilua: euskal dantza tradizionaletik abiatzea sorkuntza garaikidea egiteko.
2014-07-19_On-aldizkaria-Jon-Maya-elkarrizketa-01
Tradizioa hitz potoloa da, baina. Hartu eta moldatzeko, ohiturarekin apurtzeko, beharrezkoa al da ausardia puntu bat?
Nik herrien edo kulturaren tradizio bizi batean sinesten dut. Herri honek ere, ziur aski, oinarri bat dauka tradizio horren haria jarraitu duelako historian, eta
jarraitzea gustatuko litzaidake. Horrek ez du esan nahi lan tresna oso indartsu eta aberatsa ezin izan daitekeenik sorkuntza garaikiderako. Gauza batek ez du bestea kentzen, erabat osagarria da. Tradizioak aurrera jarraitu behar du. Gauzak errespetutik eta ondo azalduz egiten direnean, ez dago arriskurik. Ez dugu ezer aldatu edo zanpatu nahi...

Ez da eztabaida gutxiren arrazoi izan modernizazio edo gaurkotze hori.
Baina gauzak errespetutik egiten badira... Gero, noski, gustu kontua ere bada. Baina gauza guztiekin bezala, estetika ez da objektiboa.

Kukairen beste ezaugarri nagusietako bat, tradizioaren irakurketa berritzaileaz aparte, elkarlanaren kontua da, eta ez bakarrik dantzaren alorreko beste artistekin aurrera eramandakoa, baita bestelako arte diziplinetako taldeekin ere.
Bai, garrantzitsua da niretzat. Pertsonalki, ideia batzuk eta gogo batzuk baditut baina hutsuneak ere bai. Horregatik, ikuskizun bat planteatzerako unean niretzat ezinbestekoa da ondoan gidoigile, eszena zuzendari edo esparru horietan jaioak direnak edukitzea. Alde batetik hori, eta bestetik, gure lanean aurrera pausoak emateko ezinbestekoa iruditzen zait. Nahiz eta ikuskizun propioak egin, uste dut gure lana beti aurrerago eraman daitekeela, gehiago garatu daitekeela, topaketa ezberdin hauen bitartez. Oso aberasgarria da eta, urteen ondoren, konturatzen zara ondoan daukazun jendea edukitzea luxu bat dela. Gorputz bat ematen zaitu.

Ikasteko modu bate ere bada, ezta? Sekula ikasteari utziko ez dion horietakoa zarela errango zenuke?
Dudarik gabe. Nire formazioa dantza tradizionalean jaso dut eta, eszena mailan eta beste dantza estilotan, ikasteko dena daukat. Horregatik, inguruan daukadan
jendea edukitzea luxua da niretzat.  

Sei urterekin izan omen zenuen zure lehenengo harremana dantzarekin. Zein dira dantzarekiko gordetzen dituzun oroitzapenak?
Oso bestelakoak. Errenteriako Ereintza Dantza Taldean hasi nintzen eta gaur egun ere ahal dudan moduan jarraitzen dut beraiekin kolaboratzen. Gurasoek eraman ninduten, zergatik oso ondo ez dakidan arren. Hasieratik gustura sentitu nintzen, lagun talde ona osatu nuen, gaur egun ere horietako asko alboan ditut. Oso modu naturalean bizi izan dut dantza, ez da erabaki oso kontzientea izan... Arrez geroztik gustura nago, lehenengo ikasle bezala eta gero irakasle bezala, garai horretan txapelketetan ibiltzen nintzen eta ondo nindoan... Gerora, urrats bat eman eta Kukairen proiektua bultzatzea erabaki nuen, pixkanaka. Oroitzapenak? Zeharo desberdinak. Lagun arteko giroa gogoratzen dut, euria egiten bazuen katiuskekin joaten ginela dantzatzera, oso ondo pasatzen nuen. Dantzari Txiki egun desberdinetan jarduten ginen, eskolarteko lehiaketak, herrietako jaiak... Oroitzapen onak, beti.  

