Dokumentuaren akzioak
Herriaren sinbolo nagusia
Durangaldeko banderen ganeko liburua. Gerediaga alkarteak liburua kaleratu dau Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzeagaz; Aldundiaren babesa be euki dabe
Mañariako herriko banderea da zaharrena 1802an egindakoa; «izan leiteke, ganera, Bizkaiko zaharrenetarikoa be izatea», azaldu dau Gerediagako kide Jon Irazabalek. Halandaze, 200. urteurrena beteko dau aurton. Data hori modu berezian gogoratuko dabe, ganera, Mañarian. Izan be, XXX. Ezpatadantzari Egunerako eratutako ekitaldien barruan, domekan, berreskuratutako bandera barria aurkeztuko dabe. Meza nagusia izango dabe 11:00etan, eta ostean, bandera barria bedeinkatuko dabe elizako atarian. Gero, elizatik pelotalekura artean kalejirea egingo dabe dantzariek. Eta, Dantzari Dantzea eskainiko dabe. Mañariako dantzariak izandakoak omentzeko be aprobetxauko dabe; eta, hainbat taldetako dantzariek Soka Dantzea eskainiko dabe. Lagun arteko bazkariagaz amaituko dabe eguna.
Evaristo Bustinza, Kirikiño, zanaren eskulturea be Vicente Larreak egindakoa emongo deutso Gerediagak Mañaria herriari. «Kirikiño omendu gura izan genduan 1966an Gerediagakook eta Euskaltzaindiak. Eta herriari emon gura geuntsan eskulturea. Baina, hainbat oztopo izan genduzan; eta orduango Udalak ez eban onartu. Orain, 90 urte dira Kirikiño zendu zana, herriaren esku lagako dogu eskulturea», esan dau Irazabalek. Horretarako agiria sinatuko dabe frontoian.
Gudarako «oinarrizko tresna» zan herriko banderea
Ekitaldioi lotuta argitarau dabe liburuxkea be. Irazabalen ustean, herri guztiek eukien euren banderea. «Bizkaian herri bakotxa beti egoten zan gertu, edozein momentuan gerrara joateko. Bakotxak gerrarako hornidurea izan behar eban: fusilak eta preminazko herramintak; tanborrea eta desfilatzeko erabilten eben xirulea; eta banderea. Herriek beren bataloia eukien eta bakotxak bere banderea, gerrarako oinarrizko instrumentua». Dana dala, XIX. mendean, Espainiako banderea erabilten hasi ziran; eta egitura militarra be aldatu zan, «eta herriko banderek euren funtzinoa galdu eben».
Herriko banderak baztertu egin ziran: «Usteldu eta estropeau egin ziran. Durangaldean baina, efektu polita izan eban. Dantzari Dantzea mantendu daben herrietan, funtzino bat mantendu dau herriko bandereak, eta iraun egin dau», esan dau Irazabalek. Horixe gertau jako Mañariko bandereari be. «Baina, 1986an, botateko egoan banderea berreskuratu egin zan. Hori ikertu eta barria egin eben 1987an, dantzariek erabilten dabena. Ikerketa hareetan oinarrituta orain beste bat egin dabe Udalak erakunde lez erabilteko».
Garaik 1886ko banderea gordetan dau eta Iurretak 1911koa. Berrizek gerra garaian galdu eban XVIII. mendeko banderea; eta Izurtzak, be bai. Abadiñori, barriz, 1975ean ostu egin eutsien 1896ko banderea. Kaleratutako liburuak, Durango Uriari buruz dagozan «datu apurrak» be batu dauz. «Merindadeak be euki eban banderea, XVII. mendekoa, datu batzuen arabera». Horrexek batu ditu liburuak, besteak beste. Irabazabelen berbetan, «Zaldibarrek be badauka 1977ko banderea, baina jatorri historikoak ez doguz ezagutzen eta ez dogu sartu». Baina, Irabazabalek azaldu dau , «ikerketa sakonagoa» egitea merezi dauela.
Dokumentuaren akzioak