Bi urtez Laxok taldeko kide izan zinen, Kukai Dantza Konpainia sortu aurretik. Bide berriak irekitzeko garaia zen izan zen zuretzat?
Orain, perspektiba gehiagorekin, desberdin ikusten dut garai hori. Momentu hartan oso gazteak ginen, gauza berriak egin nahi genituen... Eskola bat izan zen gure-
tzat Laxok. Gerora Kukaiek hartu duen norabide batzuk esperientzia horrek lagundutakoak izan dira. Ez dantza mailan bakarrik, baizik eta gaur egungo eszenan bete genezakeen hutsunea ikusteko. Dantza mailan ere nondik heldu eta zer bai eta zer ez... Esperientzia aberasgarria izan zen. 

Nerabezaro garai baten modukoa... 
Erabat. Arro sentitzen naiz, egindako guztiaz ikasi dugulako.

Kukairekin urrats bat gehiago eman nahi izan zenuen, nerabezaro hori atzean utzi eta helduaroari ekiteko?
Bai, proiektu pertsonalago bat izan zen, nahiz eta pertsonalagoa esaten dudanean talde moduan ari naizen, ez baitzait pertsonifikatzea gustatzen. Baina ordurarte egindako guztiaren artetik bide bat hartu eta hortik aurrera jotzeko erabakia hartu genuen. Oso saiakera moduan izan zen... Ordurarte nire ikasle izandako lau dantzari oso onak bildu eta zertxobait egitea proposatzea izan zen lehenengo urratsa. Ikuskizun txiki bat egitea proposatu nien, gero bigarren bat egin genuen, gauza txikiak ziren. Bidean Mireia Gabilondo eta Tanttaka Teatro gurutzatu ziren, Mireiak dantzarekiko sentsibilitate berezi bat dauka eta nik zerbait berria egiteko gogoz nenbilen. Gure bizitzak une horretan gurutzatu ziren eta hortik iritsi zen gure lehenengo ikuskizuna, 1937, eta horrekin beste mundu batera igaro ginen.

Eszenatoki berri bat, lan egiteko modu berri bat, eta jendearengana iristeko beste modu bat, ezta? Ze, azken finean, euskal dantzak plazetan ikustera ohituta gaude, ez horrenbeste antzoki dotore bateko eszenatoki gainean eta modu horretan...
Bai. Antzokirako programatzaile eta inguruko banatzaileen artean, hasiera, izugarrizko azalpenak eman behar izaten genituen: euskal dantza tradizionaletik abiatu-
tako ikuskizuna, aldi berean antzerki talde batekin elkarlanean, eszena zuzendari batekin... Gaur egun, garbi dago zer egiten dugun, baina prozesu bat egon zen. Tanttakari esker, bete betean sartu ginen mundu horretan eta hor jarraitzen dugu, zorionez. 

Sumatzen dut ez zenuela espero Kukai proiektuak horrenbesteko dimentsioa hartuko zuenik honetan hasi zinenean... Hala da?

Beno, nire utopietan horrelako zerbait nahi nuela irudikatzen nuen. Hasieran ez hain argi, baina nire baitan bai pentsatzen nuen euskal dantzetatik abiatuko zen konpainia profesional bat sortzea. Baina utopia gisan. Gerora zer izango zen, azkenean prozesu naturala izan da, pixkanaka bidea egiten joan gara. Uste dut egun bagarela konpainia sendo bat. Inflexio puntu garrantzitsu bat guretzat 2008 urtea izan zen, tartekako emanaldiak egitetik egunero lan egitera pasatu ginelako. Oso garrantzitsua izan zen lan taldea finkatzeko, proiektuari beste sendotasun batekin heltzeko... Birsortze bat izan zen.

Dantzaren lengoaia edo hizkuntza zaila suertatzen da askotan ikusleriari, ezta? Zergatik gertatzen da?
Bai, klixe eta beldur ugari dago horren inguruan... Baina pixkanaka hobera goaz. Guk asko sumatzen dugu kaleko ikuskizunekin, jende askok lehenengo aldiz ikusten zaituelako eta gustatzen zaielako. Sentsibilizazio lana garrantzitsua da eta oraindik bada egiteko asko.

Dantzariaren irudia pertsona sakrifikatua rena izan ohi da, entsegu ordu asko, sufrimendu asko... Egia ala mitoa?
Nik beti normalizatu egin nahi izaten dut dantzariaren irudi hori. Egia da konpainia klasiko handietako errealitatea hori dela, ez dut ukatuko... Baina gure kasuan, eta
ezagutzen gaituenak esango du, oso jende normala gara, oso. Normaltasuna aldarrikatzea gustatzen zait, dantzaren etorkizuna normaltasunaren bidetik etorriko dela uste dudalako. Jendeak dantzaria pertsona normala bezala ikustea. Gure lanbidea lanbide normal bat da, igeltsero edo kazetariarena bezala, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan, noski. Egia da dantzariaren inguruan mitologia asko dagoela.

Giro goxoa ikusten da zuen artean, senitartekoa ia, ezta? Anaia ere taldekide duzu...
Urte asko dira elkarrekin gaudela, eta ez konpainian bakarrik. Lau mutilak, Alain, Urko, Ibon eta Eneko, elkarrekin daude hiru urte dituztenetik. Ikastolan gela
berean zeuden, dantzan elkarrekin hasi ziren, Ereintzan denak elkarrekin jardundakoak gara... Kukaien hamahiru urte dira elkarrekin daudela baina harremana lehenagotik hasten da, ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, furgonetan, bidaian, hoteletan... Bakoitzak bere bidea dauka hemendik kanpo baina hau daukagu komunean.

Zer eskaini dizu dantzak zure bizitzan?
Bizitzeko modu bat. Nik, berez, kazetaritza ikasi nuen eta horretan hasi nintzen. Baina gero, afizio zena ofizio bilakatu zen, ia kontziente izan gabe. Ordutik, bizitzeko
modu bat izan da niretzat. Nire neska-laguna ere dantzaren alorrean ezagutu dut... Txikitatik modu naturalean egon naiz esparru horretan sartuta, gustura eta eroso sentitu naiz eta nire bizitzako etapa ezberdinak horren bueltan egin ditut. Etorkizunari begira ere, Kukai sendotuago batean ikusi nahiko nuke neure burua,
koreografo bezala behintzat.

2014-07-19_On-aldizkaria-Jon-Maya-elkarrizketa-02
HURBILETIK

Izen-abizenakJon Maya Sein.
Jaioterria eta jaiotze dataErrenteria, 1977.
Ibilbidea: Jon Maya sei urte zituela hasi zen dantzatzen, bere sorterriko Ereintza Dantza Taldean, gurasoen erabakiz eta bere anaia Alainekin batera. Bertan, egun bere lagunak izaten jarraitzen duten jendea ezagutzeaz aparte, euskal dantza tradizionalaren oinarri guztia jasoko zuen. 1997 eta 2005 urteen artean zazpi aldiz irabazi zuen Mayak Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Garai hartan Ereintza taldean irakasle bezala ere jarduten zuen. Bere ikasleetako batzuekin batera Laxok taldea sortu zuen 1999an, gerora Kukai Dantza Konpainiaren oinarriak izango zirenetan murgilduz eta dantza tradizionala urrats bat aurrerago eramateko lehenengo saiakerak eginez. 2002an sortu zuen Kukai, taldeko koreografo eta dantzarian bilakatuz. Dantza tradizionaletik abiatu eta dantza garaikideko hainbat sorkuntza plazaratu ditu ordutik, Euskal Herri mailan nahiz nazioartean arrakasta lortuz. Dantzaren sentsibilizazioaren arloan ere jarduten du Mayak egun.

Dokumentuaren akzioak